kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Sumendiaren azpian / Malcolm Lowry (Karlos del Olmo) / Alberdania-Elkar, 2008

Zurrut! Edan edo… klik Amaia Alvarez Uria / Argia, 2008-10-26

Lekua-Geoffrey: E. M. Forsterren India edo J. Conraden Kongo bezala ikusiko dugu Lowryren eskutik Mexiko; bertan bizi den kanpotarraren, klase-ertaineko-gizon-zuri-kristau baten begietatik. Baina lan honetan kolonizatzailearen kontzientzia duen protagonistak deskribatuko dizkigu Mexiko eta bere jendea. Geoffrey Firmin Mexikoko britainiar kontsula da. Bere inperioak nolabaiteko erretreta eman dio, hara bidalita arazo gutxi emango dituelakoan.

Lurreko paradisua aurkituko du Geoffreyk Mexikon, baina baita infernua ere. Popocatepetl eta Ixtaccihualt sumendien magalean dagoen lurraldean kokatzen da narrazioa. Kontsulak, bere emazte Ivonnek eta bere anaia Hughek Defuntuen Eguna elkarrekin pasako dute, iluntzean lehenengo biak hilko diren arte. Barne bakarrizketa eta flashbacken laguntzaz ezagutuko ditugu hiru pertsonaien bizitzak, euren poz, beldur, damu eta zamak.

Denbora-Hugh:1938ko azaroaren lehena da eta jaiegunaren hotsek narrazioaren soinu banda osatzen dute. Doluz jantzitako alargunak, jostailuzko eskeleto saltariak eta bonboizko burezurrak agertzen zaizkigu, zeruan hegan dabiltzan putreen, kaleko txakur deslaien eta sumendien begiradapean. Kontsul alkoholikoak aurreko eguneko dantzaldian larregi edan zuen. Hori dela eta, Defuntuen Egunean ajea, delirium tremensa eta mozkorra elkartuko zaizkio Ivonne eta Hughen bisitekin batera.

Garai hartako historiari erreferentzia ugari egiten dizkio Lowryk, batez ere Hugh pertsonaiaren bidez. Kazetaria da Hugh eta Espainiako gerra zibilean Errepublikaren aldeko nazioarteko brigadetan parte hartu ez izanak min handia ematen dio. Ospea lortu nahian gitarrarekin kantu pare bat grabatu zituen gaztetan, baina ez zen aurrera atera eta garai horretako bizipenak gogoratzean antisemitismoa eta Hitler darabiltza hizpide.

Gaia-Ivonne: Granadan elkar ezagutu eta ezkondu ziren Ivonne eta Geoffrey. Azken urtea bananduta pasatu zuten. Ivonne Mexikora bueltatu da, kontsularengana, itxaropen handiarekin. Hawaiikoa da eta oso gazte hasi zen filmetan aktore, bere aita ez zelako gai etxera dirua eramateko. Westernak egiten zituen eta oso amazona ona zen. Gero astronomia ikasi zuen unibertsitatean. Landa eremura joan nahi du kontsularekin etxalde batean bizitzera.

Heriotza da nobelan gehien azaltzen den gaia; horrekin batera bizitza edo maitasuna: Eros eta Thanatos. Kontsula maldan behera doa alkoholaren labirintoan Danteren infernuan murgildu arte: Parianen, sumendien azpiko basoz inguratutako herrian, Farolito taberna dago. Bertan mezkala edaten egongo da kontsula heriotzak harrapatuko duen arte. Ivonneren maitasunak salba dezake, baina azkenean dena okertuko da. Liburuan errepikatzen den esaldietako bat da “maitasunik gabe ezin daitekeela bizi”.

Nahiko motel hasten da liburua, baina erritmoa hartzen joango da. Kapitulu batzuk benetan biziak dira. Behin eta berriz berridatzi zuen Lowryk lan hau eta geruza ugari agertzen zaizkigu irakurketan. Beraz, liburua amaitzean berrirakurtzeko gogoa piztuko zaizu lehen irakurraldian galdutako ñabardurak jaso ahal izateko. Oso deskribapen bereziak egiten ditu, girotze ederrak eta mundu magiko eta eldarniozkoa izugarri ondo helarazten du. Laster etorriko den Defuntuen Eguna girotzeko edota gabonetan irakurtzeko aproposa, etxean denboraz eta giro epelean gozatzeko liburu mardula.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak