« Hiria pertsonifikatua | Bizi-kontuak aletuta »
Arimen maisua / Irene Nemirovski (Mikel Garmendia) / Alberdania, 2009
Arimen osalaria Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-12-28
Gutxitan gertatzen da eskuizkribu batek editore bat irazekitzea, zenbateraino eta liburua behingo-behingoan argitaratzea erabakitzeraino. Halaxe jazo zen 1929an Parisen Bernard Grasset argitaratzaileak David Golder eleberria bidalketa anonimo batez jaso zuenean. Grassetek iragarki bat plazaratu zuen, egile misteriotsuari bere burua agertzeko deia egiten ziona. Egun batzuen buruan, han agertu zen Irene Nemirovsky gazte bat, bera idazkiaren egilea zela aldarrika. Hogeita sei urte zituen orduan idazleak, eta hamar urte arinagotik besterik ez zen Frantzian bizi, Urriko Iraultzaren ondorioz alde egindako familiak ekarrita. Guraso mundano batzuen artapenik ezaren ondorioz, literaturan aurkitu zuen babeslekua eta, hala, hamalau urterekin idazteari lotu zitzaion. Naziek Frantzia okupatu zutenean, Irene eta senarra —bera ere jaiotzez errusiarra— euren lanbideetan jarduteko ezgaitu zituzten, atzerritarrak eta juduak izatearren. Katolizismora konbertitua bazen ere, 1942an Auschwitzera deportatu eta han hil zuten idazlea, 39 urte zituela.
Gurasook alabak salbu utzi zituzten eta horri esker apurka-apurka joan dira argitaratuz beste lan batzuk idazlea hil ostean ere. Arrakasta handia lortu dute haren lanek, eta horren frogagarri, 2004an Suite Frantziarra lanak Renaudot saria eskuratu izana.
Mikel Garmendiak euskaratuta heldu zaigun Arimen maisua lana duela gutxi heldu zen plazara lehen biderrez Frantzian, eta berantze horren ondorioz, eleberriari hasi bidez zeroan Les échelles du Levant izenburua aldatu behar izan diote, liburu moduan arinago Amin Maalouf-en lan izenkidea plazaratu zutelako, nahiz eta Irenerena 1939an Gringoire aldizkarian atalka argitaratuta zegoen. Zergatik Sortaldeko eskalak? Emigranteak Frantziara joaten zirelako Krimean eta Levanteko beste portu batzuetan eskala egiten zuten itsasontzietan. Txatalka kaleratu izanak argi egiten du eleberriak duen egitura berezian, foiletoi frantses klasikoen itxura ageri-agerikoan. Kapitulu bakoitzak trama zati bat garatzen du, beregaina balitz bezala. Oso trebe darabiltza efektismo halako bat, elipsi baliabideak eta kontaera gailurrak. Bestalde, zenbait pasartetako elkarrizketa indartsuek zuzenean dakarte gomutara antzerkia.
Eleberria erraz identifikatzen da Balzacen edo Zolaren eleberrien ildoko idazlanekin; dena dela, ez du ezertatik ere falta Dostoievskiren edo Txekhoven ukitu eslaviarra, batez ere garai hartan literatur errusiarrean halako boladan zeuden gaien tratamenduari gagozkiola: honako honetan, gizarte harreragilean ondo hartua ez den mediku emigrante batek aberasbidea jadesteko zailtasunak direla-eta dirua lortzearren edozer egiteko prest egotearen ondorioz hartutako erabakiek harengan eta emazte judu urre-bihotzarengan eta semearengan dituzten ondorio lazgarriak. Baina eleberriari darion usain dezimononikoa gorabehera, tramak, azkenean, irakurlea bestela baitakoan amarratzen du. Arazo gehienen erroa dirurik ezean dagoela pentsatzen duen aita adinean aurreratua bihurturiko noizbaiteko gazte idealistak bera gaitzesten duen seme idealistari buruz duen iritziak ezin hobeto laburtzen du protagonistaren filosofia: “(Semea) Itzuliko da —iragarri zuen Dariok—. Herentziarengatik”.
Eleberriak, dena dela, bestelako osagairik ere badu, roman à clé den neurrian, pertsonaia ludopataren gaineko kontakizuna Ireneren editorearen inguruan haren familiak eta akziodunek hura legez ezgaitzeko eratutako amaraunaren irudia da.
Noiz idatzia den ikusita, batek baino gehiagok pentsa lezake horrelako nobela bat gaur egun zaharkin hutsa dela, egilearen inguruan eraturiko legendatik plazaratu duela euskal editoreak ere. Baina, birritan pentsatuz gero, emigranteekin munduan zer gertatzen ari den ikusirik, ezinago egoki dator argitalpen hau: protagonista meteco bat da (atzerritarra, apatrida, judua…) Frantzian. Bestalde, Asfar deiturak arabieraz bidaiaria esan gura du, eta, hori gutxi balitz, Ahasverus zuen lonbrea Judu Herratuak.
Euskal itzulpengintzan eskarmentu handi-handikoa den Mikel Garmendiak paraturiko itzulpenari dagokionez, itzulpengintzaren itxurazko ezinezkotasuna beste behin arrakastaz gainditu duela nabarmendu behar. Txikikeria moduan gaineratu behar genuke egilearen deiturako tiletarekin solapan gertaturiko dantza, baina tantatxo ñimiño bat baino ez da goitasun zabaleko lan honetan.
Beste ama hizkuntza bat duten idazleen kausa aldarrikatzeko bide ezinago egokia dugu Ireneren kasua, arrakasta errusieraz barik, frantsesez lortu duelako. Protagonistari esanarazten dion moduan, “zuen kultura nahi nuen nik, zuen morala, zuen bertuteak, ni baino nobleagoa den guztiori, nitaz bestelakoa (…)”. Gure kulturgintzan zer argitaratzen den ikusita, geure buruari egin geniezaioke galde ea euskal argitaratzaileak Nemirovsky plazaratzen ausartu zen editorea bezain azarriak ote diren, euskaratzen diren lanen pareko jatorrizko idazkirik publikatzera azartuko liratekeen, batez ere dena delako idazle anonimo horrek euskara bigarren kultur hizkuntzatzat izanez gero. Azken buruan, “Inork ezin dio ihes egin patuari”.
Lakioa
Josu Goikoetxea
Irati Majuelo
Poesia guztia
Safo
Aritz Galarraga
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Maddi Galdos Areta
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Hasier Rekondo
Akabo
Laura Mintegi
Jon Jimenez
Akabo
Laura Mintegi
Asier Urkiza
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya
Nagore Fernandez
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria
Jon Martin-Etxebeste
Hitzetik ortzira
Ana Urkiza
Mikel Asurmendi
Askatasun haizea
Javier Buces
Irati Majuelo
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ibon Egaña
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Aiora Sampedro
Meditazioak
John Donne
Mikel Asurmendi