kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ikusezin / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2009

Estilo-ariketa Ander Arana / Diario de Noticias, 2010-05-26

Karlos del Olmok Gizona ilunpean eleberriari buruz egin zuen kritikan ondo zioenez, Austerren zaletu eta kritikari asko itxaropentsu bezain pozik egoten dira haren idazlan berri bat iragartzen duten bakoitzean, baina, halako batzuen iritziz idazlea (ezen ez zinegilea) apur bat maldan behera hasita dago. Ikusezin honetan, ordea, bere mamu guztiak dantzan jarrita, brooklyndarrak joerari buelta eman dio eta bere eleberririk borobilenetako bat eskaini digu. Igartzen zaio egileari helduaro bete-betean dagoela eta, hamahiru eleberri idatziagatik, oraindik ere gai dela ia urtero labetik ale bat ateratzeko eta bere jarraitzaileak gogobetetzeko.

“Beldurrak bultzatzen gaitu arriskuak hartzera eta gure muga ohikoez harantzago joatera, eta zaila da oinarri seguruekin ari dela uste duen idazleak baliozko gauzarik sortzea”, diotso eleberriaren pasarte batean Freeman (Auster?) maisuak laguntza eske joan zaion Walker gaixoari. Emaitza ikusita, merezi izan dio, bai, arriskuak hartzeak, hartara lortu baitu idazle postmodernoaren gidaliburu izan daitekeen aramu sare hau ehotzea. Kontatzen duen istorioak hasiera-hasieratik harrapatzen zaitu: literatur ikasle batek bikote frantziar bat ezagutu du festa batean, eta New Yorketik Parisa eramango gaituen thriller erotiko bat biziko dute hortik aurrera. Nire ustez, baina, horrek baino indar handiagoa du eta horren gainetik dago irakurlea aramu sarean harrapatzeko Austerrek darabilen teknika.

Liburuak lau zati ditu, eta zati bakoitzak narratzaile bat du. Lehendabizikoan, Adam Walker gazteak lehenengo pertsonan kontatzen du nola ezagutu zituen Rudolf eta Margot, eta, heriotza bat tarteko, nola bukatu zen, ustez, haien artekoa. Bigarrenean, ikuspuntua aldatu egiten da, Austerren iritziz bigarren pertsona baita “beldurrik handiena ematen duena, istorioari buelta ematen laguntzen duelako. Walkerri bere buruarengandik urruntzeko balio dio, eta irakurleari, berriz, narratzailearen larruan jartzeko”. Bestela ezinezkoa izango zen bigarren zati horretako intzestua modu hain natural eta sinesgarrian kontatzea. Hirugarren zatian, berriz, Freemanek berridatzi egin behar ditu Walkerrek hil aurretik bidali zizkion oharrak. Eta laugarrenean, azkenik, protagonistarekin gaztetan maitemindutako neska baten egunerokoari esker jakingo dugu eleberri honetan dena dela mozorro, izen bakoitzaren atzean beste bat dagoela ikusezin, eta guztiaren atzean, ikusezin bera ere, Auster magoa dagoela. Zer da, bada, egia eta zer gezurra Adam Walkerren kontakizunean? Dena da egia, edo dena gezurra, baldin eta bere arreba Gwyni sinesten badiogu.

Austerren emazte Siri Husvedt idazleak adierazi zuenez, liburua irakurri zuenean pentsatu zuen haien arteko harremanari buruzkoa zela bertan kontatzen dena, “hain baita estua eta sendoa urteotan eraiki dugun lokarri emozional, intelektual eta fisikoa”. Eta ez da burugabekeria hori pentsatzea; izan ere, Adam Walker protagonistaren antzera, Austerrek ere Columbiako Unibertsitatean ikasi zuen 1967an, Austerrek ere berebiziko ahalegina egin zuen hainbeste maite zituen olerkari frantziarrak itzultzen, Austerri ere hil zitzaion hurko bat umetan, Auster ere bizi izan zen Parisko hotel zikin batean…

Woody Allenek eta Philip Rothek bezala urtero-urtero lan bat argitaratu beharrak (Ikusezin argitaratu denerako bukatua du hurrengo eleberria, Sunset Park) gainbehera ikusezin batera zeramala konturatu orduko eman dio buelta Austerrek egoerari, Oskar Aranaren itzulpenari esker euskal irakurleak ondo asko frogatu ahalko duenez. Honekin lau eleberri itzuli dizkio aramaioarrak euskarara, Brooklyngo erokeriak (2006) eleberritik hasita gaur arteko guztiak hain zuzen ere, Austerren euskal ahotsa bihurtzeraino; hortaz, Austerrek urtean eleberri bat idazteko ohiturari eusten badio, Oskarrek ez du, ez, aspertzeko betarik izango.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak