kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Gurpilak / Eztizen Artola Iturrate / Txalaparta, 2024

Bira eta bira Irati Majuelo / 2024-10-13

Gurpilak abagune eta kondena du biribiltasuna. Bira eta bira, behin mugitzen hasita, ezin du bere burua geratu. Narrazio honetan ere, gurpilaren mugimenduaren antzera jazotzen dira Ihintzaren egunerokoan bidaiak, bisitak, angustiak, galderak. Errepikapena du arau, bira eta bira, baina mugimendu hari esker, aurrera egiten du, gurpilen antzera.

Ihintza protagonistaren bidez azaltzen du Eztizen Artolak gurasoetako bat (edo biak) preso dituzten umeen errealitatea. Hala, “haur motxiladunei” buruz mintzo den eta horiei ahotsa ematen dien lan originala idatzi du, orain artean fikziora ekarri gabeko gaia izan baita. Singularrean izendatu den Euskal Gatazkari (armatua, maskulinizatua, etab.) ertz eta bizipen ez-hegemonikoak gehitzen dizkion liburua da. Izan ere, sakabanaketa eta kartzelaldia espetxetik kanpo bizi duten emakumeak jartzen ditu erdigunean, eta, era horretan, idazlearen hautuak oihartzun egiten du azken urteotan euskal feminismoaren pentsamendu korrontetik egin diren proposamenekin, hots, “Euskal gatazka” bat eta bakarra baino, gatazkak pluralean ulertzeko beharrarekin.

Nerabe bihurtzear den haurraren perspektibatik, aitaren espetxealdian bizitako gorabeherak kontatzen ditu liburuak, baita etxerako itzulerak eragiten dituen gatazka eta beldur berriak ere. Tartean hainbat kartzela igarotzen ditu Ihintzak, Mansilla de las Mulas, Burgos, Daroca, baita haurtzaro oso bat ere. Espetxea jazarpen instituzio gisa agertzen da, eta haren aurrean, desgaraian heldu bilakatutako haurra. Ume txiki baten xalotasunetik abiatu eta udalekuak, urtebetetzeak eta Aste Nagusiak baldintzatuta bizi ahala kontzientzia hartzen duen gaztetxo bat igar daiteke Artolaren lehen nobelan. Estilo arina eta haurraren ikusmoldea nagusi badira ere, zenbaitetan protagonista hausnarketa sakonagoetan murgiltzen da, bizi duen errealitatea azaltzeko beharrak bultzatuta.

Hala ere, helduen pentsamoldera hurbiltzen diren gogoeta horiek emozioen eta bizipen konkretuen bidez orekatu ditu idazleak. Ederrak dira, esaterako, haurren artean sortzen diren harremanak, jolasak eta babes keinuak. Umearen perspektiba galdu gabe, interakzio horietan igartzen da bereziki inozentziaren eta errealitate bortitzaren arteko talka. Halaber, esanguratsuak dira zenbait pasarte, non Ihintza nerabeari emozioek gainezka egiten dioten. Helduek gidatutako mundu batean, bere bidea egin nahian igar daiteke horrelakoetan protagonista, bere buruarekin borrokan, sentitzea tokatzen ez den hori sentitzeak dakarren ezegonkortasuna eta gordetako sufrimenduak sortzen dituen eztandak kontrolatzeko saiakeran.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak