« Liluraren bindikapena | Bizitza bera bezala bizitza bera »
Hnuy illa nyha majah yahoo / Joseba Sarrionandia / Elkar, 1995
Nora itzuli? Jose Luis Otamendi / Argia, 1996-02-25
Badira premia historiko bati erantzutera datozen sentsazioa sortzen duten liburuak, geure izate partikular zein kolektiboaren larritasuna eta kinka agerian jartzen dutenak gordin-biluzean… eta tristura infinito bat. Maisulanak dira horrelakoak askorentzat.
Sarrerako ipuinak (“Denbora presentea eta denbora pasatua”) liburuko joku-arau nagusiak erabakitzen ditu: denboraren kurpil-zoroaren morroi ibili beharra finisterretatik harantz. Erbesteak kategoria sinbolikoa, metafisikoa hartzen du. Hurrintasuna atzera ez daitekeen madarikazio bilakatu da: joan zen hura dagoeneko ez da ordukoa, sorterria aldatua dago, beraz ezinezkoa da itzultze betea, ezintasuna bakarrik —eta bakardadea— gailentzen zaio denborari. Gabeziaren poemarioa, exilioena, deslaitasunaren lirika.
Erregistro ugariz baliatuz (saudadea, lirikotasuna, erreferentzi metaliterarioak…; ironia, paradoxa, didaktismoa inoiz…), lehengo ekarriak (hainbat poema aurreko liburuetatik ezagun zaizkigu) eta oraingoak uztartuz ideario poetiko-politiko trinkoa zahar-berritzen du Joseba Sarrionandiak, mundu gero eta umoagoa ehuntzen du, munduarekin intimitate minean bizi da poeta. Manifestu handi baten aurrean gaude, tratatu moral bat.
Poemek egitura soila, sintaxi diskurtsiboa dute gehienetan, batzuk konzeptualago baina hari narratibo batek darama maizenik gogoetaren zaina. Fatala da poetarena bezala gure herriaren patua (“Kiromantzidxa” poema zoragarria horren erakusgarri), eta fatala da oraina; ez gara libre. Poesia biluzte ariketa da, eta koldartasun eta hipokrisia nabarmentzeko tresna ere bai. Eta borroka duintasun aldekoa da, eta errendatzea da azkena. Txipia da poesiaren ahalmena baina gaur, atzo eta bihar baino ezinbestekoago zaigun liburua eman digu.
“Ortzemugen handikaldean irlak eta derrotak/ bilduko ditugu,/ balea zuriaren kontra ekinen dugu, irabazi ezin arren/ akaberara arte hurrtikan./ Ikas ditzagun marinelen kantak, asma ditzagun/ marinelek kantatzen ez dituzten kantak”.
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza