« Nora itzuli? | Itxura faltsuak »
Hnuy illa nyha majah yahoo / Joseba Sarrionandia / Elkar, 1995
Bizitza bera bezala bizitza bera Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1996-03-02
Zaila da aparteko pizgarririk aurkitzea lehendik irakurritako poemak berriro baina beste liburu batean bildumatuta dituzunean esku artean. Estreinako aldiz irakurri ostean sortutako zirrarak eta iritzitako goi maila hori oraingoan apala eta besterik gabea suertatuko ote den beldurraren harra gailentzen hasten da horrelakoetan.
Arras poetikoa den ipuinarekin hasten da bilduma, nolabait ere zubiaren funtzioa betetzen duela deritzot Gartzelako poemak bilduman ageri den Sarrionandiarekiko. Sentibera da oso eta fina, irakurtzeko erraza, goxoa benetan, hitz gutxi edo hitz juxtuekin unibertso harrigarri bezain sinpleak sortzeko gaitasun aparta ageri du autoreak lehen ipui honekin. Hemen ageri dira ondoren maiz agertuko diren eta orotara egilearen bere-bereak iruditzen zaizkidan hainbat konstante; esate baterako ipuiaren amaierako bidaia itxaropenik gabea eta dekadentea, zeinek ondoren datorren Tren luze eta bustiak deitu ataleko aurkezpen modura jokatzen duen Inongo lekuak deritzon lehen poemak ongi erakusten du bide hori: erantzunik ez duten galderen kateamendua da, autoreak zapaltzen dituen lur desegurren iduriko, poemaren amaierak nire uste apalean agertzen duen bezala: “Baina itzultzen dena / abiatu zeneko lekura itzultzen da ala?”. Emaile hutsa da Sarrionandia, oso autore pertsonala, bizitza eta literaturaren arteko mugak estutzen dituena, biak bat bihurtzeraino kasu askotan bederen. Konpromezua bezalako hitz hutsal eta gorrotogarriaren hortzoiei ihes egiteko balio dio izaera honek: ez nuke Sarrionandia autore konprometitu bezala definituko, baizik eta maila gorago batera doala esango nuke; ildo honetatik erreferentziak ugariak dira, esate baterako Literatura eta iraultza poeman: “Zein da literaturarentzat / errebeldiaren, iraultzaren, abenturaren / balio etiko ahortezina? / Zer izkiriatzen da Vooprosi Literaturi edo Tel Quel / aldizkarien ertzean / euskal presoen gose greba amaigabeez?”. Zuzena da zeharo, gordina, zorrotza: “Zer zoriontsua zatekeen / euskaldun sortzea / mundua Pierre Loti-ren liburua / balitz”. Ihes nahiak jota besoak zabaldu eta preso mantentzen duen paretaren ordez bere aurrean infinitoa, hustasuna edo ezerezarekin topo egin duenarena da Sarrionandiaren jarrera, herrian baina exiliatua, aske baina preso, bizirik eta bizik hilda, atezuan, erne: inoiz irakurri dudan poemarik etsituena —lehendik ezaguna izanagatik ere beti hunkitzen dutenetarikoa—, Gartzelako poemak deitutako liburuan Joseba Asensio, Preso egon denaren gogoa edo Aberriaren astuna paparrean izeneko poemen kasu- ere atal honetan aurkitzen da: “Bidaia bizitzaren metaforatzat har daiteke / Heriotza zapata hautsi pilo bat, / …Zapata hautsi pilo bat, kordoirik gabe, / zeren eta kordoiak bidaztiek eraman dituzte / beren buruak nonbait urkatzeko”.
Jarrera berberak muga onirikoetara zuzentzen du autorea, liburuan aurki daitezkeen atsedenaldi bakarretara hain zuzen ere, atseden aldi diot ez lexikoa astuna edo nekeza delako; aitzitik, zuzena da, zehatza, umore puntu finekoa baina zorrotza eta mingarria; aldiro-aldiro ia nahitaezkoa da bere irakurketa alboratzea sortzen duen jasan ezinagatik: hain dira gertukoak testuak, gaur egun bizi dugun Euskal Herriaren izate edo ez izatean hain murgilduak… hor sailkatuko nituzke adibide gisa Kukuaren koblak (Zuhaitz ostetik hantxe dakusat / ene begi luzekin: / Lope de Agirre kuku egiten / Klaus Kinski aurpegirekin) eta nagusiki amodioaren tratamendua nagusitzen diren poemak.
Gainerakoan literaturari buruzko jarduna nabarmenduko nuke, arestian aipatutako bizitza / literatura bereizteko ezintasunagatik: ugariak dira bai euskal autoreei buruzko aipamenak (Oihenart, Axular, Aresti, Lizardi, Jon Mirande, Bernardo Atxaga, Mesagem ao Bernardo Atxaga poeman) hala nola euskal idazleen zein literaturaren kolektibitateari zuzenduriko aipuak, hala nola Poesia hilda dago baina ez naiz ni izan poeman edota Poesiaren gauza galdua izena duen testuan, honela baitio: “Poesiak ez du deus aldatzen, ez inor / fanatiko bihurtzen / baina ekin dezagun harik eta gure aberri eta / sasoiaren tankerako hitzak aurkitu arte, /… / Kanta diezaiogun sehaska kanta bat gure aberriaren / sehaska hutsari”. Aldarte berean Proposamen poetikoa deritzon poeman ere. Beste horrenbeste ere egiten du gaur egun zoritxarrez, bere egoera dela eta: “Hurrutirean ura oraindik boluara badator ez zait axola / inork euskal poeta ilun, ilun, iluna deitzea”.
Esanak esan, betirako gelditzen diren poemen bilduma baten aurrean gaudela esanez labur genezake aurkezpen arras dotoreko liburu honen emaitza: Joseba Sarrionandia, ez gehiago ezta gutxiago ere.
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia