« Bizitza | Sumendi ahoko mundu hau »
Kometa ehiztaria / Khaleb Hosseini (Josune Zuzarregi) / Nasa Argitalpenak, 2008
Haurtzaroa Kabulen Javier Rojo / El Correo, 2008-11-01
Khaleb Hosseini azken urte honetan famatua egin den idazlea dugu eta ziur aski ospe honetan zerikusia izango du bere nobelan oinarrituta egin den filmak. Josune Zuzarregik eskaintzen duen euskal bertsioan Kometa ehiztaria du izenburua liburu honek, jatorrizkotik hurbilago dagoena (“The Kite Runner”), gazteleraz erabili den izenburua baino.
Afganistanen , 1965ean, jaiotako idazlea dugu Khaleb Hosseini. Sobietarrak 80ko hamarkadaren hasieran Afganistanen sartu zirenean, Ameriketako Estatu Batuetara joan behar izan zuen errefuxiatu. Nobelaren jatorrizko testua, bestalde, ingelesez idatzita dago. Gaia neurri handi batean autobiografikoa da, protagonista, idazlea bezala, Afganistanen jaiotakoa baita, garai bertsuan gainera, eta herrialdea sobietarren mendean geratu zenean, Estatu Batuetara joan baitzen errefuxiatu. Haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenek osatzen dute nobelaren atal handi bat. Kabulen zuen bizitza kontatzen da atal horretan, alde batetik Hassan izeneko gaztetxoarekin (etxeko zerbitzariaren semearekin) zuen harreman berezian eta, bestetik, aitarekiko erlazio zailean oinarrituta. Bere bizitzako egunik zoragarriena izan behar zena (kometen lehiaketan garaile gertatu zenekoa) bihurtuko da tragediaren momentu epifanikoa, zirt edo zart egin behar izan zuen momentu horretan protagonistak bere buruarekin egingo baitu topo, eta ez zaio gustatuko ikusiko duena. Momentu horrek markatuko du bere existentzia osoa.
Gero, protagonista eta bere aita Estatu Batuetan ikusiko ditugu, bizimodua ateratzen ahaleginean. Kabulen aurrerakoi eta modernitatearen adibide izan zitezkeen pertsonaiak egokitu ezinik aurkituko dira mendebaldean, beraientzat Esatu Batuak lurralde amestua bada ere, beren bizimodutik oso urrun aurkituko baita.
Eta aurreko bizitza oroitzapenen putzuan gordeta zuela zirudienean, garaipenaren eta tragediaren momentu hori berpiztuko zaio protagonistari eta berriro ere Afganistanera bueltatu beharko du iraganeko mamuekin kito egiteko. Istorioa nahiko era sinplean kontatuta dago, erakuspen tekniko nabarmenik gabe, edonork gozatzeko moduan. Hunkigarria da momentu batzuetan, baina oreka zailean mugitzen da istorioa, bestetan sentimentalkeriaren mugan kokatzen baita. Ondo idatziko best-sellerrekin gertatzen den bezala, interesgarria gertatuko zaio literaturan batez ere zirrara bilatzen duen irakurleari.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez