kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Mesfida zaitez / Bea Salaberri / Txalaparta, 2024

Mesfida zaitez hurkoaz, baita zure buruaz mesfidatu ere Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-10-18

Sar-hitza

Mesfida zaitez eleberria (Bea Salaberri; Txalaparta) ETAren borroka armatuaren azkenaldiaz ari da, memoria historiko-politiko-berriaz ari zaigu, baita fikziotik ari ere. Thrillerra da. Badauka zer komentatua: zer komentatua generoari gagozkiola, zer komentatua bere estetikari buruz, ETA fenomeno politiko-soziala-armatuari buruz —etakideen ideologiaz eta militantismoaz—, baita nobela gauzatzen den jendarteari buruz ere. Badu, hain ziur ere, komentatzeko arlo aunitz. Nik bakar batzuk landuko ditut.

Bi ataletan osatuta dago. Laurendia Etxarte Maika protagonistaren bi bizialdien ariora gauzatua. Lizarra-Garazi akordioaren ondorengo garaian hasten da lehen partea. Bigarrena, berriz, hamar bat urte geroraxeago edo: Erakundearen armagabetzea gauzatzen hasten den garaia, hor nonbait. Garai horiek Laurendiaren biziaroaren berealdikoak dituzu: unibertsitate garaitik —18 urtetik— emantzipazio garaira —33 urtera— bitartekoa. Laurendiaren istorioa ETA fenomenoaren azken belaunaldiaren gaineko historia da. (H)istori(o)a Iparraldean gauzatua da, fenomenoaren epizentroa Hegoaldean izanda ere.

Oharra: sarrerako hau, handi-handika eta lau zertzeladatan egina duzu.

Harian ari, mamiaz ari

Iniziazioko nobela begitandu zait. Ez hartu balorazio gutxiesgarritzat. Niretzat hala duzu. Baliteke, literaturara iritsi berria den azken belaunaldiko zaleentzat nobela neurritsua izatea. Dena dela ere, irakurle bakoitzak bere taxua, eskertzekoa da Bea Salaberriren seta eta ahaleginaren emana. Darabilen euskara joria duzu. Biziki joria. Arrunt joria. Joan doan mundu baten agergarria. Emeki-emeki aienatzen ari den jendarte baten galeraren adierazlea. Hiltzen ari den bere euskalkiaz ari naiz.

Oharra: orrialde bakoitzean lokuzio edo ele ez ohikoren bat azpimarratuko duzu.

Euskal literatura euskal munduaren idiosinkrasia bizirik atxikitzeko bada —hizkuntzarena, bertzeak bertze—, nobela honek ederki betetzen du funtzio hori. Nago baina —azken 50 urteetako euskal literaturaren bidea aintzat harturik—, euskararen errealitatea ez dela fikziozkoaren heinekoa. Mesfida zaitez eleberriari gagozkiola —euskarari buruz ari naiz—, fikziozko hizkuntzak aise gainditzen du errealitatezkoa. Erran bezala, horixe da literaturaren ekarpenetako bat. Hori horrela izatea nobelagilearen meritua da. Txalogarria.

Oharra —haatik, hona itauna—: belaunaldi berriek irakurriko al dute eleberri hau?

Nobela iniziatikoa izatearen nire zergatiak. Nobelek akats arrisku bat izaten dute, eta da: garaiko denborazkotasunari leiala izatea. Mesfida zaitez nobelak disfuntzioren bat edo bertze badauka. Ez larririk. Ez dute traman eraginik. Tramaren garapena arras lineala da. Analepsi bat edo bertze tarteko, iniziazioko nobela duzu. Iniziazioko nobela izatearen bertze ezaugarri bat, nire irakurketan, hauxe: irakurketa azkarregi joan zait. Elkarrizketak “egokiak” izanagatik, ingurumariaren deskribapenak “zehatzak” izanagatik, kontakizunak ez dizkit gogoeta berri anitz eragin. Alegia, nire pentsamendua narratzailearena baino zaluago joan zait. Déjà vu delakoak déjà dit dira narrazioan. Niretzat, jakina. Eta ez betiere, noski.

Mesfida zaitez gauzatu ahal izatea, idazlea nobelaren narratzailea izatearen zoriari dagokio, Bea Salaberriri dagokio. Idazle izate soilarekin —hizkuntzaren eta idazletzaren trebetasun jabe izatearekin— ez luke kontalariaren zeregina bete ahal izan. Erran nahi baitut, idazlea (h)istorio(a) honen partaidea izan da hein batean edo bertzean. Literatura hainbat moldez eta bitartekoz gauzatu daiteke, alabaina, bizitzaren esperientziak ematen dizkio literaturari funtsa, grazia eta balioa. Nobela honi, bistan denez, hiru bereizgarri horiek igartzen zaizkio.

Mamiaren ariora

Sar-hitzan erran gisan, nobela honi hainbat arlo esleitu ahal zaio. Nik, batez ere, nobelako subjektuen gainean erreparatu nahi dut. Erreparatu, Iparraldeko elearen eta Hegoaldeko hitzaren adieratan. Bigarren adiera aintzat harturik, hona nobelaren zenbait gako-hitz: Klandestinitatea. Militantismoa. Borroka armatua. Erakundea. Herria. Maiuskulaz idatzi ditut beren-beregi.

Klandestinitatea: Laurendiaren aitak honela diotso alabari: Mesfida zaitez. Ez zaitez bizi beharko duzunaz fio, alegia. Aitak errana, amak edota nebak errana izan liteke. Baita lagunek errana ere. Laurendiaren arbasoek erlijioaren fedea praktikatu zuten nola, militanteek “politika”-n engaiatu diren burkideen konfiantzan sinesten dute. Militanteek fede-konfiantza diote elkarri, fedea-konfiantza euskarri baitezpadakoa da borroka bidean. Alta bada, militantea kausa politikoa dela bitarte klandestinitatera pasatzen denean —sasitar bihurtzen denean— burkideekiko konfiantza zalantzazko jitea bihurtzen zaio. Legez kanpo aritzeak militantea pertsona erreserbatua bihurtzen du arras, bere sekretuak isil-gordean eraman behar ditu. Militantearen jiteak pertsona “pertsonaia” bihurtzen du. Klandestinitateak militanteak ilegalagoak bihurtzen ditu eta legalitatean bizi direnengandik urruntzen ari direla erreparatu behar dute. Jardueraren inertziaren poderioz jendartearen errealitatetik at paratzen dira. Urteak joan ahala, defendatzen omen duten jendartearengatik geroz eta urrunago kokatuz.

Militantismoa: fedea aipatu dut arestian. Konfiantza fede kristauaren aldaera dugu kultura postmodernoan. “Politika” erlijio molde bat bilakatu da gaur egun. Doktrina suerte bat. Ismo bat. Militanteak sinesmenean oinarritzen ditu bere egina eta izana. Idealismoan funtsatzen da. Alderdi, talde edo klan baten barruan dihardu, baina klandestinitatean isolatua. Militanteak ez du pentsatzen —edo ezin du pentsatu— aipatu taldeen markotik at. Berez pentsatzea bere iritzia aldatzeari aukera ematea da, taldearen iritziaren aurka pentsatzea. Bestera pentsatzeak inguratzen dutenen ikuspuntua aldatzea ekarri lezake. Klandestinitatean pentsatzea arriskatzea da. Berez, militante klandestinoa ausart lanjerosa izaki jadaneko.

Militanteak armak ontzat jotzen dituenean, borroka armatuaren jarduerak bere borroka intelektuala eten egiten du. Fede ona edo txarra gorabehera, bere sinesmenak defendatzea berebizikoak zaizkio bere kausa defendatuko badu. Bere bizitza arriskuan dago eta bizirik jarraitzeko bitarteko guztiak baliagarriak eta onargarriak bihurtzen zaizkio. Erresistentzian jarraitzea, borrokari atxikitzea eta ihardukitzea “garaipen moduko bat” da berarentzat. Horra erresistentziaren paradigma.

Militanteak defendatzen omen duen Herriaren onespena behar du. Baiespen horixe du konbentzimendu nagusia. Konbentzimenduaren poderioz —euskaldun— izanaren harrotasuna harrokeria bihurtzen zaio. Altruismoaren printzipioak itzulikatzen ditu bere aldera. Gaizki endelegatutako altruismo baten zirimolak inarrosita bizi da. Bere dialektikan akatsek ez dute izaterik. Bere diskurtsoa erretorikoa da. Pentsatzeko eta obratzeko moldea egian eraikitzen du; fedea-konfiantzaren ildoan. Arrazoibidea ilusio bat da. Ideiak ez datoz bat errealitatearekin.

Bere ideiak bere sinesmenaren arabera eta etsaiaren kontrakarrean eraikitzen ditu. Etsaiarekiko kontrakarrean zertu duen izanak bere ahuldadea agertzen du. Bere jarduera, bortxazkoa kasurako, bere beldurrarren adierazlea da. Konfundituta dagoela onartzea etsaiaren kontzientziari amore ematea da.

Borroka armatua: Borroka armatuaren eraginez bidez bide sortutako ezinak, kalteak eta minen ondorioz, “Borroka armatua” bere sorreran ukan zuen espresioaren hitzaren beraren eufemismoa bilakatzen da. “Borroka armatua” adiera “iraingarria” izatearen posibilitatea uxatu dute haren eragileek. “Borroka armatua” adierak taxu txarreko jarduera ezkutatzen du. “Borroka armatua” espresioak —espresio dialektikoak— atsegina ez den edo gutxiesgarria den jarduera bat makilatzen du. Borroka armatuaren jarduerak pertsonen biziak kalitzen dituela “ezabatzen” ditu militanteen kontzientziatik. Borroka armatua ERE Totem bat bihurtu da. Totem horrek naturaz gaindiko objektu baten jitea hartu du, kulturen mitologietan klanaren edo pertsonaren jitea ikurtzat hartzen den legetxe.

Oharra: nobela honetan mitoak badu izana, bistan da, baita erritoen zeinuak ere. Mikel militantearen harrien jokoa edo sinesmenak horien lekukoak.

Erakundea: Totem handiena duzu nobela honetan, baita errealitatean ere. Izan ere, nobelako fikzioa errealitatean funtsatua baita. Erakundea. Maiuskulaz. Erakunde horren partaideentzat Erakundeak betirako oinarria, egonkortasuna, sendotasuna edota iraupena ditu. Jainkoa suerte bat da. Jainkoa nola, Erakundea hala. Izaki etereoa izanagatik ere. Hots, izate ukigaitz, ukaezin eta zehaztugabea da. Izate sublimea.

Bigarren atala desarmatzeaz ari da. Nobelak ez du erraten, baina errealitatean Erakundeak “armak herriaren eskutik jaso zituela eta herriari itzultzen zizkiola” idatzi zuen azkenetako agiri batean. Fikzioaz landa, errealitatean, errealitatean nobelan agertzen diren Iparraldeko laborari eta eragile sozialen bitartez itzuli zituen ETAk armak, alabaina, armak jendarmeen eskuetan utzi zituen.

Ikaspena: arlo horri dagokionean nobela honetako fikzioak ez du errealitatea gainditzen. Errealitateak, aitzitik, ondo baino hobeto erakutsi digu Erakundea delakoaren amaiera. Funtsean, bere buruaren jabe ez den erakunde bat bihurturik.

Herria: Maiuskulaz hau ere. ETAko militanteak —ez etakideak bakarrik— herriaz ari direnean maiuskulazko Herriaz ari dira. Tira, aritu izan ziren. ETAko lehen belaunaldiko kideak Herria “izan ziren” urtetan. Belaunaldiz belaunaldi deuseztatu joan den paradigma eta arketipoa, denboraren poderioz, ezinbertzean eta halabeharrean deuseztatu ere. Herrikideen geroz eta konbentzimendu eskasagoa dela medio deuseztatu ere. Azken belaunaldikoak fede handikoak izan arren —burkide konfiantzazkoak izan arren—, borrokalari horiek ezin izan zuten erroten tamainako (h)ostiak —bi adieratan— jasan eta irentsi ahal.

Badago endelegatzea funtsezkoa den kontu bat eta da. Borroka armatuaren jarduera “gerra” bat bihurtu zuten iragan belaunaldiko militanteek. Etsaiek behar eta nahi zuten “gerra” bihurtu ere. Hala izanik, nobelan ondo baino hobeto islatzen da “gerra politikaren luzapena edo segida dela” delakoa. Euskal gatazkan edo fenomeno honetan guztiz alderantziz gertatu da ordea. Nobelan “urtetan errefusatua izan zen jarduera politikoa heldu da ‘gerraldia’-ren ondorengo garaian”. Errealitatean ere bai. Armak uztea “egokitu” zaien azken belaunaldiko militanteak politikaz mesfidatzen dira. Alegia, ez dute politikan konfiantzarik. Politika konbentzionalean jarduteko konfiantza galdu dute, erlijioan fedea galdu zuten lez. Armen bitartez “politikan” jardun duten militanteek ez dute politikan federik ez konfiantzarik.

Oharra: armak uztea “egokitu” baino, armak uztea “tokatu” zaie. Bizitza loteria suerte bat da.

Ikuspenak eta ikaspenak

Laurendia Etxartek, euskal herri langilearen aldeko borrokalariak, Herriaren alde bizia eman dueno —eman bitartean—, ama eta sortetxea galdu ditu. Kontu, auzi edo arazo errealen aitzi egin beharrean, hamarkadaz hamarkada larregi eta sobera luzatu izan zen borroka antzu baten alde aritu izan da. Iraultzek prometatzen duten paradisuaren xerka ari izan deno —aritu bitartean—, lur gaineko paradisua izan zitekeen familiaren Urgorria etxaldea galdu du. Hagitz adierazgarria.

Ikuspena —Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko dikotomietako bat—: Iparraldeko borrokalari abertzaleak beren lurraldeari atxikitzeko borroka-lurtar-erreala gauzatzeaz batera, hegoaldeko borrokalari abertzaleen borroka-zerutiar-utopikoaren aldeko sostengua eman dute urte luzetan.

Ikaspena: Hegoaldeko iraultzaileen utopiek herri honentzako askatasun osoa —ekarriko zutela— “irudikatu” zuten belaunaldiz belaunaldi. Hastapeneko “zentzuzko” borroka armatuaren desbideratzearen ondorioz, euren utopia distopia bilakatuz joan zen. Irudimenezko errealitate bat eraiki zuten klandestinitatetik. Urteak joan ahala, errealitatearekin ezinbestez talka egitean, jendarte “perfektua” sortuko zutelakoan infernuaren aukera egitate-erreala bihurtu zuten.

Argi eta garbi gera dadin

Nobelan badira borroka armatuaren osteko aro politikoaz mesfidatzen diren militanteak —errealitatean diren legetxe, ATAren aldekoak edo euren modukoak, kasu—. Galdera bat: zergatik ez zen egokia bide politikoa hartzea Aljeriako elkarrizketen harira, Lizarra-Garaziko akordioaren harira, edota Loiolako elkarrizketen eta akordioaren harira? Zergatik bai, nobela honen garaian?

Oharra: ez bilatu erantzunik. Ulertu nahi ez duenak ez du erantzunik sekula aurkitzen. Bea Salaberriren Mesfida zaitez nobelan, aldez edo moldez, erantzun horiek kausitu ditzakezu. Beraz, ez dezala nehork oker ulertu ez gaizki interpretatu nik adierazia. Idazleak, Laurendia Etxarten bitartez, zalantzan jartzen ditu burkide askoren sinesmenak, estrategiak edota jarrerak. Baita, nik paratutako Klandestinitatea. Militantismoa. Borroka armatua. Erakundea eta Herria delako totemak auzitan eman ere. Nobelaren bitartez, bistan da, bere gisara.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak