kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ezezaguna helbide honetan / Kressman Taylor (Ramon Etxezarreta) / Alberdania / Elkar, 2003

Txikian handi Maider Ziaurriz / Berria, 2003-12-13

Liburu laburra da Ezezaguna helbide honetan. Hasi eta buka egiteko irakurraldi bakarra nahikoa izaten duten narrazio horietakoa. Laburra, baina sakona. Arrastoa uzten dutenetakoa. Azken orria irakurri, eta, liburua eskuetan oraindik, hausnartzeko astia eskatzen duten narrazio gogoangarri horietakoa. Handia baita, bere txikian, Ezezaguna helbide honetan. Txikia luzeran, baina handia eta oparoa edukiz eta literatur balioz.

60 orrialdetan, nazismoa erabat gaitzesten du Kressmann Taylorrek. Baina ez hori bakarrik: adiskidetasuna, maitasuna, gorrotoa, abertzalekeria, mendekua…, hamaika tasun eta keria aurkituko ditugu istorio zirraragarri honetan. Eta gai konplexuak diruditen arren, oso istorio sinplea da, korapilo handirik gabea. Arintasun hori lortzeko, kontatzeko modu berezia erabiltzen du idazleak: bi lagunen arteko gutun trukea. Teknika sinplea, beraz; eta, beharbada, sinpletasun eta originaltasun horrek ematen dio halako indarra eta freskotasuna liburuari. Adierazi baino gehiago, sentiarazi egiten duelako; kontatu baino gehiago, iradoki; bi lagunen arteko harremanaren bidez, bidegabekeriak erakutsi eta ikusarazi.

Adiskide minak dira Max estatubatuar judua eta Martin alemaniarra. Arte negozio bat dute, gainera, Kalifornian. Martin, ordea, sorterrira bueltatzen da familiarekin; baina adiskidetasuna eta negozioak tarteko, ez dute etengo harremana, eta, berehala, gutun bidez emango diote elkarri beren bizitzen berri. Aurki agertuko da, baina, Alemaniako egoera politikoaren isla. Maxek, biziki kezkatuta, hango berri emateko eskatuko dio lagunari, baina Martinen erantzuna ez da izango berak espero duen bezalakoa. Ezezagun bihurtuko zaio lagun handia, eta nazismoaren itzalak itzaliko du bien arteko maitasuna.

Gutunetan antzemango da hori. Hasieran, ohikoa den bezala, txandaka idatziko diote elkarri; baina, gero, bat-batean, isildu egingo da Martinen ahotsa, eta gehiago ez idazteko eskatuko dio lagunari. Maxek, ordea, ezin utziko dio idazteari; izan ere, arreba Griselle Europan barrena dabilkio antzerki obra bat eskaintzen, eta, Alemaniara ere joatekoa denez, arriskuan sumatutako du arreba kutunaren bizitza. Hori dela eta, Martini eskatuko dio haren kargu egiteko. Baina horretan ere huts egingo dio nazi sutsu bihurtu den lagun zaharrak, eta gordin bezain krudel azalduko dio ezin izan zuela ezkutatu etxean; hori egitea bere burua eta familia osoa arriskuan jartzea litzatekeela; atea itxi behar izan ziola, eta bere etxe aurrean hil zutela.

Horren ostean, negozio kontuak izango dituzte lotura bakar, eta gutunak idazten jarraituko dute, gero eta laburrago, gero eta hotzago. Pragmatikak ere zeresan handia baitu liburu honetan. Hala ere, errespetuzko eta kortesiazko hitzak erabiliko dituzte une oro; ez diote elkarri irainik egingo, ez zakar mintzatuko, ez ezer leporatuko. Adiskide zaharra eta gure anaia idazten jarraituko dute, eta harrigarri ere gertatuko da jokabide hori, Maxen aldetik batez ere. Honek, ordea, izango du bestelako asmorik, eta bukaera arte ez gara ohartuko hori duela mendeku hartzeko modurik onena. Katherine Kressmannek idatzitako liburu hau 1938an argitaratu zen lehenengo aldiz; Kressmann Taylor ezizena eman zioten, ordea, istorioa gogorregia begitandu baitzitzaien emakume batek idatzia izateko. Izenak izen, arrakasta handia izan zuen liburuak Ameriketako Estatu Batuetan eta Ingalaterran. Alabaina, Europan ez da ezagutu liburu hau 60 urte geroagora arte. Eta, orain, euskaraz irakurtzeko aukera ere badugu, Ereinek argitaratu eta Ramon Etxezarretak egindako itzulpenari esker. Itzulpena eta darabilen euskara orraztu badaiteke ere, gustura hartzen dira tarteka horrelako aleak, gure liburutegi txikia pixkanaka osatzen eta handitzen joateko.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak