kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Prozesua / Franz Kafka (Antton Garikano) / Elkar, 1994

Gurea bai prozesu luzea! Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-06-05

Lehendik ere banuen ustea bermatzeko balio izan dit, besteak beste, Kafkaren “Der Prozess” euskaratuaren irakurketak: oso bide luzea dugula aurretik, gure prozesua Josef K.rena baino askoz luzeagoa izango dela. Izan ere, irakurketa honek garbi erakutsi baitit zergatik irakurtzen diren hain gutxi euskarazko literatur itzulpenak: nork bere gertuko eta ohizko erdaran egindako irakurketaren aldean, neketsu eta motelagoa egiten zaigulako euskarazkoa; ez, eskuarki behintzat, itzultzailearen erruz, eta ezta, noski, euskararen erruz ere, tradizio eta ohitura faltagatik baizik.

Antton Garikanoren lan eskergak ez dauka aitzakiarik, bikaina da hasieratik amaieraraino, argitasun eta txukuntasunez egina. Aurkitu ditut, itzulpen guztietan bezala, neuri behintzat desegoki iruditu zaizkidan hitz edo esamolde gutxi batzuk, baina oso tarteka eta aparteko eragozpenik sortu gabe horiek ere. Gainera, nolabaiteko abantaila bat izan du Garikanok bere lanean: Kafkaren narratibak ez duela erregistro aldaketarik eskatzen, estilo neutro eta zuzena baizik, hau da, euskarak honezkero aski landua duen hizkuntza modu bat.

Baina hala ere ni ez naiz liburuan gazteleraz irakurri nuenean adina barneratu, ez naiz Kafkaren mundu itxi eta itogarrian orduan bezain sakon sartu. Izango du horretan zerikusirik kontatzen den istorioaren aldez aurretiko ezagutzak, baina ez dut uste hori denik nire ezinaren eragile nagusia, askoz ere funtsezkoagoa baita arazoa: liburua irakurri ahala ez zitzaidan Kafka irakurtzen ari nintzenik iruditzen, ez nuen orain artean Pragako idazle harrigarriaren edozein testuren aurrean beti sentitu izan dudan zirarra berezia sentitzen. Bestelako Kafka batekin egin dut topo: motelagoa, artifizialagoa, arruntagoa; bazirudien Kafka imitatzen zuen idazle baten lana ari nintzela irakurtzen. Beste zenbait idazleren euskarazko itzulpenekin ere gertatu izan zait antzekorik, baina inorekin ere ez Kafkarekin bezain nabarnen.

Ez gaude ohituta euskarazko literatur itzulpenak irakurri eta dastatzen, arrotz egiten zaizkigu oraindik gutarren batek sortuak ez diren testu literarioak, eta horrek erremedio bakarra du: itzultzen eta itzulpenak irakurtzen jarraitzea. Lehendabizikoan martxan gaudela dirudi, bigarrengoan, aitzitik, ez da funtsezko aurrerapenik egin azken urteotan.

Ez da batere erraza arazoari irtenbidea ematea, euskarak eta bere munduak hain ezaguna duen sorgin-gurpilean jir-bira etengabean ibiltzeari uztea: “erdaraz adina gozatzen ez dugunez, ez dut euskaraz irakurriko”, dio irakurleak; “inork irakurtzen ez duenez, ez dugu euskaratuko”, diote itzultzaile eta argitaratzaileek. Azken hauek, itzultzaile eta argitaratzaileak, ari dira sorgin-gurpila eteteko ahaleginak egiten, eta ea gu ere, irakurleok, bide horri jarraitzen hasten garen, helduok geure kasa eta hain heldu ez direnak oraindik gai honetaz —diotenez behintzat, eta salbuespenak salbuespen— tutik ere ez omen dakiten irakasleen eraginpean.

Kontuak kontu eta esanak esan, ez nuke nahi —ez zaigu komeni gainera— irakurlea desanimatzerik. Niri ez zait damutu Garikanoren lana irakurri izana. Kafkaren “Der Prozess” literaturak eman duen klasiko enigmatiko eta misteriotsuenetako bat da, inoiz irakurri dudan liburu zirraragarrienetako bat, eta Antton Garikanok, lehen esan dudan bezalz, aitzakiarik gabeko lan bikaina egin du. Nahiz eta gazteleraz irakurri nuenean adina gozatu ez, oztoporik gabe eta atseginez irakurri dut eleberri osoa, eta, jakina, pauso bat aurrera eman dut euskarazko itzulpenak gaztelerazkoak bezain gustura irakurriko ditudan egun handiari begira. Gutxi al da?

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak