kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Katu jendea / Eider Rodriguez / Elkar, 2010

Zu ere katu Iker Zaldua / Gara, 2010-05-28

Jarri hiri handi bateko plaza ezkutu batean (edo ageriko batean, berdin zait) eman minutuak, orduak jendeari beha, zelatan. Denetik ikus dezakegu, istorio mardul nahiz ederrak bisaian zintzilik. Zenbaitetan, ordea, zurezko aulkitxoan eserita gaudela ikusten ditugun jendeei guk asmatzen diegu istorioa, gure erara asmatzen. Gure miran kokatu den hark duen itxuraren, aldartearen, umorearen edo janzkeraren arabera; baina ez ahantzi gu ere plaza horretan beha gaudelarik mira izan gaitezkeela inorentzat, eta inor horrek luma abileziaz erabiltzen badu, gure istorio hipotetikoa nonbait irakurri ahal izango dugu.

Horixe da, gutxi gorabehera, Eider Rodriguezek liburu honekin eskaintzen diguna, zurezko aulkitxoa eta jendea. Hortik aurrera datoz istorioak eta ziur bat baino gehiago (guztiok, esango nuke) katu jende zaretenaz ohartuko zaretela.

Liburuan zazpi istorio kontatzen zaizkigu, edo hobe esate aldera, zazpi izenburu; izan ere, izenburu bakoizak hainbat pertsona barreiatzen ditu ezkutuko edo ageriko (nahiago ezkutuan) plazatik, eta nik uste, bakoitzak bere istorioa duela, nahiz eta abenturan lagun edo kideak izan bidelagun.

Ez dut gehiegi sakonduko izenburuen atzeko-oihalean gordetzen diren istorioetan, uste dut horiek liburuan bertan biluzten joatea egokiagoa dela eta Eiderrek berak ere eskertuko du muturra behar ez dudan lekuan sartzeke uztea. Dena den, zuzena iruditzen zait askotariko kontakizunak direla azpimarratzea, jende mota ugari txertatzen dituztenak. Gizon-emakume heldu batzuk ikus ditzakegu lehenik, ama “berri” bat hurrengoan eta haur saharar baten etorrerrak harengan eta ingurukoengan sortzen duen zalaparta edo aldaketa ere kontagai da.

Liburua laburra suertatzen da, batetik hala delako eta, bestetik, lerroarteak garraiatu egiten gaituelako azken geltokira arte, azken puntua zapaldu arte. Uste dut zehaztasunez idatzia dagoela, deskribapen luze eta nahasgarrietan korapilatu gabe, erritmoa bizi, gogoetez betetako paragrafoak baino gehiago gogoeta eragiten duten esaldiz zipriztindua, zuzen, egoki, labur, labur geratzearen beldurrik gabe, alferrikako luzamendurik gabe.

Edertasunak eta botereak bere lekua omen dute orrialdetan barrena, hala esana du Eiderrek berak katu jendeaz mintzo. Baliteke, bi motibo horiek istorioak elkarlotzeko zubilana egitea. Hala ere, errutina ere aipatuko nuke nik, hiru izenburuen atzean gutxienez argi eta garbi ageri baitzait hitz hori dirdira betean. Errutina, edo hura apurtzeko desira, hura apurtzearen ondorioak, errutina finean, ez dakit Eider bat etorriko den.

Errutina era askotara apur baitaiteke, berariaz edo nahigabe, liburu hau irakurtzea, une jakin batean errutina apurtzea izan daiteke, eta uste dut ez zaizuela damutuko, segi orrien segidari eta esango didazue arrazoi dudan ala ez, eta esango didazue katu jende zareten ala ez.

Hirugarren liburua du Eider Rodriguzek, Eta handik gutxira gaur (2004) eta Haragia (2007) dira honen aurrekariak, ipuin-liburuak horiek ere. Esku artean duguna Elkarrek paratu du gure begien bistan.

Igartza Saria jaso zuen Eiderren hirugarren lan honek, sari horren hamaikagarren urtebetetzean. Aurretik Julen Gabiria, Unai Elorriaga, Fernando Morillo, Karmele Jaio edo Katixa Agirre agertzen zaizkigu, besteak beste, sariketa horretako ohorezko oholtzan izkiriaturik, badu indarra beraz.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak