« Efektu(ez)aren ilusioa | Ene arbaso italiar hau »
Neska baten memoria / Annie Ernaux (Aiora Jaka) / Igela, 2024
Bizitza lerroarteetan Asier Urkiza / Berria, 2024-11-03
Euskaratutako Annie Ernauxen zazpigarren liburua da Neska baten memoria —Memoire de fille jatorrizko izenburuan—. 2016an kaleratu zuen autoreak, hain justu, euskaraz ere aurki daitekeen Begira zenbat argi, maitea baino bi urte geroago. Azken hogei urteotan ohiko bilakatu zaio Ernauxen izena euskal irakurleari, itzulpen kopurua dela-eta batez ere. Are ohikoagoa 2022ko Nobel sariaren ondoren. Suediako akademiarenak haren lanak zabaltzeko eta argitalpenak ugaritzeko balio izan badu, gaitz erdi.
Gertaera zehatz bat berreraiki nahi izatetik abiatzen da liburua. 1958ko uda da, eta Annie Duchesne izeneko 18 urteko gaztea udaleku batera doa begirale aritzera. 50 urteren ondoren, ordurako idazle lanbideari emana, Annie Ernaux izeneko idazlea han izandako lehenengo sexu esperientziaz eta horrek ekarritako ondorioez idazten saiatuko da. Gertaerak berak eta protagonistaren gaztaroko bi urteren kronikak adinako garrantzia hartzen du liburuan hura berreraikitzeko autorearen ahaleginak. Akordura ekarri nahi du garai hori, garai hartako bere nia. Funtsean, bere burua ulertu nahi du hain arrotz zaion ni horri buruz idazten. Pasarte laburretan joango dira tartekatzen oroitzapenen kontaketa, idazlearen horien gaineko juzguak eta, batez ere, hura berreraikitzean sortutako duda-mudak.
Ondua da liburuko Ernauxen idazkera, bere lehenengo obretakoa baino pausatuagoa, halako leuntasun baten jabe. Harrigarria da, esaterako, nolako leuntasunez egiten duen jauzi lehenengo pertsonatik hirugarrenera, zein aise oroimenen denboratik idazketarenera, irakurlea konturatzeke ia. Autorearengan ohikoa den bezala, orobat, prosa arinez kontatzen ditu gertaera gogorrak, sumisioan oinarritutako lehenengo harreman sexualarena, kasurako. Duchesne neskatoarekin gupidagabe arituko da Ernaux, baina betiere ankerkeriarik gabe, gehiegizko lohitzerik gabe, hura —hortaz, bere burua— ulertzeko ahaleginean dabilenaren erabakitasunez baizik. Finean, neska hura ahazmenetik atera nahian ari da. Ernauxek dioen legez, kontakizuna, literatura aukeratu du horretarako, ezkutuko tolesak azaleratzen beste edozein baliabide baino zorrotzagoa delako.
Izan ere, idazketari buruzko hausnarketa dago pasarte askotan. Errealismo deitu izan zaion horren ikuspegi konplexua du Ernauxek. Haren literatura, itxuraz sinplea, muturreko apustu baten ondorio da. Bere bizitza ulertzeko tresna gisa ezartzen du Ernauxek idazketa, errealitatea deritzogun zera zehaztugabe horri neurria hartzeko modutzat. Hala, bestela atzemanezinak liratekeen eta, bitxiki, literaturak baizik jaso ezin ditzakeen fluxu horren zertzeladak harrapatzen tematzen da. Gertatu zena berreraiki nahi du bere burua deseraikitzeko eta lurperatutako lotsa hura, ezabatu bainoago, ulertzeko. Aipu honek ondo laburbiltzen du Ernauxen estiloa —autoreak berak galdetzen du ez ote den berau liburuko egiarik handiena—: “Ez naiz kulturala; gauza bakar bat axola zait: bizitza eta denbora harrapatzea, ulertzea eta gozatzea”.
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Iraitz Urkulo