kritiken hemeroteka

8.288 kritika

« | »

De Profundis / Oscar Wilde (Aitor Arana) / Txalaparta, 2007

Minaren sakonetik Ion Olano / Gara, 2007-11-03

“Ikusten duzu zure bizitza idatzi beharra dudala zuretzat, eta hori ulertu beharra duzu. Lau urte baino gehiago dira elkar ezagutzen dugula. Denbora horren erdia elkarrekin igaro dugu; beste erdia presondegian eman behar izan dut gure adiskidetasunaren ondorioz”. Aitor dut: Wildek erraz utzi dit estreinakoa. Irakurri ondoren besarkatzeko moduko liburua baita De Profundis. Has nadin, bide batez, Aitor Arana itzultzailearen lana txalotuz, Oscar Wilderen (1854-1900) hitzen dotoreria eta atsegin bizia euskarara ederki ekartzeagatik.

Sarrerako “zu” Lord Alfred Douglas (1870-1945) zen, Wilderen lagun eta amorante gaztea, De Profundis den gutun luzearen hartzailea. Harekiko harremanagatik amaitu zuen Wildek giltzapean. Izan ere, Douglasen aitak sodomia egotzi zion Wilderi, eta bi urteko galeretara zigortu zuten. Prozesuaren aurretik, bitartean, eta ondoren, Douglas haren lagunaz baliatu zen luxuzko bizimodua izan eta trukean deus gutxi emateko.

Wildek ezin hobeto idatzi zuen: “Biziaren Plazera eta Artearen Plazera ikasteko etorri zinen nigana. Menturaz, askoz zoragarriagoa den zerbait zuri irakasteko hautatua naiz: minaren esanahia eta haren edertasuna”. Izan ere, De Profundis ezer bada, minaren gorazarrea da. “Mina, bada, eta berak erakusten duen guztia da nire mundu berria”, esan du sakon. “Une batzuetan egia bakarra Mina dela iruditzen zait. Beste gauza batzuk ikusmenaren edo janguraren ilusioak izango dira menturaz, bata itsutzeko egina, betekada sortzeko bestea, baina Minaz munduak eraiki dira, eta ume baten edo izar baten jaiotzan mina dago”.

Minaren irakaspena da, klase magistral bat bezala, Douglasi eman nahi diona. “Mina dagoen lekuan lur sakratua dago. Egunen batean ohartuko zara horrek esan nahi duenaz. Ordura arte ez duzu biziaz ezer jakingo”. Wildek errebelazio bat izan zuen espetxean: mina deskubritu, eta “Apaltasuna” erdiestea izango zuen bizitzako misio bakar. Ez zuen luze iraun, ordea. Espetxetik irten, eta ia idazteko betarik ez aukerarik gabe hil zen, handik hiru urtera, Parisen.

Reading presondegian idatzi zuen Wildek De Profundis. Orriak zerri eginda uzteko moduko esaldi azpimarragarriz josia dago liburua. Wilde berri bat erakusten digu. Wilde ezin gizatiarrago, Wilde ezin biziago, Wilde ezin Wildeago bat.

Mozorrorik gabe, aurpegi guztiak erakusten dizkio Douglasi, dizkigu guri: maitakorra (“Min handia izan nuen beti, zure izaera negargarri haren biktima ikusten baitzindudan. Maite zintudan”), zalantzatia (“Astebetean egin nuen gogoeta hartaz, zurekiko zuzengabea ez ote nintzen pentsatzen, ez ote zintudan oker epaitzen”), gogorra (“Zure garuna? Azpigaratuta zegoen. Zure irudimena? Hilik zegoen. Bihotza? Jaio gabe zegoen artean”).

Gainetik mintzatzen da Wilde: “Txikia denak handia azpiratzen zuen. Indartsuen gaineko ahulen tirania zen”. Douglas da Wilderen itzal astuna, argia itzaltzen dion itzala. Wildek ezin ditu ezkondu bere “Artea” eta lagunaren presentzia. Baina argi du zein den erruduna. “Neure buruari esan behar diot ez zuk ez zure aitak, mila aldiz biderkatuta, ezin izango zenutela suntsitu ni bezalako gizon bat; neuk suntsitu nuela neure burua; eta inor, ez handi ez txiki, ez dela suntsitzen, ez bada bere kabuz”.

Egiazko liburua da De Profundis. Egiaz betea. “Egia, hala da, entzuteko gauza mingarria da eta ahoskatzeko oso mingarria”, Wildek idatzi du. “Nik aurrez aurre begiratu behar izan diot neure iraganari. Begiraiozu aurrez aurre zeureari. Eser zaitez lasai hura ikertzeko. Bizio gorena axalkeria da. Ulertzen den guztia ongi dago”. Egia da, Wilderen kontakizuna bertsio bat baino ez da. Eta zer da egia, ez bada bertsio bat? Eta zer da literatura, ez bada egia?

Azken kritikak

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Barbaro iraun
Louisa Yousfi

Amaia Alvarez Uria

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Aiora Sampedro

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz
Perry Anderson

Irati Majuelo

Itzulerak
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo

Jon Jimenez

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Asier Urkiza

Hitzak palmondo
Silvia Federici

Nagore Fernandez

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Alderdi komunistaren manifestua
Karl Marx / Friedrich Engels

Aritz Galarraga

Maitasun kapitala
Karmele Jaio

Mikel Asurmendi

Larrosa bat Groenlandian
Iban Garro

Paloma Rodriguez-Miñambres

Jausiz
Alain Mendizabal Diaz

Maddi Galdos Areta

Hiriak eta urteak
Xabier Montoia

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

Hedabideak