kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Labirintoaren orduak / Amaia Iturbide / Erein, 2008

Bidea Iratxe Esnaola / Gara, 2008-10-31

Amaia Iturbideren literatur ibilbideko bosgarren poema bilduma da esku artera dakarkiguna. Eskaileraren bi aldeetan izan zen aurrena, eta, Lore mutuak eta tuaren ezkontzak, azkena, gaztelaniara ere itzulia. Bere lehenagoko lanik ezagutu ez eta, konparazioetara jo behar izan du irakurle honek, itxuran, zera deskubritzeko: egungo poema-egile gazteen estiloaren antzik ez zaiola sumatzen, ez behintzat, lehen begi kolpean eta hizkeran. Hala izanik ere, idatzi da 1960ko eta 1970ko hamarkadetan J.A. Artzek edo Bitoriano Gandiagak markatutako tradiziotik edan duela autoreak, gauza nabarmena, bere saiakera lanei erreparatuz gero. Gauza bera esan izan da, ordea, poetika honen antzik hartzerik ez duten beste askotxoren lanez. Eramango al gaitu datu honek, aldian behin, norbera norberarenean juzgatzeko ariketara.

Bi zatitan banatu da poemaz oparo datorren lana, eta bi iruditu zaizkit bertako estiloak. Indar handienekoak, bertso laburreko konposizioak, beren motzean esakune eta aforismo usaina hartzen dutenak, kopuruan murritzenak. Nabarmen, erretorika errekurtsoz beteriko olerkiak nagusitzen dira, esate batera, gorputz atalen adjetibazioa edo konparazioak lagun dituztela. Ondo taxutuak, errima zaindukoak inoiz, lanari beldurrik ez dieten poemak dira. Batzuetan esanahiak ihes egin dit niri. Poema bat ulergarri ez izateko arrazoi ezberdinak izan daitezke. Batetik, irakurleak poemak txertatuak izan diren tradizio poetikoa eta sinboloen historia ongi ez ezagutzea, eta bestetik, idazleak kriptikoegi jokatzea.

Azken mota horretako arazorik ez da batere sintaxiari lotutakorik, ezaugarri batek kidetzen baldin baditu orrialdeotako lanak, hori sintaxia baita, edo hobe esan, hortik eratorritako erritmoa. Esaldi kopulatiboak eta kausa-ondoriozko lokailuak dira jaun eta jabe. Errekurtso erabilienak, berriz, anaforak, errepikapenak eta paralelismo sintaktikoak. Horri guztiari enumeraziorako joera batu, eta kolpeka datorren erritmo bat sortu du, belarriei on zaiena eta nolabaiteko batasun sentipena ematen diona bildumari.

Bestela, bilduman azaltzen dituen gaiak anitzak eta askotarikoak dira. Gizakiaren alienazioa, bestearen beharra eta norbere isolamenduari, bizia ez den bizi anestesiatua… Deskribapen hutsean geratu gabe, proposamenik ere aurkezten du ohituren atzean gordetzen den benetakotasunera joan nahian, zintzotasunaren aldarri, eufemismo eta publizitate garaian. Interesgarria baita ere, “Ibiltariarenak” izeneko atala, non paisaiari, eta nabarmenki urari eta ibaiari egiten dion oles. Era berean, eskertzekoa da “bidaia” hitzaren berpiztea, hitza berrerabiltzea.

Deigarria egiten da poetei atxiki ohi zaien topiko baten agerpena. Gaua eta olerkaria lotzen ditu usteak, eta halaxe da Iturbideren kasuan. Hari eskainiak dira liburuko poemetatik makina bat. Aparteko lekua da gaua ni poetikoarentzat, gauez errealitatea eta denbora beste zerbait direlako, neurririk gabeak, edo hobe esan, neurri norberekoak. Alegia, niaren edo poetaren denbora da gaua, galde eta galde. Gertatzen da, baina, galdean doana esku hutsik geratzea ere, egindako bidea, besterik gabe. Erantzunak idazketa dira poetarentzat. Ez dio zuzen-zuzen ezer deskubritu irakurleari, baina bidea, berea, egina izan da.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak