« Egunerokoaren atzean | Estilo-ariketa »
Basamortua / J.M.G. Le Clezio (Luis Berrizbeitia) / Elkar, 2009
Zein da basamortuago? Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2010-05-23
Jean-Marie Gustave Le Cleziok (Niza, 1940), “nouveau roman” korronte frantsesaren ildotik ekin zion ibilbide literarioari. Mugimendu esperimentalistaren garaia besarkatzen duten hasierako eleberriek, hiriko garapen teknologikoak irensten hasia zuen gizaki garaikidearekiko kezka helarazten dute. Baina 1969. urtetik aurrera, bestelako bizimodu, kultura eta espazioetara ihes egin nahiak, aire berriak ekarri zizkion haren obrari.
Idazleak, mundu desberdinen arteko talka kulturalak aurkeztu ditu Basamortua izeneko lanean. Luis Berrizbeitia idazle, poeta eta itzultzaileak Jokin Zaitegi Itzulpen Saria eskuratu zuen 2008ko Nobel Saridunaren eleberria euskaratzeagatik.
Bere obran nagusitzen diren konstanteak topatzen ditugu Basamortuan: haurren protagonismoa eta espazio puruagoen bilaketa. Haurrak, eguzkiaren sartu-irtenak edota animaliak bezala, naturaren sinbologiaren osagai dira; zibilizazioak kutsatu gabeko izaki aratzak. Era berean, basamortua zorionaren eremuan kokatzen da. Gizakiak naturarekin bat egiteko espazio idiliko baten antzera deskribatzen zaigu (“Egunak beti berdinak dira hemen, Cité-an, batzuetan ez baitakizu zein egunetan bizi zaren ere”, 108. orrialdean). Baina utopiaren planteamenduetan jausteko arriskua duen mistizismoaren xinpletasuna gaindituz, txanpon bera osatzen duten bi aurpegiak erakusten zaizkigu: naturaren indarrak ederrak eta bitalak izanik ere, batzuetan gordinak eta bortitzak dira (“Cité honek daukan gauza bitxia da mundu guztia dela oso pobrea eta halere inor ez dela kexatzen sekula”, 84. orrialdean).
Ipar Afrikan, basamortuko bazter zehaztugabe batean, Marokoko konkista garaian frantsesen aurka borrokatu zuten gerlari urdinen leinuko neskato bat bizi da. Lallak, Hartani artzainarekin, zerumuga hautseztatuari so, suaren inguruan Aammak kontatzen dizkion istorioak adituz, igarotzen ditu egunak. Baina, “Uda hasierako goiz batean sartu zen gizona Aammaren etxera” (185. orrialdean), eta momentu hartatik aurrera ekingo dio Lallak Europarako bideari.
Bidaiak, descensus ad inferos motiboaren berri ematen du: kanpoko espazioaren deskripzioa, Lallaren barne munduaren ispilu bilakatzen da. Marseilla “bada hustasunaren beldurra, gabeziarena, gosearena…” (267. orrialdean), basamortua eta herrialde kolonizatzailearen eredua. Idazleak, ustezko herrialde zibilizatu eta aurreratuan, ikusezin bilakatzen den esklaboen arteko bizitzaren koadroa eskaintzen du, garapenaren arraildura ezkutuez hausnartu dezagun. Izan ere askotan, formak eta edukiak ez datoz bat.
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez