« Haurtzaroa Kabulen | Bizitza homeopatikoak »
Sumendiaren azpian / Malcolm Lowry (Karlos del Olmo) / Alberdania-Elkar, 2008
Sumendi ahoko mundu hau Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-11-02
Berrogeita zortzi urterekin hil zen Malcolm Lowry, 1957.ean, alkoholak sortu zion azkeneko krisialdian. Korda luzeko kontua zen etilismoarena idazle “madarikatu” honengan. Izan ere, oraindik 26 urte zituela, Alkoholiko Anonimoak (AA) elkarte ospetsua jaio zen urte berean, psikiatriko batean sartu behar izan zuen alkohol zaletasunak eragindako krisi larri bat garaitze aldera. Ezin imajinatu Malcolm Lowry AA elkarteko kide gisa: ez bakarrik anonimotasuna gainditua zelako bere lehenbiziko eleberriarekin (Ultramarine), ez eta oraindik ziur aski ezagutu ez izanagatik elkarte jaioberri haren existentzia ere, baizik eta, horrelako konpainia noblean sartu izan balitz, nekez utzi izan zigukeelako Sumendiaren azpian bezalako eleberritzarra, erran nahi baita, hau bezalako maisulan itzel, luze, konplexu eta haluzinagarria, alkohol menpeko egilearen esperientziak, zorionak, esperantzak, ezbeharrak, ametsak, frustrazioak, konplexuak, ausarkeriak, haluzinazioak, bai eta profeziak-edo ere, lehengai. Alkohol menpekotasunak eta haren gaineko kontzientziak gidatu baitzituzten eleberri handi honen norabidea, egitura eta baliabide literarioak. Halako moldez non, hau ez ezik, honen garapena izan behar zuten bertze bi eleberri ere prometatu zizkion bere argitaratzaileari, trilogia bat osatzeraino, baina etanolean itota gelditu ziren asmoak, eta gu irakurleok umezurtz. Alkoholak gailur literario batera eraman eta heriotzaren amildegira ere bota zuen idazlea.
1937.ean bukatu zuen Sumendiaren azpian-en lehen bertsioa, baina zortzi urte luzetan ibili zen atal ezberdinak berridazten, demonio etilikoek uzten zizkioten tarte argietan, harik eta 1945.ean bere agente literarioari azken bertsioa igorri zion arte, eta 1947.ean argitaratu.
Idazle “madarikatua” erran dut gorago, eta iruzkin honen irakurleak ulertu du jada zergatik; argiago ikusiko ere, eleberria irakurtzen badu: 500 orrialde paseak euskarazko bertsioan (meritu itzel handia Karlos del Olmorena), egun bakar bateko ibilaldia kontakizun (Joycerenekoa bezain luze-laburra), Mexikoko Quauhnahuac hirian eta Defuntuen Egunean zehazki (hau kasualitatea, gure igande honetan bezala, hain zuzen ere!), Geofrey Firmin protagonistaren bestondo batekoa, alkoholaren egarriak jota; haren ondoan, Yvonne emaztea, urtebete duela Geoffreyrengandik aldendua baina egun honetan esperantzatsu itzulia, harremanak birlotu eta Danteren Beatriceren lan salbatzailea burutze aldera; haren ondoan ere Hugh, Geofreyren anaiordea, bere amets iraultzaileen hutsaren hurrengoak mindurik (Francoren aurrean, gerran, huts egin izanagatik frustratua); triangelu patetiko bat, bi gizonen buruetan bederen.
Hiruen iragana eta eguneko ibilerak aurkeztu dizkigu egileak teknika konplexu eta artezki landuriko hizkera hibrido batean, mexikar festa berezi horretako ikuskizunen erdian, Popocatepetl sumendi erraldoiak mehatxatu eta zelataturiko hiriko paisaian, sinbolismoez beteriko deskripzioen artean, erreferentzia literario eta artistiko aberats eta esanguratsuak tartean, Geofreyren delirium tremens-ek printzaturiko antzeztoki fantasmagoriko baten zurrunbiloan. Dante du erreferentzia literario nagusia, sumendiaren azpiko paradisu batean infernuzko dramaren (alkoholiko baten kontzientzia mindu eta axolagabea aldi berean) eta tragediaren (narrazioaren norabidea), bien ala bien gida, itotzear begitanduriko gure munduaren isla.
Lana eskatzen du sumendiaren eskaladak, baina orriz orri behin eta berriz igotzeko gogoa piztuko zaio irakurle trebeari.
Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Jon Jimenez
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi