kritiken hemeroteka

7.325 kritika

Azken kritikak

« | »

Zortzi kontakizun / Isaac Bashevis Singer (Koro Navarro) / Elkar / Alberdania, 2002

Isaac Bashevis Singer: yiddisharen literatur ahots unibertsala Iñaki Sarriugarte / Idatz & Mintz, 2003-12

Urteurrena

Aurtengo udagoienean 25 urte bete dira Suediako Akademiak hizkuntza minorizatu eta umezurtz baten idazten eban idazle judu-poloniar amerikartu bati Literatur Nobel saria opetsi eutsanetik. Yiddish idazle bat saritu gura izan eban Akademia suediarrak “for his impassioned narrative art which, with mots in a Polish-Jewish cultural tradition, brings universal human conditions to life” (2). Eta efemeride honek igaz Literatura Unibertsala izeneko bildumaren barruan argitaratu zan Zortzi kontakizun (3) izeneko liburura garoaz, bertan batzen dira-eta Poloniako idazle juduaren zortzi ipuin esanguratsu, Koro Navarrok ederto be ederto euskeratuta (4).

Esan daigun Zortzi kontakizun liburua Literatura Unibertsala proiektuaren bigarren aroko bigarren liburua dala eta bilduma osoari bagagokioz 102. alea. Egitasmo eredugarri hau Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak (EIZIE) eta Eusko Jaurlaritzaren Kultur Sailak kudeatzen dabe eta lehenengo 100 aleak Ibaizabal argitaletxeak kaleratu baditu be, bigarren arorako aurreikusita dagozan 50 aleak Alberdania-Elkar etxeek kaleratuko ditue, lehenengo bostak (5), Singerrena barne, daborduko kalean dagozala.

Urteurrena eta euskerazko argitalpena atxakitzat harturik, bota deiogun begiradatxu bat Nobel sariagaz bere goien gradora heldu zan yiddish hizkuntzari; eta hurreratu gakiozan gurasoakandik hartutako hizkuntzari leial be leial izan jakon Isaac Bashevis Singer idazleari.

Hizkuntza

Yiddish hizkuntza estu be estu lotuta dago juduen patuagaz eta esan geinke, batez be, askhenazi izeneko juduen aho-belarrietan bizi izan dala, muga politiko edo ta administratibo jakinik ezagutzeke. Jatorriz, Europako erdialde zein ekialdeko judu komunitateetako mintzabide nagusia izan da yiddish hizkuntza, Erdi Arotik honantz hatan be.

Yiddisharen sorrera noiztikakoa dan argi ez dagoan arren, esan leiteke orain dala hamar bat mende, gitxi gorabehera, gorpuztu zala Frantziatik Alemania aldera joandako/botatako judu komunitateen baitan. Euren kokagune barrian, ashkenazi izenaz ezagutzen ditugun juduok Erdi Aroko goi-alemanera hartuko dabe eguneroko hizkuntzatzat, geroago mintzaira honek eragin linguistiko desbardinak eta bilakaera propioa izango baditu be.

Jazarpen barriek Alemaniako juduok ekialdeko herrietarantz (Polonia, Lituania, Errusia…) bultzatuko ditue, betiereko diasporaren kateari katebegi barri bat erantsiaz. Ekialdeko herriotan garatuko da, hain zuzen be, gure egunotara arte iraun dauan yiddisha, Alemania aldean gelditu ziran juduak apurka-apurka aleman hiztun bihurtu ziralako, komunitate barruko berbeta propioa ahaztuaz. Guganaino heldu dan yiddisha, beraz, Europako sortaldekoa da, jatorrizko goi-alemanera medebalean sustraiturik eta hebraieraren zein hizkuntza eslaboen aportazino nabarmenak dituana. Garrantzitsua da azpimarratzea XX. mendeko lehenengo hamarkadetan 11 milioi hiztun inguru eukazala yiddishak, gehien baten Europako ekialdean eta AEBetan barreiaturik.

Yiddishez idatzitako literaturaren loraldia XIX. mendearen azken aldiko eta XX.eko lehenengo hamarkadetan gertatu zan, batez be Méndele Móijer Sfórim, Shólem Aléijem eta Isaac Leib Peretz-en lanei esker. Izan be, eurok atara eben yiddishezko literatura honek bizi eban morrontza erlijioso eta kontserbadoretik, lehentasuna literaturtasunari eta sormenari emonaz. Ez da ahaztu behar, beste alde batetik, aitaturiko hamarkadetan yiddish antzerkiak beragandu eban garrantzia, antzoki askotan (Europan zein AEBetan) antzezten ziran-eta yiddishezko obrak.

Edozelan be, lehenengo Mundu Gerra hasten daneko Europako juduen bizimodu tradizionala desegiten hasita dago, eta jazarpen barriak, iraultza sozialak eta emigrazino handiak holokaustoaren atarikoa besterik ez dira izango. Izan be, nazien krudelkeria eta ankerkeriak barruntaturik, yiddish hiztun mordoak Ameriketarako bidea hartu eban, neurri handi baten, AEBetara. Hori dala-eta, yiddish kulturari egokonean, New York munduko bigarren gune kultural bihurtu zan, Varsoviaren ondotik beti be. Azken baten, lehendik baegoana indarbarritzera joan ziran Europako emigrante barriak, ordurako indartsua zan-eta itsasoz bestaldeko yiddish kultura. Azpimarratu behar da yiddishez eginiko lehenengo egunkaria (Hddishes Tageblat) New Yorken argitaratu zala, 1865ean argitaratu be.

Holokaustoak, baina, erro-errotik birrindu eban orduko yiddish komunitatea, naziek eraildako judu gehienak yiddish hiztunak ziran-eta. Bizirik urten ebenak sakabanatu egin ziran munduan zehar barriro be, eta askok tokian-tokiko asimilazino linguistikoan urtu eben etxeko hizkuntza zaharkitua. Era berean, Palestina aldera joan ziran askhenaziek hebraieraren berpizkunde harrigarriaz egin eben topo eta sefardien kasuan jazo zan moduan, yiddisha Israelen bertan be txokoratuta geratu zan, burua barriz altxatu ahal izateko indarge.

Hebraieraren alfabetoz idazten dan hizkuntza berezi eta ezezagun hauxe erabilita lortu eban Isaac Bashevis Singerrek orain dala 25 urte literatura arloan munduan emoten dan saririk preziatuena. Nobel saria jasotzean, beren-beregi aitatu eban idazleak arbasoakandik ikasitako hizkuntza, esanaz Suediako Akademiak egiten eutsan omena, yiddish hizkuntzari be egiten eutsala; eta Akademiaren aurreko eskerronezko berbaldian Singerrek bihotzetik harako berbak erabilita zedarritu eban bere ama hizkuntzaren nondik norakoak: yiddisha exilioko hizkuntza dogu, lurralderik ez dauana, mugarik edota gobernu babesik ezagutu ez dauan mintzaira, eta baita ariketa militarrak, armak edota gerra-taktikak izendatzeko berbarik ez daukan hizkuntza harrigarria be.

Berbaldi berean, Singerrek inoskun askok “hizkuntza hila” deitzen eutsala yiddishari, baina gauza bera esaten zala hebraierari buruz, eta orain, zorionez, berpizturik ikusten dogula hiltzat emoten zana. Eta itxaropenari leiho handi bat zabalduaz honetara amaitu eban Singerrek: “Yiddish has not yet said its last word. It contains treasures that have not been revealed to the eyes of the world. It was the tongue of martyrs and saints, of dreamers and Cabalists, rich in humor and in memories that mankind may never forge. In a figurative way, Yiddish is the wise and humble language of us all, the idiom of frightened and hopeful Humanity” (6).

Idazlea

Isaac Bashevis Singer 1904. urtean jaio zan Poloniako herritxu baten, Leoncin-en hain zuzen be. Aita bertako errabinoa zan, baina idazlea jaio eta lasterrera Radzymin herrira aldatuko da familia, aita bertako yeshivá-ko (7) zuzendari izendatu eben-eta. Berehala, baina, Singerren familia Varsovia aldera joango da, eta han aitak epaitegi errabiniko baten jardungo dau. Sarri be sarri aitatuko dan Singerrek aitaren epaitegi hau bere liburuetan; izan be, epaitegiko giroa talaia parebakoa zan XX. mendeko judutasunaren nondik norakoak ikusi eta ezagutu ahal izateko. Esperientzia honeen fruitu dira Aitaren epaitegian (1966) liburua eta Aitaren epaitegiko istorio gehiago (2000), idazlea hil eta gero argitaratu zana.

Anaia Yehoshúa-k kinatuta, literaturaz, filosofiaz eta Kabalaz kezkatzen hasi zan eta haren pausuei jarraiturik idazle izateko asmo sendoa hartu eban gaztetxua zala: “Mi hermano le había explicado a mi madre que la literatura se ocupa sobre todo de la naturaleza de las personas —de sus sentimientos, de su forma de hablar, así como de su comportamiento ante diversas cincunstancias—, y yo decidí hacerme escritor” dinosku Amor y exilio liburuan; nahiz eta beren-beregi aitortzen dauan aldi haretan, 20 eta 30eko hamarkadetan, yiddish literaturatik bizitzea ia-ia ezinezkoa zala. Baina Singer gazteak argi dauka bere bokazinoa, baita zeintzuk izango diran bere literaturaren zuta-zeharrak be: “Había decidido que me convertiría en un narrador de las pasiones humanas más que de un modo sereno de vivir” (9).

Bere adierazpen eta memorietan behin baino gehiagotan kexatuko da Singer pasa dan mende hasieran yiddishak eukan estatus eskasa zala-eta. Era berean, salatu egingo dau poloniar askok —baita hainbat juduk be— yiddisharen aurrean eukien mespretxuzko jarrera. Izan be, Singerrek hainbeste maite eban hizkuntza jergatzat jo ez eze, yiddish literaturaren existentzia bera be zalantzan jartzen eben-eta. Behin, ea yiddish literatura benetan existitzen zan itaundu eutsienean, baietz erantzun eta gero honakoa gehitu eban: besteak bezalakoa da; txarra ehuneko larogeta hemeretzian eta ona ehuneko baten.

Judaismo laiko eta pertsonal batez jantzirik —Jaungoikoagazko hartu-emonak zalantzaz eta lorraz beterik bizi izan zituan—, eta yiddisha literatur espresabidetzat harturik, orduko lumakideen puritanismo eta autodefentsarako joerak alde batera itxita, giza-pasinoak, grinak eta irritsak (lizunkeria, maitasun-maitakeriak, gorroto-mendekuak…), jentil zein juduenak, papereratzeari ekingo deutso, aurretiaz kritikatua izango zana baekian arren.

Izan be, orduko juduen mentalitatean planteamentua hauxe zan: hainbeste judu eredugarri egonik ea zergaitik bete behar ziran liburuetako orriak emagalduz, lapurrez eta badaezpadako pertsonaz. Azken baten, gitxiengo mehatxatuen betiko jarrera defentsiboa: “Un escritor en yiddish, argumentaba mi editor [dinosku Singerrek], está moralmente obligado a poner de relieve lo bueno de nuestro pueblo, a resaltar lo noble, lo sagrado. Debía ser un defensor elocuente de los judíos, no un difamador” (10). Singerren jarrera han dala-eta, ezinbestean jatorko irakurle euskaldunan Jon Miranderen akordua, paralelismo handia dago-eta bitzuen planteamentuen artean (11).

1926an Singer Varsoviako yiddish agerkarietan kolaboratzen hasi zan, nahiz eta bizimodua inprentako proba-zuzentzaile legez ataratzen eban. Bere lehenengo nobela (Satan Gorai-n) 1935. urtean emon eban argitara eta bertan XVII. gizaldian Ukraniako kosakoek juduen komunitateetan eginiko sarraski eta txikizinoen kronika emoten deusku. Urte berean, barriro be anaia Yehoshúari jarraiturik eta nazismo indartu barriaren atzaparretatik ihesi, Ameriketarako bideari ekingo deutso eta New Yorken pausatuko da. Han Jewish Daily Forward egunkariko kolaboratzaile bihurtu zan eta hango uritartasuna lorturik, yiddishez idazten jarraituko dau, sarritan ingelesezko itzulpenak berak egiten zituala. 1964an National Institute of Arts erakundeko kide izendatu eben, bera izanik partaideen artean ingelesez idazten ez eban autore bakarra. 1974. urtean National Book saria beragandu eban eta 1978an Literatur Nobel saria. 1991. urtean hil zan.

Singerren liburu nagusiak aitatzekotan, honakook azpimarratu daitekez, besteak beste: Moskat familia (1950), Lublin-go aztia (1960), Aitaren epaitegian (1966), Egun atsegin bat: Varsovian hazi zan ume baten istorioak (1973)… 1982an Istorio guztiak argitaratu eban eta 1984an Maitasuna eta exilioa izeneko autobiografia emon eban argitara, Ameriketara joan arteko bizipenak batzen dituana. 1997an, egilea hilda egoala, Hudson ganeko gerizak liburuak ikusi eban argia. Nobela honen gaztelaniazko itzulpenari (12) Bernardo Atxagak ipini eutsan berbaurrea, eta esan behar da 50eko hamarkadan New Yorkeko prentsa juduan atalka argitaratu zala; izan be, Singerren lanik gehienek horrela argitaratu ziran liburu modura agertu aurretik.

Liburua

Koro Navarrok bikain itzulitako Zortzi kontakizun liburuari bagagokioz, zortzi istorioz osotutako liburu interesgarri bezain irakurgarri baten aurrean aurkitzen garala aitortu beharra dago. Kontakizunotan Singerrek umetan Polonian izandako bizipenak ez eze, Ameriketara joan osteko pasadizoak eta esperientziak be aurkituko ditu irakurleak. Baina danen ganetik, juduen komunitateko bizimodua eta komunitate horretako partaideen nahiak eta ezinak, pozak eta lorrak dagerkiguz orrietan zebar, maisuki islatuta beti be; eta, era berean, Singerren beraren betiko kezka nagusiak: erlijioa; gizakien barruko grinak eta jokerak; literaturaren muina zehaztu beharra; azkenetan barruntatzen dauan yiddish hizkuntza eta kulturaren etorkizuna…

“Taibele eta bere deabrua” eta “Yentl” (13) kontakizunetan Singerrek maitasunaren alderdi desberdinak damoskuz, juduen maitasun ohituretan fineziaz arakatuaz. Yiddish literaturan ezohikoak ziran egoerak islatu arren, esan geinke alderdirik humanoenetik heltzen deutsela Singerrek gizakien flakezia eta irritsei. Hori dala-eta, kasurako, errukarri begitantzen jaku senarrak itxitako Taibele engainatzen dauan Alchonon sasi-deabrua. Izan be, bakardade bik osotutako istorio samur bat da maitasun-egarri dagozan Taibele xaloa eta Htimirzah deabruarena egiten ahalegintzen dan Alchonon pikaroaren artekoa.

“Henne Suzko” eta “Ahalmenak” —baita “Kafetegia”-n be— ataletan, Singerrek bizitzaz beste aldean bizi diranakaz batzen ditu bizidunak eta pertsonen sineskeria eta mamuen munduan barneratzen gaitu, mundu erreala eta zentzuez haraindikoa nahastuaz, beti be. Singerren berbok ondo be ondo argitzen deuskue joera honen zergaitia: “Mamuen istorioak kontatzea atsegin dut, eta maintien istorioak kontatzeko, hiltzen ari den hizkuntza bat baino gauza egokiagorik ez dago. Mamuek yiddisha maite dute, eta, nik dakidanez, mamu guztiek egiten dute yiddishez” (14).

“Kafkaren adiskidea”, “Kafetegia” eta “Bada hor zerbait” ipuinetan alderdi autobiografikoa nabarmen agertzen da. Lehenengo bietan berak bizi izandako giro literarioaren barri damosku eta bere Maitasuna eta exilioa liburu autobiografikoan ikusten ditugun zenbait pertsonaia kontakizunotan be agertuko dira, izenak apur bat aldatuta badagoz be. Edozelan be, “Kafetegia” atalean idazleak bizi dauan giroak ez dauka zerikusik Varsovian Singerrek ezagutu zituan estutasunakaz. Oraingo idazlea ospetsua da New Yorkeko giro literarioan eta berak aitortzen dauanez lanez ganezka dago: “Nire agenda leporaino dago” dinosku pasarte baten eta kexu da, asti faltagaitik ezin daualako hango jendeagaz denpora gehiago emon: “Ezin izaten dut denbora askorik eman yiddishzale horiekin, lanpetuta nabil-eta beti” (66. or.). New Yorkeko kafetegi horretan Singerrek Polonia txiki aurkitu eban, han yiddish prentsa irakurtzen zan eta hizkuntza zaharraren azentu guztiak entzun eitekezan. Manhattango kalearte zaratatsuan, kafetegi ha umezaroko shtetl-a (15) begitantzen jakon Hudson errekaren ertzean errotu zan idazle poloniarrari.

“Bada hor zerbait” atalean, kutsu autobiografikoa Singerrek juduen erlijioaren eta etxekoen fede sutsuaren aurrean eukazan zalantza sakonakaz lotuta dago. Kontakizun honetako protagonista, Bechev herriko Nechemia errabinoa, errebelatu egiten da Jaungoikoaren kontra, ezin ditu-eta ulertu munduan gertatzen diran bidegabekeriak eta injustiziak; eta hori dala-eta, gogor be gogor egingo deutso Ahalguztidunari: “Zure aintzarako al da hori guztia, Zeruko Hiltzaile hori?” (146. or.). Herritik ihes eginda, anaia ilustratuarenera joango da munduko misterioak argitu guran, baina ezerk be ez dau beteko: “Edozein lekutan zabaldu [filosofoen liburuak], eta beti aurkitzen nuen gezurren bat. Bazen gauza bat liburu guztiek zeukatena: funtsezkoena saihesten zuten, lauso mintzatzen ziren, eta izen desberdinak erabiltzen zituzten gauza bera aipatzeko” (180. or.). Bizimodu mundutarraren miseriak ikusi-eta, azkenean “Bada hor zerbait” esango deusku, isilka esan be: “Bukatua zen Bechev-eko errabinoaren eta Jainkoaren arteko gerra” (183. or.).

Singerrek be, Amor y exilio liburuan antzeko bidaia baten kronika emoten deusku: “Me asomé a los ídolos literarios del momento: Romain Rolland, G.K. Chesterton, Thomas Mann. En sus obras no encontré lo que buscaba” (83. or.). Filosofian be ez eban Singer gazteak bere zalantzak arintzeko argudio nahikorik topatu: “En el fondo todos los filósofos repetían lo que ya había oído de boca de mi madre, que los caminos de Dios (o de la Naturaleza, la Sustancia o el Absoluto) eran inescrutables. No los conocíamos ni podíamos conocerlos” (71. or.). Eta hurrengo aitorpenean adiazoten deuskunez, Singerrek be hor zerbait badagoela pentsatu eukean: “Yo arremetía a menudo contra Dios con una rabia enorme, pero nunca dejé de creer en su existencia” (81. or.).

* * *

Amaitzeko, Singerrek Amor y exilio liburuko pasarte bati heldu gura geunskio, harek eginiko baieztapen batek zelango gaurkotasuna dauan ikusi daigun. Ameriketara joan aurretik, behin Varsoviara trenez joiala, Singerrek gazte poloniar batzuek baserritar judu behartsuak zelan umiliatzen zituen ikusi eban. Egoera lastimagarri haren aurrean, gizakia noraino heldu daitekean frogatuta, etsipenaren ertzeraino heldurik eta suizidioaren muga-mugan egoala (16), gogoeta hauxe egin eban: “Me daba perfecta cuenta de que lo que estaba presenciando reflejaba en esencia la historia de la humanidad. En esta ocasión eran los polacos quienes atormentaban a los judíos, antes eran los rusos y los alemanes los que atormentaban a los polacos”. Eta aurrerago: “A menudo, los mártires de ayer son los tiranos de hoy” (89-90. orr.). Palestinako gaurko egoerari lotzen bagaiakoz, posible da judu umiliatu hareen ondorengoak izatea han, etengabe, ikusten ditugun sarraskien e(ra)gileak. Ziur gagoz Singerrek, gure artean balego, gogor be gogor salatuko leukezala hango bidegabekeriak eta odol-isurtze onartezinak.

Ez ahal da inoiz iraungiko armak, bonbak eta taktika militarrak izendatzeko berbarik ez daukan hizkuntza zaharra! Lagunduko ahal deutsie shtelt-etako eta Hudson inguruko mamu, itzal, iratxo eta dibbuk (17) on guztiek mugarik eta gobernu babesik bako hizkuntzari!

(1) Lan hau inprentan dagoala Koro Navarrori 2003ko Euskadi Saria emon deutsie itzulpen arloan liburu honetan egindako lanagaitik.

(2) http://www.nobel.se/literature/laureates/1978/index.html

(3) Singer, Isaac B.: Zortzi kontakizun, Itz. Koro Navarro, Alberdania-Elkar, Donostia, 2002, 225 or.

(4) Paula Iriberteguik bikaintasun honen isla diran berbok inoskuzan: “Are, iruzkin hau idazten ariko ez banintz, nago Singer izango litzatekeela, urteren bueltan, enetzat, zer hizkuntzatan irakurri dudan jakingo ez nuen horietakorik” (Berria, 2003-08-16, Itzalean, 15. or.)

(5) Honakook ditugu liburuok: Zorrotz begiratutako trenak (Bohumil Hrabal), Zortzi kontakizun (Isaac Bashevis Singer), Atzo (Agota Kristof), Ararat mendiaren samina (Yasar Kemal) eta Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean (Raymond Carver).

(6) http://www.nobel.se/literature/laureates/1978/singer-lecture.html

(7) Yeshivá: (hebraieraz: jesartzeko lekua, Akademia). Talmuda ikasten daneko seminario errabinikoa.

(8) Singer, Isaac B.: Amor y exilio, Ediciones B, Bartzelona, 2002, 22. or.

(9) Amor y exilio, 135. or.

(10) Amor y exilio, 188. or.

(11) Parisen Jon Mirandek eta Txomin Peillenek fundaturiko Igela aldizkariagaz jazo zan moduan, yiddishez idazten eben idazle gazteek Die Junge (Gazteak) izeneko aldizkari bat argitaratu eben Estatu Batuetan “zaharrak” astintzea helburu eukana.

(12) Singer, Isaac B.: Sombras sobre el Hudson, Tiempos Modernos, 2000.

(13) Yentl izeneko film ospetsua “Yentl the Yehsiva Boy” (1983) jatorrizko izena daukan kontakizun honexetan oinarritzen da.

(14) Zortzi kontakizun, 10. or.

(15) Shtetl: yiddishezko shtot (uria) hitzaren diminutiboa. Europako sortaldean juduz osotutako uritxuei emoten jaken izena.

(16) “Es perfectamente posible que de haber dispuesto en aquel momento de una pistola o un veneno me hubiese quitado la vida.” (Amor y exilio, 89. or.).

(17) Dibbuk: hebraieraz “erantsia”. Juduen folklorean, hildako baten deabru edo arima, pertsona bizidun batengan sartzen dana honen portaera zuzenduaz.

Azken kritikak

Kontrako eztarritik
Uxue Alberdi

Sustrai Colina

Jamaikako neska
Joxemari Iturralde

Javier Rojo

Mari-mutil handi baten bluesa
Leslie Feinberg

Onintza Irureta Azkune

Idazleen gorputzak
Eider Rodriguez

Javier Rojo

Oroimenaren xaflakortasunaz
Paloma Rodriguez Miñambres

Javier Rojo

Urtaroak eta zeinuak
Jon Gerediaga

Igor Estankona

Maitasun keinu bat besterik ez
Hasier Arraiz

Iratxe Esparza

Hezurren erretura
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Deklaratzekorik ez
Beñat Sarasola

Javier Rojo

Mundutik mundua
Edu Zelaieta

Javier Rojo

Hezurren erretura
Miren Agur Meabe

Amaia Alvarez Uria

Iraganaren izterrak
Gorka Salces Alcalde

Igor Estankona

Jamaikako neska
Joxemari Iturralde

Estibalitz Ezkerra

Iraganaren izterrak
Gorka Salces Alcalde

Javier Rojo

Artxiboa

Abuztua 2019

Uztaila 2019

Ekaina 2019

Maiatza 2019

Apirila 2019

Martxoa 2019

Otsaila 2019

Urtarrila 2019

Abendua 2018

Azaroa 2018

Urria 2018

Iraila 2018

Hedabideak