kritiken hemeroteka

8.573 kritika

« | »

Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan / Edorta Jimenez / Susa, 2003

Iruñea Joxemari Iturralde / Gara, 2004-01-24

Txikitatik izan zen Ernest Hemingway jakin-min handikoa. Oso gazte ezkondu eta Europara etorri zen, bigarren aldiz jadanik. Orduko hartan bizitzera. Horretarako Kanadako egunkari baterako, Torontoko garrantzitsuena, hasi zen korrespontsal lanetan Parisen. Parisetik bidalitako artikulu batean esaten zuen posible zela orduan Parisen ederki bizitzea egunean hiru dolar baino gutxiago gastatuz. Eta adierazi zuen zergatik etorri ziren 20ko hamarkadan hainbeste idazle estatubatuar Frantziara bizitzera: ez omen zuen zerikusirik kultura diferenteak ezagutu nahiak, ekonomiak baizik. Hara joan omen ziren merkeago zelako, besterik gabe. Parisen korrespontsal zegoela Gertrude Stein idazle estatubatuarra ezagutu eta honek hitz egin zion lehenengo aldiz zezenketei buruz, eta horrela jarri zuen Iruñerako bidean. 1923an iritsi zen Hemingway, Hadley emaztearekin batera, Iruñera Sanferminetan. Horrela ezagutu zuen festa hori, horrela hasi zen ezagutzen bertako jendea, ohiturak, beste hizkuntzak… Gero, urtero-urtero, hasi zen itzultzen. Egia esateko, Hemingwayk asko maite izan zuen Iruñea, eta baita Sanferminak, euskaldun jendea, euskara… Hori behin eta berriz aldarrikatu zuen bainbat elkarrizketatan eta bere liburuak irakurriz ohartzen gara maitemintze hori benetakoa izan zela. Eta Hemingway pertsona berekoia eta, aldi berean, erakargarria zenez gero, bada, inguruko guztiek maite (behar) izan zuten berak maite izan zuena. Lau aldiz ezkondu zen eta lau emazteak maite izan zuten, Hemingwayen eragin zuzenaz noski, Iruñea, eta honekin batera Sanferminak, euskal jendea, euskara… Lau emazte hauetatik bi (Martha Gellhorn eta Mary Welsh Hemmingway) idazle izan ziren eta hauen liburuetan irakur daiteke euskal mundu eta kulturarekiko maitasun eta atxikimendu hori.

Mundaka eta Kuba

Jakina denez, Hemingwayk bere bizitzaren bigarren aldia Kuban eman zuen. Eta han euskaldunak izan zituen lagun minenak: marinelak, apaizak, pilotariak… Adiskidantza estua izan zen eta euskaldun hauetako asko sarri joaten zen “Finca Vigía” etxera bazkaltzera, zerbait edatera, igerilekura, berriketan aritzera, lagun handien gisa. Horrela bizitzan nola heriotza ostean ere. 1959ko abuztuan Hemingway erdi ezkutuan Mundakaraino inguratu baitzen eta bertako kanposantuan omenezko bisitaldia egin zion bere lagun handia izandako mundakarrari: Andres Untzain apaizari —“Don Black” Hemingwayen hitzetan—.

Zerbitzu sekretuak

Ikerketa sakon baten ondoren, lan handiaren fruitu, Edorta Jimenez idazleak kaleratu berri du liburu bikain bezain interesgarria: “Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan” (Susa argitaletxea). Bertan kontatzen du beste pasadizo askoren artean Hemingwayk Mundakara egin zuen bisita hura. Liburua datu bitxi, aipagarri eta oso interesgarriz josita dago. Gauza jakina da euskaldun askok eta askok, gerra zibila galdu ostean, emigratu behar izan zutela. Europan ere gauzak itsustu ondoren Ameriketarako saltoa egin behar izan zuten. Diotenez, Agirre lehendakariak ahalegin guztiak egin zituen Ameriketako Estatu Batuei laguntzen pentsatuz hauek, ordainetan, euskaldunei lagunduko zietela Francoren aurkako borrokan. Euskaldunek ikerketa, informazio eta espioitza sare handia zabaldu zuten Ipar eta Hego Ameriketan zehar datu asko bereganatuz. Horiek guztiak AEBetako Gobernura iristen ziren eta kontrol izugarria eta boterea ekartzen zizkion. Azkenean, jakina denez, Jose Antonio Agirre lehendakariak ez zuen inoiz erdietsi espero zuen laguntza. Gauzak izugarri okertu ziren, beraz, euskaldunentzat. Euskaldunak saiatu ziren ordea, gogotik saiatu ere, informazio eta espioitza sare honek —Basque Intelligence Service (BIS)— bere fruituak eman zitzan. FBIren Intelligence Service (SIS) delako adarraren barrukoa izan zen BIS. Baina euskaldun horiek ez omen zuten jakin behar amerikar inteligentzia zerbitzuentzat lan egiten zutenik. Esaten omen zitzaien gauza bakarra hauxe zen: Erbesteko Basko Gobernuarentzat lan egiten zutela, besterik gabe. Azkenean denak zeuden engainupean nonbait. Eta sare orokor horren barruan, eta soilik Kubako irlan zihardutelarik, sartu behar da Hemingway eta bere lagun euskaldunek —beren aldetik— osatu zuten sare propioa: “The Crook Factory” (Amuaren Faktoria). Espioitza sare bat beste zabalago baten barruan sartuta eta delako hura beste baten parte zela. Hemingwayk “Pilar” bere itsasontzia jarri zuen lan hauek egiteko eta Gulf Stream-eko korronteak hasi ziren bera eta bere lagun euskaldunak zeharkatzen alemaniar itsaspekoren bat edo beste harrapatzeko esperantzaz. Hemingwayen orduko emazteak —Martha Gellhorn— ez zuen aintzat hartzen misio sekretu hori eta aurpegira egiten zion barre idazleari. Ederki asko kontatzen du Edorta Jimenez idazleak hau guztia (eta gehiago) bere liburuan.

Azken kritikak

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Askatasun haizea
Javier Buces

Irati Majuelo

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ibon Egaña

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Aiora Sampedro

Meditazioak
John Donne

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak