« Profesionaltasuna edo noranahikotzea | Sua barnean »
Ez adiorik / Raymond Chandler (Xabier Olarra) / Igela, 1994
Xake partida eta boxeo saioa Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-02
Egingo nuke, denik gutxien ohitua aurki atxikiko zaiola genero honi. Egilearen izenak bakarrak horretara garamatza.
Raymond Chandler-en Ez adiorik (Igela, 1991) maisu lanak haztatzeko eta dastatzeko zain gauzka Xabier Olarraren itzulpen bikainari esker. Eta bikaina diot, ingelesetik iraulia izanik ere, bere baitatik ari dela baitirudi. Sail beltzean argitaratua, eleberri hau arakatzen saiatu aitzin, polizi eleberri tradizionalaren eta nobela beltzaren arteko zenbait bereizkuntza azpimarratu nahi nituzke. Jakin beza irakurleak hurrengo bi pasarteen ideiak Dashiell Hammett-en lan osoen lehenengo liburukiko hitzaurretik erauziak direla, Constantino Bertolorengandik.
Polizi eleberri tradizionala oinarri positibista batean zetzan, ikuspegi etiko batetik —arrazoia erpina baitzen eta zientzia, ezagutza tresna— eta ikuspegi sozial batetik ideologia burges oso txikian —harreman sozialen gunea jabego pribatua baitzen; balore nagusia, zuzentasuna eta xedea, ziurtasuna—. Polizi eleberri tradizionalean hilketa zalantzan inoiz jartzen ez zen ordenu finkatua aztoratzen zuen istripu elo asalduratzat harturik zegoen, eta horregatik eszenatoki maiztuena etxea izaten zen, burgesiaren balore adierazgarrienetakoaren sinboloa. Hau errealitatearen errepresentazioari badagokio, planu narratzailean eleberri mota honen egitura lineala zen, bi gibelasmoren gainean eraikia: alde batetik, detektibeak bere ikerketa burutzen du pistak bilatuz eta susmagarriak alboratuz, “nork egin zuen?” galdera argitzeko asmoz, eta bestaldetik, idazleak kontuz ibili beharko du galdera horren erantzuna irakurleak detektibeak baino lehenago aurki ez dezan. Beraz, egitura eraikitzailea da.
Dashiell Hammett-ekin polizi eleberri tradizionalaren eskemak pikutara doaz. Hasteko, hilketa bere berezko lekuan garatuko da: kalean. Dashiell Hammett-ek nobela beltz-beltzaren oinarriak ezarriko ditu. Heroea ez da arrazoiaren ahotsa; bere gaitasun deduktiboak ez dira harrigarriak, intuitzen, jakiten eta bilatzen du. Bere lan tresna ez da burmuina, baizik eta ekintza. Generoaren oinarriak dirau: hilketa eta ikerketa, baina hilketa ez da ordenu aztoratzen duen istripua, baizik eta desordenu orokorraren barruan beste desordenu bat, eta ikerketa ez da buru ariketa, baizik eta ukabilena. Irrazionala, indarkeria, beldurra, odola hiri handietako eszenatokiaren partaide dira. Helburua ez da erruduna edo hiltzailea eridetea, ezaguna baita, bestalde, errelato hasieratik; ekintza azaldu nahi da, protagonistaren izaera, errealitatearen gutxi gora-beherako lekukotasun kritikoa, narratzen den munduan mugitzen diren grina errealak (handinahia, diruzalekeria, lehia, botere gosea, beldurra, intolerantzia, gehiegikeria, indartsuaren legea) disekzionatzea. Xabier Olarrak Jim Thompson-en Emakume demonioa-ren hitzaurrean hauxe dio: “Chandler-ek esan zuen Hammett-ek krimena lorontzi veneziarretik atera eta bere benetako lekuan jarri zuela, kale gorrian alegia. Haren parafrasia eginez esan daiteke Thompson-ek krimena kale beroetatik atera eta gizakiaren bihotz izoztuan jarri duela, benetan dagokion tokian. Gaizkia ez baita kanpotik datorren zerbait, baizik gizon-emakumeen isurkinei darien berezko hatsa”. Dakusagunez, nobela beltzaren barruan egile bakoitzak bere ezaugarriak ditu.
Gertu askoan daudela ere, Dashiell Hammett Dashiell Hammett den bezala, Raymond Chandler Raymond Chandler da. Eta nahiz azken honek lehenengoari errelato poliziako gogorraren merituak egotzi, bere estilo propioa dauka. Berrogeita hamahiru atalburutan eta beste hambeste katramilatan bihurritutako Ez adiorik idatzi baino lehen Chandler-ek landuak zituen idazlearen ofizioa eta malizia. Ez adiorik-en (1953) ikusten da zer den literatura berarentzat: zehaztasuna, zorroztasuna eta hitzen bidez zerbait majikoa sortzea. Erantzun orijinalekin hiztegi bat egin liteke; elkarrizketa batzuk ahanztezinak dira, pelikulakoak; esaldien arteko isiltasuna eta tentsioa zuri-beltzeko argazki batenak. Pertsonaien deskripzioak hitzetan daude, pintzelada erabakiorrez.
Dashiell Hammett-en detektibe batzuk zinismo anker eta mingotsik erabiltzen duten bitartean, Philip Marlowe ikertzaile pribatuari, tipo gogorra izanagatik ere, oraindik ere sentiberatasunik badario, ironia samurrik.
Chandler-ek polizi nobela tradizionala (xake partida) eta nobela beltza (boxeo saioa) elkartzen ditu gurutzaketa bitxi batean.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi