kritiken hemeroteka

8.553 kritika

« | »

Detaile xume bat / Adania Shibli (Aitor Blanco Leoz) / Igela, 2024

Okupazioaren diptiko bat Ibon Egaña / Deia, 2024-09-14

Iaz Alemanian jasotzekoa zen LiBerarturpreis saria bertan behera utzi izanaren ostean izan genuen irakurle askok Adania Shibli idazle palestinarraren berri, ordurako nobelagile gisa ibilbide oparoa egina bazuen ere. Argitaratutako literatur lanen artean laudatuenetakoa du orain Igelak euskaratu duen Detaile xume bat. Israelen okupazioak eta genozidioak zigorgabe jarraitzen duen sasoian ezinbesteko irakurgaia behar luke Shiblirenak, ez soilik egungo sarraskiaren erroak ezagutzen laguntzen duelako, baina baita obra literario gisa duen balioagatik ere. Aitor Blanco Leozen itzulpen ederra aldeko du, gainera, euskal irakurleak.

Diptiko baten forma du eleberriak, lotura hasiera batean ausazkoa duten bi atal ia independentek osatzen dute testua. Lehen erdian, 1949ko abuztuko gertaerak daramatza fikziora egileak: Nakba-ren osteko udan Negev basamortura bidali zituen Israelek militarrak, inguru hartan bizirik zeuden arabiarren eta beduinoen bila. Destakamenduko ofizial batengan fokua jarrita, kanpamenduaren 5 eguneko ibiliak xehe kontatzen ditu narratzaileak, bereziki beduino talde batekin enkontrua izan eta neska bat bahitu zutenekoa. Bigarren atalean, edo diskoaren B aldean nahi bada, emakumezko narratzaile izengabeak bidaia hasten du inguru haietara, XXI. mende hasieran, “detaile xume batek” hartaratuta: 1949ko egun haietatik 25 urtera jaio zen bera (idazlea bezala, bestalde), eta kasualitate horrek darama autoa hartu eta hegoalderantz egitera, sionistek hamarkada batzuk lehenago egindako krimenen egia argitu nahirik.

Bigarren ataleko narratzaileak, autoan doanean, bi mapa daramatza aldean: 1948 aurreko Palestinakoa bata, eta Israelen gaur egungoa bestea. Pertsonaiari bi mapak gainjarri eta erkatzean sortzen zaionaren antzeko efektua sentitzen dugu irakurleok ere bi istorioak elkarren jarraian irakurrita. Mugak ezartzen ari direneko muturreko bortxazko unea eta mugaz basitutako lurralde okupatu batean barrena egindako bidaia ematen ditu ondoz ondo nobelak. Erroak urrun dituen eta etenik ez duen indarkeria kolonialaren bi une irudikatzen ditu Shiblik eta pentsarazten digu zenbait une historiko bigarren aldian ere tragedia gisa errepikatzen direla.

Diptikoaren formak garaiak elkarren segidan paratzeko ez ezik, zenbait kontraste irudikatzeko ere balio du nobelan. Egiaren eta memoriaren inguruko hausnarketa eratortzen da hortik, esaterako: gizon militar kolonizatzaileen egia museoetan dago jasota; indarkeria jasandako emakumeen bertsioa ez da eskuragarria, eta egia bilatzen duen emakumeak bortizki baino ezin du aurkitu hura, bere gorputzean. Hautatutako forma literarioak ere kontraste horren zerbitzuko daude doi erabilita nobelan: hirugarren pertsonaren distantzia dago lehen atalean, paragrafo zein atal laburretan osatutako prosa ziurrago bat; bigarren atalean, lehen pertsonan entzuten dugu bidaian doan emakumearen boza, barne-jarioari erantzuten dioten paragrafo eta esaldi luzeagoetan.

Ane Irazabalek liburuaren hitzaurrean gogoeta egiten du Palestinako egunerokoari hitzak jartzearen zailtasunaz. Shibliren nobela da fikzioak horretarako duen ahalmenaren lekuko: xehetasunei arreta jartzeko duen artearekin, gorputzen mugimendu, usain, zauri eta dardarei erreparatzeko duen trebetasunarekin, eraman egiten gaitu oraingo zein lehengo Palestinara, eta okupazioak gorputzetan, bereziki emakumeen gorputzetan, eragindako bortizkeriaren lekuko hurbil egiten gaitu idazleak.

Azken kritikak

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak