kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Giza Faktorea / Graham Greene (Iñaxio Lopez de Arana) / Ibaizabal, 1997

Urtea gustura irakurriz hasteko Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-01-03

Nekez topatuko dugu dagoeneko Graham Greene ezagutzen ez duen literaturazale edota irakurlerik. Guk, esaterako, lehenik ere ezaguna eta irakurria bagenuen ere, unibertsitatean literatura ingelesa ikasi genuenean aztertu eta landu genuen Greene eta, batik bat, haren Giza Faktorea lan ezaguna. Guztia, noski, espainolez.

Beharbada horregatik izan dugu Literatura Unibertsala bilduman Giza Faktorea argitaratu berri dela jakin orduko, Greeneren liburua euskaraz irakurtzeko irrika. Eta espainolez irakurri genuen hartan bezala, euskaraz ere liluratu egin gaitu Giza Faktorea obrak.

Zazpi urte dira Greene hil zela. Baina haren bihotzak azken taupadak eman zituenetik ahaztuxeago izan dugula ez da zalantzarik. Aukera ederra da, beraz, Ibaizabal argitaletxeak eskaintzen diguna literatura ingelesak mende honetan eman duen egile handienetako bat izan dena gogoratu eta berriro irakurtzeko. Greene eta haren lana gehiegi ezagutzen ez duenarentzat esan behar genuke, haren itzalaren luzeraren zenbatekoa ikus dadin, unibertsitatean, mende honetako ingeles literaturan, James Joyce, Samuel Beckett eta George Orwellen ondotik nabarmendu genuen laugarren egilea izan zela Greene.

Hogeita bat urte zituela argitaratu zuen Greenek lehen liburua, 1921ean, poemak bildu zituen. Handik lau urtera, berriz, idazleak hogeita bost urte zituela, lehen eleberria kaleratu zuen, eta izan zuen arrakastaren ondorioz egileak lanbidez idazle izatea erabaki zuen. Haurtzaroak eta gaztaroak garrantzi handia izan zuen Greeneren bizitzan, eta orduko barne gatazkak literaturan islatuko zituen. Greenerentzat idazleak gazte denean izaten du benetan munduaren berri eta, gero, bizitzan barrena, liburuak lagun dituela, besteei mundu horren berri ematen saiatzen da. Azken buruan, idazleak ezinbestekoa dena gaztaroan bizi duela eta, gero, bizitza guztian hori gogoratzen pasatzen duela uste du Greenek. Hala, berarentzat idaztea etsipenari, eromenari, malenkoniari eta beldurrari aurre egiteko bidea besterik ez da. Greenerentzat gizakia zorigaiztokoa da definizioz, eta halabehar horri aurre egiteko jotzen du literaturara idazleak. Ez du ulertzen, gainera, jendeak nola egin dezakeen aurrera ihesbide hori gabe.

Giza Faktorea, berriz, Greeneren eleberrien eredua da, orobat haren liburu gehienek dituzten ezaugarriak islatzen baititu. Ohikoa da Greeneren lanetan gertaerak krisi egoeran aurkeztea irakurleari, liskarra gori-gori dagoenean, eta eleberria gertaerak bideratzeko erabiltzea. Greeneren liburuetako pertsonaiek, horrela, dimentsio berezia hartzen dute, gizakiek muturreko egoeretan ditugun jokabideak agertuz. Euskarazko itzulpenaren atarian Marcelo Miguel Lopez de Arana eta Iñaxio Lopez de Aranak paratu duten aitzinsolasak lehen hitzetatik dioen bezala, “Graham Greene eleberrigile modernorik gailenetariko bat dugu, bera izan baita irakurleen irudimena mende honetako ezein idazlek baino gehiago inbaditu eta moldatu duena, ez bakarrik bere literatur lanen kopuru aniztasunagatik, baizik eta baita sortu dituen pertsonaien jite bereziagatik ere. Badirudi Graham Greeneren pertsonaiek orrialde inprimatuetatik jauzi egiten dutela, teologoei, soziologoei eta haren idazlanak irakurri dituen edonori arazoak, kezkak eta zalantzak planteatzen dizkietelarik”.

Lopez de Aranatarrek idatzitako aitzinsolasak, hamaika orrialdetan barrena, Greene eta haren bizitza eta, batik bat, haren literatura eta Giza Faktorea ulertzeko lagungarriak diren argibideak luzatzen dizkigu argi eta egoki. Eleberrian zerbitzu sekretuen barneko giroa aurkezten du egileak, isolamenduak giro horretan duen nagusitasuna nabarmenduz. Aitzinsolasgileen hitzetan, liburu honetan, “Greenek trebetasun eta sentiberatasun handiz ispilatu zituen zerbitzu sekretuen barneko isolamendua, neurosia eta bakardadea, amaraun korapilatsu bat agerian utziz, zeinari batzuetan ezina egiten baitzitzaion giza bulkada ezkutu eta tupusteko guztiei aurretik antzematea. Bigarren Mundu Gerran Graham Greene zerbitzu sekretu britainiarretan aritu zen: lan hura haren neurri-neurrikoa zen, eta, gainera, oso baliagarria izan zitzaion esku artean duzuen liburu hau hezur-mamitzeko orduan”.

Emaitza biribila izan zen behintzat. Giza Faktorea ez da nolanahiko liburua, mende honek literaturaren bidean utzi dituen klasiko handietako bat baizik. Greeneren estilo errazak euskarazko itzulpena lagundu egin du ezbairik gabe, eta Lopez de Aranaren testua horren lekukoa da. Irakurleek, gainera, eskura dute dagoeneko, eta urtea gustura irakurriz hasi nahi duenarentzat ezinbesteko gomendioa da liburu hau.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak