« Arimen osalaria | Bidaiak »
Zenbaki lehenen bakardadea / Paolo Giordano (Koldo Biguri) / Alberdania, 2009
Bizi-kontuak aletuta Inma Errea / Diario de Noticias, 2009-12-29
Paolo Giordano (Torino, 1982) fisikariak —ikasle bikaina izandakoak eta goi mailako ikertzaileak— 26 urte baino ez zuen 2008an La solitudine dei numeri primi lehen eleberria argitaratu zuenean. Urte horretan bertan, sari ugari eta garrantzitsuak irabazi zituen —besteak beste, Strega saria, Italiako garrantzitsuena— eta nobelaren milioi bat ale baino gehiago saldu zituen Italian.
Hori dena harrigarria izaki, are harrigarriagoak dira liburua idazteko era —idazteko grinak bultzatuta egindako bi ikastarotan ezagututako Raffaella Lops literatur agentearen gidaritzapean— eta, batez ere, istorioa bera eta hura kontatzeko manera.
Nobelak haurtzaro traumatikoak pairatutako Alice eta Mattia gazteen bizi-ibilbide elkarri lotuak kontatzen ditu, jauzika, nerabezaroan elkar ezagutu eta berehala harreman estu bezain bereziari heltzen diotenetik helduak izan arte. Giordanok Mattiari egotzitako ideia batean laburbiltzen du liburuaren mamia: Alice eta Mattia matematikan zenbaki lehenak nola, hala bizi dira, zenbaki lehenen artean bikiak deitutakoen antzera. Horiek bezala, elkarrengandik hurbil daude, elkarren artean tarte laburra dutelarik —zenbaki bikoiti bat besterik ez—, baina ezin dute bat egin: haien kokaguneak elkarrekin lotzen ditu eta, aldi berean, zein bere egoerak bestearengandik bereizita daude.
Aliceren eta Mattiaren bizitzak eta haien arteko harremana kontatzearekin batera, Giordanok egungo gizarteko kontu mingarriak eta sarri erdi isilpean pasatzen direnak dakarzkigu begien bistara: gaur egungo nerabetasunaren zailtasunak —hainbat joera suntsigarri barne, hala nola anorexia eta nork bere burua zauritzeko jokaera—, bakardadea eta giza isolamendua —familian eta oro har gizartean—, elkar komunikatzeko oztopoak, gurasoen jarrerak edota haurtzaroko bizipenen erabakigarritasuna. Giordanok aitortu du bizitzan gertatu zaizkion gauza inportanteenak haur zenean gertatu zitzaizkiola. Eta erantsi du bere nobelak familia burges aberatsetan hedatutako jarrerak islatzen dituela, non gurasoek baliabide material ugariez hornitzen baitituzte seme-alabak aldi berean beren gisa moldatzen uzten dituztelarik, erabateko bakardadean.
Giordanok idazkera idorra baina arina erabiltzen du, nobelan zehar etengabe elkartzen eta banantzen diren bi protagonisten istorioak kontatzeko, eta zehaztasun ia matematikoz aztertzen ditu pertsonaien sentipenak eta ezintasunak. Maite du alderdi psikologikoak aztertzea eta, idazleak berak aitortu bezala, “gu izutzeko eta lotsarazteko gauza diren egoera eta sentimendu ezkutu eta debekatuak” azalaraztea ere.
Horren guztiaren emaitza kontaera gazi-gozoa dugu, zeinak modu harrigarrian ikusarazten dizkigun, argi berri baten pean nolabait, giza harremanen asimetriak eta pertsonen baitako kontu erabat ebatzi gabeak.
Nobelak Italian lortu duen arrakasta beste herrialde askotan errepikatu da, hizkuntza nagusietara egindako itzulpenen bidez. Euskaraz hura irakurtzen gozatu ahal izatea Koldo Bigurik egindako itzulpenari zor diogu.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria