« Sismologia emozionala | Haien izenak ere abestu ditzagun »
Nazionalismoaren alde eta aurka / Joxe Manuel Odriozola / Elkar, 2024
Nazionalismoaren tesia eta antitesiaren sintesia Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-06-01
Hitzaurrea eta hogeita hiru: 24
Hogeitalau atalek osatzen dute Nazionalismoaren ALDE eta AURKA liburua, Hitzaurrea barne. Joxe Manuel Odriozola saiogilearen aldekotasunak eta aurkakotasunak xehetzea dut xede, atalez atal. Lehen atalaren harian ari nauzu hitzaurre labur honetan. Premisa zenbait, gaia dastatu aldera. Bat: estatu-nazionala da nazioaren ideologia egituratu duena. Bi: nazionalismoaren paradigmak asko eta askotarikoak dira. Hiru: nazioaren alde egoteko arrazoia, batez ere, hizkuntza, kulturan eta herri identitatean kausitu dezakegu. Lau: nazio zapalduak daude eta nazio espantsionistak/zapaltzaileak.
Nire burutapena: nazionalismoaren aurka egoteko arrazoiak alor sozioekonomikoan manifestatzen dira, alta bada, estatu-nazioak dira gerra sustatzen dutenak. “Ekonomia” eta “gerra” eskutik doaz. Hots, Contradictio in terminis. Halatsu taxutu ohi dugu bizitza.
Hitzaurrea laburra eta mamitsua da oso, liburu osoa legez. Nazionalismoa ideologia bat da eta berau hauspotzen duten mugimenduak munduan garatzen dira. Munduak mundu, mundu globala —mundu bakarra— gailentzen/nagusitzen ari da. Nazio-identitatea justizia sozioekonomiko globalaren arabera ebazten da. Nazio zapalduek nazioa egituratzeko dituzten aukerak gero eta urriagoak dira. Alabaina, nazionalismo hegemonikoaren kideek diotenez, nazionalismoa iraganeko kontu bat da. Ipuina alegia, iragan gauetako ilusio bat.
Galdera: ba al dago, gaur egun, nazio egituratu/zapaltzaile ez den nazio-identitate bat sustatzerik?
BAT
Identitate nazionaletik identitate konplexura. Galderarik galdera, beste bat: ba al dago gizaki osoa-askea izaterik nazio-identitatearen markoan? Izan ere, identitate nazionalak konplexua bihurtzen du giza-izaera, eta areago konplexua izatea zapaldua denean. Euskaldunona, berbarako. Edo, tira, agian ez. Edo printzipioz ez. Izan ere, norbanakoak identitate anitz eta konplexua izatea/garatzeak geruza askotako nortasun-tolesturetan sozializatzen lagundu dezake. Haatik, Joxe Manuel Odriozolak ez du begi onez ikusten hainbat pentsalarik profesatzen dutena: horiek nazio-identitate kolektiboaren ahalmena goraipatzen dute, baina modu kaltegarrian eragiten dute jendartean, ez baitute gizarte berau “egituratzen duten hierarkiak” kontuan hartzen. Alegia, ez dute hierarkia berauek kritikatzen.
Odriozolari, Altzoko (Gipuzkoa) saiogileari, kultura-testuinguru jakin bateko altzokoa izateak berealdiko segurtasuna eta berebiziko autoestimua ematen dizkio. Nire gardiz —euskal nazionalismoaz ari naiz orain— nazio-identitate konplexua eta zapaldua bizi dugunontzat segurtasuna eta autoestimua funtsezkoak dira nazio-identitate osasuntsu batekin bizitzeko. Horrek baina, ez du nazio-izaera-kolektiboa eraikitzea bermatzen. Ez dirudi nazio-estatu eraikitzeko egoera egoki bat bizi dugunik. Ez horixe. Behin eta hasteko, nazio-identitatea identitate globalaren markoan jokatzen/eraikitzen baita.
Aburu bat, nirea: nazio-zapalduok —euskaldunon kasua— estatu-nazioa eratu zireneko trena galdu genuen. Nire ezkorrean, tren hori ez da berriz pasako. Hots, estatu-nazioa eraikitzeko aukera iragan zen, eta iragana da.
Politikaren esparrura heldu gara. Bereiz ditzagun politika eta politikoa. Politika arloa elite bati dagokio, politikoa berriz herritar guztioi. Herritar eta hiritar guztioi. Politika uneon —gurean, Europan— printzipioz eta de iure demokrazia sistemaren arabera eratuta dago, baita kontsolidatuta ere. Demokrazia delakoa krisi gorrian izanda ere.
Iraganean, behinola, euren nazioarentzat estatu-nazioa eraiki zutenek ukatzen dute nazionalistak direla gaur egun. Gainera, nazioa eraiki nahi dugunoi nazionalismoa ideia zahar bat besterik ez dela dioskute. Iraganeko ideia eta asmoa, alegia. Bistan da, bistan denez, euren nazio-identitatea estatu-egituren ahaltsuetan ez ezik, gizarte-egitura-ekonomiko sendoetan bermatuta dago. Berauek ez dute nazio-identitatearen aldarrikatu beharrik. Beraz, hala berean ere, nazio-estatu horien barruan osatu diren jendarteentzako, nazionalismoa modaz pasatutako nahikeria da.
Hortxe dago koska. Koskak badu ertzik, badu funtsik. Gakoa ordea, ez dago nazio-identitatea zapalduon eskura. Eskuratzeko aukerarik ba ote? Hots, nazio-identitatearen trena galdu zuten herriek ba al dute bizitza duintasunez eraikitzen lagunduko dien modurik. Ba al dugu nazio bat eraikitzerik? Merezi al du? Nazio-identitatea eraikitzea konplexua da eta kontraesanez beteta baitago. Horiek horrela, demagun, baietz. Saiogile honen ildoan, bi arrazoi: badago eta merezi zaigu hizkuntzan eta kulturan oinarritutako nazio-identitatea eraikitzea. Nola ekin hizkuntzari eta nola sustatu kultura, ordea? Idazlearen gomendio bat abiatzeko: bi izate/arrazoi horiek baztertzen dituen nazionalismoak abertzaletasunaren bidea bertan behera utzi behar du.
Hizkuntza eta kultura. Bi kontzeptu horien gainean gogoeta bat, Odriozolaren jardunaren harian. Pertsonon psikologiak nekez onartzen du nazio-identitate konplexua. Gaur egungo gizakia —XXI. mendekoa— psikologia berezi batek markatuta dago. Ideologia des-ideologizatu batek zeharo inpregnatuta. Ideologiak —emozioen eta sinesmenen arau-multzoa, besteak beste—, iragan hiru mendeetan eragin itzela izan zuen gizakiongan —oro har, kalterako onerako baino—, gizabanakook errealitatetik urrun, utopiek akuilatuta jardun izan dugu. Antzinako erregimenetan erlijioak nola, modernitatean, ideologiak zeharo desorekatu du pertsonaren identitatea. Areago, nazio-identitate ahula duen gizabanakoaren kasuan.
Gizabanakoa ez bada gauza bere burua autodeterminatzeko, alferrikakoa da autodeterminazio-politiko-kolektiboa gauzatzen saiatzea. Erran nahi baitut: ez dago hizkuntza eta kultura-aniztasuna bermatuko dituen nazio-identitate partikularra gauzatzerik. Modernotasun osteko identitate-konplexu unibertsalak ez du identitate-konplexu-partikularra gauzatzen laguntzen.
Hizkuntzan bermatutako —euskaran, gurean— nazio-identitatea xede, aburu bat: kultura —kulturaren adierazpena— oker erabilitako kontzeptua da. Kultura, gaur egun, jendarte bateko —sortzaileen— arte-espresioa legez erabiltzen da. Jendarte baten kultura baina, bere izate ekonomiko, sozial, zientifiko-teknologiko, politiko, moral, etiko edota erlijiosoak karakterizatuta dago. Kultura egungo eliteek eta hierarkiek nahieran erabilitako kontzeptua da.
Labur zurrean: idazle bat eta espaloiko eskale bat jendarte baten kultura-espresioak dira. Idazle bat eta espaloiko eskale bat jendarte baten kultur-espresioak dira. Biek ala biek osatzen dute nazio-identitatea. Idazlea ez da eskalea baino “kultu”agoa. Kultura, egungo kultura, sistemaren konstruktu bat da. Tokian kokiko nazio-sistemaren interesen arabera eraikia.
BI
Nazio-alderdikeriaren argi-ilunak. Erran nahi baita: nazio-sistemaren interesak giza-izaeraren gainean daude. Hori gauzatzeko, nazio-supremazistek bortxa estrukturala darabilte. Nazio-identitate sendo baten kariaz, gizakion izaera materiala eta espirituala arras ukatzen/kaltezen dira. Ukapen hori nazio-identitatea bermatuta dutenengan ematen da, eta are nabarmenago ageri da nazio-identitate ukatuta bizi dutenengan. Are, beren nazio-identitatea zapalduta bizi duten erreboltariei bortxa-zuzena —estatu-terrorismoa— aplikatzen zaienean —beharrez eta halabeharrez, nazio-estatuen erranetan— nazio-identitate-kulturala erabat kolpatuta izaten da.
Nazio-izaerak kontrobertsiak eta kontraesanak eragiten ditu norbanakoarengan. Eztabaia sorraraztea ez da kaltegarria berez, kontraesana berriz, pertsonon izaera delakoan dago. Okerra da uste izatea, esaterako, esparru-nazionalaren eta internazionalismoaren esparruaren artean justizia-sozial global bat gauzatu daitekeenik. Nazio-identitateak jende-identitatea mugatzen du, eta areago nazio-identitatearen subjektua ukatua/zapaldua denean. Kontraesana, ezinezkotasunaren adierazle behinena da.
Gizateriari buruzko filosofia zabal eta ideologia barne-biltzaile bat behar dugu. Hitz horiek Odriozolarenak dira. Baita “komunitate unibertsal bateko kide sentitzeak ez lukeela berez, nazio-identitatearen ekosistema zertan arbuiatu behar” adierazpen hau ere. Nazio-supremazisteetako kideek komunitate unibertsal bateko kideak sentitzen direla diote, alta bada, ez dira nazio-ukatuetako kideak. Nik ez dut sentitzen adiera hori erabiltzeko gura/beharra. Ezen eta, nazio-identitatearen izaera sentimenduen arabera neurtzen denean, malo. Sentimenduek nazio-izaera arautzen dutenean, nazio-izaera monstru-osoa da. Norbanakoak nahi duena sentitzen ahal du, ordea, norbanakoaren izaera —nagusiki— arrazoiaren bitartez gauzatzen da, nazio-izaera barne.
Saiogileak nazio-arazoa —euskaldunok arazo bat dugu nazioarekin, prefosta— mundu globalaren markoan planteatzen du. Nazio-arazoa baino, nazioa kuestio bat bezala ikusiko bagenu hainbat hobe, nazioak eztabaidagai izan behar luke etengabe. Nazioa, arazo gisa bizitzen dugun neurrian —euskaldunok eguneroko bizitzan bizi duguna—, nazio-identitatea ez da gizabanakoarentzako bizitzeko lagungarria. Sentimenduez osatutako izaera zapuzgarria da. Are zapuzgarriagoa —berriz errana—, nazio-identitate zapaldua bizi dugunontzat.
Globalizazioaren edo internazionalismoaren ondorengo pagotxa. Esakunea hori nirea duzu. Hau da, globalizazioa marxistek esperimentatutako internazionalismoaren ondoren iritsi da. Internazionalismoa, ekimen/proiektu zapuztuta dago. Ez horregatik eliteek eta hierarkiek errefusatuta. haatik, boteretsuek esperimentatutako ekimenetik interesatzen zaiena baliatzen dute. Esperientzia horiek ekarritako/sortutako kalteetatik ikasten dute. Internazionalistek —marxista ohiek, halakorik badago behintzat— kapitalismoa kritikatzeaz batera, nazio-identitate ukatuta dutenen autodeterminazioa bermatzen dutela argudiatu izan dute. Ba ote falazia handiagorik? Bai, egon badago. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) giza-eskubideen aldarrikapena, esaterako.
Hitz horietatik, hauxe: giza historian erlijioek ez dute giza-identitate-askea bermatu, ezta ideologiek ere.
HIRU
Hizkuntza-nazionalismoa begiko. Nazionalismoaren jatorriaz ari zaigu atal honetan. Erdi Aroaren osteko Estatu modernoaren sorreraz. Haren legitimazioaren arrakastaz. Nazioa batasun politiko gisara eta batasun kultural gisara bereizi beharraz. Europan talde etniko menderatzaileek eraiki zuten nazio-estatua. Politikak kulturarekin eta kulturak politikarekin bat egitean fundatzen dira nazio-estatuak. Printzipioz, demosek eta etnosek, guztiek, bat egin behar izango zuketen, baina ez zen horrela izan. Horiek horrela izanik ere, munduko nazio-estatu guztiek ez dute berezko hizkuntzarik. Alabaina, kultur nazionalaren ikur nagusia hizkuntza izan da. Nazio-estatuaren sorreran funtsezkoa.
Horra, hizkuntza dugu nazioaren funtsa, eta koska. Eta gakoa? Gakoa, estatua izatea/eraikitzea da, nazioak bizirik izanen badu nonbait. Nago baina, euskaldunon kasuan, abertzaleen kasuan, politikari gagozkiola, estatua ez ote den fetitxe bihurtu. Erran nahi baitut, abertzaleek hizkuntza jo dute euren bereizgarri gorena, tamalez baina, euskara-hizkuntzaren egoera ez dago gaur gaurkoz nazioa eraikitzeko beharrezko den funtzio komunikagarriaren mailan.
Izanez ere, eta besteak beste, euskaldunok/abertzaleok ondoko nazio-estatuen maila ekonomikoa ederto profitatzen dugu —Odriozolak ederto ere azaltzen du hori—. “Gure” —abertzale gisa paratu dut nire burua— oinarri moral eta politikoa, handi-handika, iruzurra da, eta politikaren alorrean fartsa ere zenbaitetan. Hots, euskaraz bizitzeagatik ez gara naroagoak, ez irusagoak.
Euskara, nazio-hizkuntza, ez da bizitza publikoaren adierazle. Euskara ez da abertzaleek aldarrikatzen duten nazio-adierazle nagusia. Teorian bai, praktikan ez. Eusko Legebiltzarrean 40 urtez izandako praxia lekuko. Nafarroako Parlamentuan zer erranik ez. Iparraldeaz ez dago deus erraterik. Alabaina, abertzaleen nazio-estatuak gaur egungo hiru lurralde administratibo horiek bildu behar lituzke. Duela 50 urte, ezkerreko abertzaleek (ETA-HB) eskuineko abertzaleei (EAJ-PNV) egozten zieten euskara jendartearen eliteetatik erauzi izana. 50 urte iragan ostean ezkerreko —eta aurrerazale— euskal intelligentsiaren ildoan euskararen garapen moduko eskergarria erdietsi da —aitorpen hau, egiari zor—. Begi-bistakoa da, baina, hala izanik ere, euskarak ez dauka jendartean/euskal soziologian behar bezalako proiekziorik, nazioa euskaraz gauzatzeko gutxieneko indarrik.
Nazioartean dauden nazio-hizkuntza egoera batzuk aztertu ditu saiogileak. Kanadako Estatuarena, kasu. Quebeceko frantsesaren bilakaera hizpide, hauxe: bertako frantses hizkuntzak ez du estaturik, baina komunitate linguistiko sendoa da quebectarra. Alta bada, frantsesa bereziki eliteen hizkuntza da: kazetariena, politikariena, ekonomialariena… Izan ere, balizko herri quebectarrarentzat, baita iraganean independentzia aldarrikatu zutenentzat, frantsesa ez da begiko hizkuntza, hizkuntza-nazionalismoa ez dute begiko. Hizkuntza-nazionalismoaren aldeko grina ez da quebectarrarengan ageri. Hizkuntza-nazionalismo begikoa ingelesa da —hizkuntzen amalgama zabalean—. Funtsean, bai ingelesa bai frantsesa hizkuntz inperialistak izaki.
LAU
Nazionalismo linguistikoaren lorratzean. Hizkuntzaren definizio sozialak eta kulturalak huts egiten du, argi eta garbi. Non? Bada, hizkuntza minorizatuei buruzko testuinguru sozio-politikoetan eta jendartean. Kanada dugu adibidea, funtsean, frankofonoak eta anglofonoak kulturaz berdinak dira. Euskara hizkuntza minorizatua da, eta anartean, gure nazio-identitatea bermatzeko behar beste garatu gabea. Neurri batean gure izate kulturala espainola edota frantsesa baita. Eta geroz eta gehiago, eragina artean tipia izanagatik ere, kultura anglofonoaren parte bilakatzen ari gara.
Hizkuntzaren eta kulturaren kontzepzio dualista aipagai: kultura-kontzeptua eta nazio-kontzeptua gurutzatzen direnean, euren arteko harremanetan, biak nahasten ditugu. Aburu hori hartu diot Odriozolari. Politikaz, ekonomiaz, gerraz ari zaigu… Honetaz ohartarazteko: kulturak hizkuntzan eragiten du, baina hizkuntzak ez du kulturan eragiten. Arestiko burutazioa heldu zait gogora: kultura terminoa —edota haren kontzepzioa— ez dugu egokiro erabiltzen. Hartaz, abertzaletasunaren kontzepziotik erraz zuritzen dugu hizkuntzaren errealitate soziala, gure kasuan, euskararena. Nazio-estatuaren politikak hizkuntza eta kultura nazionalizatu zituen, lurralde eta historia nazionala sozializatu zituen legez.
Galdera: guk, nazio-identitate garatu gabeko abertzaleok, nazio-estatua eraiki zutenen eredua imitatu behar al dugu?
BOST
Muga nazionalei buruzko zertzelada batzuk. Labur zurrean: estatu nazionalen mugak kasuistika zabal eta bortitz baten ondorio dira, aintzat hartzeko egitatea: estatu-mugen ondoriozko pribilegio sozialak eta ekonomikoak mundu aberatsean bizi garenon salatariak dira. Bertze gisa batez erranik: muga nazional gehienak bidegabekeria historikoen sorkariak dira. Gure “kontzientzia” ez da gai/gauza nazioz gaindiko milioika pertsonaren bizimodu lazgarriarekin eskuzabal jokatzeko.
Nazionalismoaren karietara, migrazioaren fenomenoa —laburrean bada ere— ondo baino hobeto ekarri/paratu digu saiogileak. Auziak kontrobertsiak/eztabaidak azalarazten ditu “gure” artean. Luzetsi gabe, hitz bati eman diot lehentasuna: kontzientzia. “Gure” kontzientzia. Nazioa eraikitzeko eztabaida gauzatzeko hiru hitz: Tesia. Antitesia. Sintesia.
Sintesia: Euskal Herrian —ere— ez dago norbanakoaren kontzientzia sustatzen duen alderdi politikorik. Estatu modernoaren eta ideologien krisiaren ostean, jendeon kontzientzia neoliberalismoaren ildoan arautzen da. Tira, enkax erranen dut: sistemaren barruan ari den alderdi politikorik.
Oharra: ausartuko naiz erraten, bada. Ezker abertzalearen esparruan sortu berri den Gazte Koordinadora Sozialista erakundeak bi aukera ditu: gaur egun indarrean dagoen sisteman sartzea/jardutea edo herritarren kontzientzia sustatzen jardutea. Biak batera ezinezkoa da.
SEI
Nazionalismoaren on-gaitzak. Iraganean, arraza nazionalismo-identitatearen osagaia hegemonikoa izan zen legez —artean erlijioa ere izan da—, izan daiteke ere hizkuntza gaur egun. Anartean, nazionalismo espantsionistak politika genozida eta garbiketa etnikoak burutu ditu. Haatik, estatu horiek diotenez, beraiek ez dute jatorrizko herri-identitatearen aurka inolako afrunturik egin. Alegia, gizataldeen hizkuntza eta kultura, nazio-bereizgarri naturalak, komunitate baten izaera eta idiosinkrasiak “berez desagertuz joan dira”.
Oharra: aburu hori nazio-espantsionistarena da, aburu soila balitz gaitzerdi, estatu-nazioen propaganda gartsua eta sarkorra baita.
Zenbat buru hainbat aburu. Kontua, berriz ere, hauxe: nazio-estatu bat nahi dutenek, ezkutuko hainbat aburuz osatzen dute beren diskurtsoa, baita eguneroko praxia ere. “Haiek” ordez, “guk” idatzi dut lehenik. Aldatu dut ondoren. Uko egiten diot subjektu horretan egoteari. Nire kontraesanak kontraesan. Errana errepikatuko dut: nazionalismoari buruzko juzkuak labainkorrak eta konplexuak dira, baita nazio-identitate-estatua osatu gabekoentzat. Demagun, honezkero ez dugula arraza edota erlijioaren osagaien beharrik “gure” nazio-identitate hegemoniko osatzeko. Alabaina, politikak ordezkatu du erlijioa. Arrazaren ordez, hizkuntza aldarrikatzen dugu osagai gisara. Ederki. Ba ote? Euskara “gure” nazio-hizkuntza, edo berau helburu, euskarak aski indarrik al du giza-homogeneotasunari ekiteko, nazio-hizkuntza-identitate osatzeko? Berez, ez.
Hots: euskal —euskaraz bizi/izan nahi duen— jendarteak ez du ahalmenik egitasmo hori gauzatzeko. Zein da orduan, gailentzen den asmoa? Nazio-estatua osatu beharra.
Labur zurrean trenkatu beharrez: estatu zapaltzaileen nazio-alienazioaren mekanismoek, agian, ez dizkigute “begi-bistaratzen” balizko euskal-nazio-estatu horren mekanismoak. Mekanismo horiek ez ote dira “beharrezkoak” izanen euskaraz bizi nahi duen euskalduna endekatzeko? Galderak besterik ez ditut. Arrapostuak zailak dira ematen. Edonola ere, erlijio izan bada giza idiosinkrasiaren osagai funtsekoa, “sinesmena” berebiziko euskarria da oraindik ere. Egungo “politika” halakoxe izaki, ez dut ikusten —errealitate arrazoituaren ondorioz— giza-beregainik sortzeko modurik. Euskaldun oso modukoa, alegia.
ZAZPI
“Gutasun” nazionalaren ertz arantzatsuak. “Gure” idaztean, kakotx artean paratu dut orain arte. Odriozola “gutasunaz” ari zaigu atal honetan. Euskal nortasun nazionalak —ere— ertz arantzatsuak ditu. Ezin bestera izan, noski. Labur eta zuhur: nazio-kidetasunak hegemoniaren rola betetzen du gizabanakoaren identitatean —baita identitate kolektiboan ere—. Hor dago koska! Behin eta berriz errana. Pertsonari edota gizabanakoari bere identitatea kamusten zaio identitate kolektiboaren parte den heinean. Nazio-identitate sendoa edota gauzatua denean errazago moldatu daiteke identitate-kolektiboaren barruan. Paradoxiko bada ere, sarritan, nazionalista horiek beren nazioaren partaide direla ukatzen dute, hots, “ni/gu ez naiz/gara nazionalista” diote. Estatu baten gerizpean ederto batean bizi direla jabetu —nahirik/beharrik— gabe. Nazio-osatu gabea bizi dugunok, nekez onartzen diegu diskurtso berekoi hori. Halarik ere, nazio-estatuaren ezaugarriak onartu egiten ditugu —hainbatetan ezkorrak eta doilorrak izanagatik, ikusi bezala— baiki, samintasunez badarik ere, “onartu” egiten ditugu, praxian “gure” eginez.
Atal honetan, nazio-estatuen auziari, horri guztiari, klase izaera lotzen dio saiogileak. Honatx maxima bat, marxismoaren ildoan: “Gizarte sozialistak soilik lor dezake nazio-kultura herri guztiena bilakatzea”. Ederto zegon/zegok. Kontua da, bada, zergatik ez du/da lortu orain arte? Izugarria da, laborria sortzen du —adjektiboa ez da hutsala— idealismoak sorrarazten duen amnesia. “Klase gailenduaren ideologiak herri xehearen ideologia ‘bihurtzen bada’, burgesiaren ideologia nazionalistak herri-klasearen pentsamendua enbor nazionaleko bihurtzen du”. Bada, badu, balitz, balu… Balego baleuka… Ba al dago? Ba ote? Mendebaldeko Euskal Herri honetan ba al dago proletariorik? Bai, egon badago. Ez tokiko proletariorik, ordea. Proletarioa da immigrantea. Immigrantea da tokiko mintzakidearen albora iristen dena. Etorkin horrek baina ez dauka herritasunik, ez da tokikoaren herrikidea berez eta artez.
ZORTZI
Euskal nazionalismoa zepoan harrapatua. Bai horixe! Aurreko ikuspen horietan agerikoak dira euskal nazionalismoaren ezinak. Dela klase auzia medio, dela mundu globalizatuan herritartasunetik hiritartasunera iristeko ezintasuna. Dela nazio-arraza zela eta, nazio-erlijioa tarteko iraganean, feminismoaren ideologiaren aroa heldu zaio nazionalismoari: “Euskal estatua feminista izanen da edo ez da izanen”. Maxima hori zabaldu izan da mintza-toki politikoan. Bai ote? Hala bada hobe. Ez diot nik kontrakotasunik ezarriko. Baina, zinez eta benaz, nazio-eredu horrek bermatuko al du gizarte-eredu bat?
Erran nahi baitut, feminismoaren aldean paratuta —terminologia berritu/gaurkotu beharrean— maskulinismo suerte baten aldarria egin nahi dut —matxismo ororen kontrakoa—, baita gaur gaurkoz, maskulinismo horrek feminismoaren aldarrikapen ildoan egokitu behar duela adierazi ere. Hori dena esateko: Ongi etorri estatu feminista-maskulinista bat. Tira, honako hau, estatua maite ez duen honen aldetiko aldarrikapen ironikoa izan daiteke.
Ororen buru hauxe errateko: ez ote dira osagai lar euskal nazio-identitatearen osaketarako? Galdera berriz ere. Arraposturik ez dut. Premia bat, premisa edo: euskaldunak osasun samur eta erraz baten beharra dauka. Berezko “osasun ideologiko” baten premia.
BEDERATZI
Identitate iturriak. Identitate iturri andana ikusi ditugu orain arte. “Gure” identitatean. arrazak erlijioak politikak generoak… sakoneko marka daukate, sendoak, nazio identitatearen marka, berriz, ahula da. Ezaugarri horiek osatzen dute gure identitate kolektiboa. Euskaldunon kasuan nazio-identitatea ezaugarri ahulena da. Zergatik? Historiaren bilakabidean nazio-estatuaren “trena” galdu genuelako? Gutxi garelako? Bai. Baina, badago gehiago ere: nazionalismoak asaldura sarrarazten du gizakiongan, baita sorrarazi ere. Nazionalismoa mehatxua da giza-osaketarako. Nazionalismoak gauzatu dira, euren ezaugarri espantsionista/zanpatzaile direla medio, estatu-nazioaren bitartez. Horien parte direnek “ontzat” jo dute. Funtsean, euren giza-identitate naturala narriatu/andeatua izan arren, onartu besterik ez dute egin. Gainerakook zer?
Euskaldunak —nazio-identitatea besteek zanpatua edo ohartu gabe garatu gabe daukanak—, honako hau barneratuta bizi da: “Behin mundura etorri, naturaren beraren mehatxuez beste, guk geuk gure izatearen/buruaren mehatxua izan behar al dugu?”. Kontzienteki edo inkontzienteki barneratua, diot.
HAMAR
Abertzaletasunaren mugak. Euskaldunaren mugak bere abertzaletasunaren mugetan daude. Txomin Artolak ederto abesten dituen Joxerra Garziaren Aberriaren mugak kantaren hitzak hagitz egokiak dituzu. Ongi baino hobeto laburtzen dute adierazi nahi dudana: “Aberriaren mugak, euskararenak, gure baitan daude gehienak”.
Bidenabar eta pasartea baliatuz, hauxe gehitzeko: “Aniztasuna” da modernitate osteko garaiaren ostean beste hitz fetitxe bat. Abertzaleek ere sinetsi dutena. Hots, hizkuntz aniztasunean eraikiko dugu nazio-estatua. “Abertzale ez direnek ere” —kakotx artean paratu dut, haiek ukatu arren, izan espainiar-frantziar nazionalistak baitira— bere egin dute aniztasuna, modu honetara egin ere: gu herri anitzaren aldekoak gara. Herri honetan denok sartzen gara, espainolak izaki, frantsesak izaki, mundutik heldu diren hamaika herri/nazioen partaideak izaki, horiek denok osatzen dugu herri hau, baita/baina euskaldun izan —beharrik— gabe ere. Badaezpada ere, agian ez dut argi adierazi: aniztasunaren izenean euskal herritarra izan zaitezke —hiritarra izatea ezinezkoa da gaur egun— euskalduna izan gabe. Tira, euskal herritar suerte horren aurrean, euskaldunari kontsolazio moduko hau geratzen zaio: “Hara, zu euskal herritarra zara, baina ez zara ni bezalakoa”.
HAMAIKA
Abertzaletasuna versus kosmopolitismoa. Hamaikagarren atala, baita hamaika izan ere abertzaletasunaren auziak edota identitate-kontrakarrekoak. Kosmopolitismoa dugu horietako bat. “Abertzale kosmopolita” izaera dugu izaki. Ikusi batez, oximorona dirudi, ezta? Aberria delakoari so mundu osoa aberritzat hartzea, ez dirudi oso patriota/patriote. Edo bai? Aberriaz zer beharra daukazun, horren arabera, aberria-patria-patrie delakoaren ikusmolde unibertsala izan dezakezu.
Nazio-estatua izanez gero, zertarako aberria? Arrazionalismoaren jardueratik diot, ildo horren barruan ari naiz. Bestela bai, noski. Gizabanakoaren baitan kultura-politika-nazio-identitate batekiko sentimendua gailentzen denean, aberria asmatu egiten da. Asmatu eta maitatu, bistan da. Aberria maitatu egiten baita. Izan ere, maitasuna eta dirua elkarren ondoan doaz/daude. Dirua, sosa, interesa. Aberria funtsean interes ekonomiko suerte bat da. Ez soilik, jakina. Emozioak eta debozioak, hainbatetan, bizi ditugunez gero, ente-izate gisako hori behar izaten dugu gure izaerari “zentzu bat” emateko. Finean eta funtsean, aberria erakunde bat da. Alegia, konstruktu politikorik gabe ez dago aberririk.
HAMABI
Nazionalismoaren barrunbeak arakatzen. Odriozolaren ildoan ari nauzu, erran legez, ildoak ildo —haren ildo askoetatik bakar batzuetan—, juzkuak juzku: “Abertzaletasunak aberria du kabia, nazioa goiburu”. Aurreko atalean aditzera eman dut nire juzkua, aurreratu naiz nolabait. Nazionalismoa eta abertzaletasunaren arteko ezberdintasuna aditzera ematen du saiogileak. Auzi-antzua deritzo berari. Modu sinple batez, hauxe gehituko dut: Nazio-estatu sendo bat duenak ez du aberriren beharrik. Dirudunak ere ez. Munduan aberria gehien —sintzeroki— aipatzen dutenek pobreak dira. Edota, gurean bezala, nazio-estatu baten beharrean aberriaren tasuna behar dutenak. Tasuna —atzizkia— dohain bat da. Landu beharrekoa. Badu bere ifrentzua ordea, eta da: keria. Nazio-estatu guztiahaldunetan —denak ez dira ere ahalguztidunak— keria ageriago da, tasuna baino.
Honatx maxima bat: “Politikoki egokia den nazionalismo bakarra nazionalismo internazionalista da”. Ez da nirea. Ismo larregi, politikoki deus egokirik lantzeko, ezta? Galdera da. Erantzuna aise antzeman da.
HAMAHIRU
Nazionalismoa: gotorleku eta eskubide. Ondorio bat: gure betebehar moralak gure nazioaren mugarrietan amaitzen dira. Atal guztietan, edozein dela nazionalismoari begiratzeko prisma —zentzu onez ari naiz— immigrazioa gaia, arazoa, auzia ageri da. Menpekotasun globala soziala da. Mundua, berau konformatzen duten herriek, nazioek, nazio-estatuek immigrazioaren “arazoa” kudeatu behar izan dute historikoki. Tokian tokiko nazio-estatuek, estaturik gabeko nazioek, herriek beraiek hiritar/herritar berriak berean egokitzea ez da samurra, auzi-arazo sakona da. Mundua, haren nazioak eta aberriak, gorabehera horietan gauzatu da. XXI. garren mendera helduta halaxe jarraitzen dugu.
Mundializazioari baina, globalizazioari deritzo. Eta globalizazioaren fenomenoan, nazio-estatuen gainetik, nazioz gaindiko estamentuak daude. Izenik eman gabe, abizena dute: ekonomikoak. Mundu mailako —globalak— korporazio ekonomikoek jite berri bat eman diete nazio izaerari, aberria izateari… Iraganeko aberkideen arteko atxikimendu ideologia aza ura da. “Estatu-arrazoiak” delakoak ere, ez dauka jada behiala zeukan inpronta. Gipuzkoako Altzo herrian —adibide bat da, ez bakarra— herria kausituko duzu. Euskal Herria globalizatu honetan ordea, nekez loratzen da herriaren altzora eraiki beharreko nazioa.
Saioak zabaltzen dituen ildoetatik desbideratu naiz, naski, eiki, eskubidea delakoa ez dut hizpide hartu. Zer nahi duzu erratea baina? Eskubide demokratikoak direla eta ez direla, autodeterminazio eskubidea dela, ez dela. Milurteko berri honetatik so eginda, iragan milurteko hemeretzigarren mendeko kontzeptu politikoak begitantzen zaizkit. Erratea ez direla beharrezkoak, inozokeria bat da. Nago baina, bertze kultura politiko bat sortu beharko dela/dugula, halako kontzeptuen balioak herritarren intereskoak izanen badira.
HAMALAU
Diferentzien aldeko politikak. “Hamahiru” kontzeptu ezkortzat jo ohi da “gure” kulturan. Halakoxea joan zait hamahirugarren atala. “Hamalau” kontzeptua berriz, areago duzu “gurea”. Hamalau samar ari ote naizen nago. “Diferentzia” hizpide: lantzen ari garen gaia hizpide —nazioa hizpide— nork bere nazio-identitatea izateko eskubideaz ari gara. Ikaspena: eskubide-berdintasunak ez du giza-ezaugarri guztien berdintasuna adierazten/baiesten.
Faktore askok zeharkatzen dute giza-izana. Ildorik ildo, ertzik ertz, diferentziarik diferentzia, eskubide terminoaren gainean burutapen bat. Lengoaiaren erabilpenari dagokio, balio du gai-auzi-arazo guztien eskubidetarako. Nire aburua da, noski: emakumeok eta gizonok ez gara berdinak, garena izateko eskubidea daukagu, eskubide berbera edota berdina. Baten batek pentsa dezake hau edo beste. Nik kaleko pintada batean hauxe irakurri nuen/dut: “Zergatik ezberdindu, berdinak bagara?”. (Mugimendu Feminista). Genero kontuaz ari gara, baina balio du gai denetarako. Areago, auzia argitu aldera —barka lehen pertsonan aritzea— ni ez naiz abortuaren aldekoa, emakumeak —eta gizonak— abortatzeko eskubidearen aldekoa naiz.
Bref: hizkuntza maiztuta dago/dugu, eta oker darabilgu.
HAMABOST
Nazionalismoaren materialak eta azken igurtzia. Aurreratu bezala, euskaldunok —ere—, nazionalismoaren aroan bizi gara “oraindik ere”. Jakina, gainerako nazioetako kideak legez. Nire gusturako, nazionalismoaren tesietan bizitzea okerrean bizitzea da. Izan ere, Odriozolaren liburuaren ildoetan barrena, gu nazionalismoaren alde gara batzuetan eta aurkakoak bestetan. Hots, eskizofrenikoak gara. Larrialdi egoeran bizi gara eta gaixotasunetik ateratzeko ospitalea Ospitale globala da.
HAMASEI
Eskala globala, nazionala eta lokala. Mundua eta berau eratzen duten nazio-estatuen ekonomiak —beraz, erabaki politikoak— eskala globalean gauzatzen dira. “Gu”, anartean, nazio-estatua osatzeko bidean, eskala nazionalik gabekook, “gure” proiektu politikoa gaur egun, hiru eskala lokaletan gauzatu behar dugu, “gure” nazioa hiru eskaletan ebazten da. Alegia, ez gara gauza mundu osoko errealitate politiko, ekonomiko eta finantzariaz jabetzeko, eta Euskal Herria osatzeko nahi dugun nazio-estatuaren hiru lurralde administratiboak bat bera bailiran jokatu dugu joan deneko 50 urte hauetan. Ez naiz soilik politikaz stricto sensuz ari, ari naiz ere, identitate-nazionalaz ari garenean, tokian tokiko herritarrok historiaren bilakabidean ondoko nazio-identitateak gugan izan duen eraginaz. Izan ere, ondoko nazio-estatuko nazionalistek “espainiarrak edo frantziarrak” bilakatu gaituzte, de jure eta de facto, eta nago, balizko euskal nazio-estatuaren nazionalistek ere halatsu jokatu —nahi— izan ote duten!
Ikaspena: autodeterminazioaren eskubidea, lehenik eta behin, gizabanakoari dagokio. Ondoren, gizabanako horren komunitateari. Konparazioenera: zuberotarrak euskal nazio-estatuaren hiritarrak lege-dekretuz izanen al dira?
HAMAZAZPI
Nazionalismoa: arnasa luzeko fenomenoa. Nazionalismoaren sistema soziopolitikoa luzerako da. Ados. Paradigma modernoaren eta postmodernoaren auzitan sortu dira nazio-estatu berriak. Ez naiz aditua, baina erran nezake, nazio-estatu horiek Europan sobietar inperialismoaren aitzinetik, halakoxeak zirela jada. Nazio-estatua. Iraultza boltxebikearen ondoren, errusiar ez ziren nazioak, sobietarrak bilakatu ziren. Hala berean, Hego Amerikan, tokiko estatu-nazioak libratu ziren inperialismo espainiarretik, baina funtsean, zer dira nazio-estatu horiek? Bada, inperialismo iparramerikarren menpeko nazio-estatuak. Non daude nazio-estatu horietan zeuden nazio-etnikoak? Hobeto al daude, iraultza boliviarren ondoren? Anartean, bestelako historia bati atxikiak garen euskaldunok zer? Bada, sistema nazionalista espantsionisten eta zapaltzaileen errotan itzulika-mitzulika jarraitzen dugu.
Munduko arazoak, nazio-arazoa tarteko, ez dira konpontzen. Arazoak ez dira konpontzen, arazoak transformatzen dira. Euskaldunok “euskal arazoa” bihar etzi etzi-damu… konponduko den esperantzan ari gara, tira, nazio-estatu baten menturan ari direnak. Gaur egungo nazionalismoaren sistema soziopolitiko luzea nola, “gu” halaxe ere, haren errotaren zirimolan ari gara. Nazionalismoa fenomeno patologikoa omen da. Hara, nazionalismoaren ildoan doazen —liburuan jasoak— urak nire errotara ekartzen dut nik ere bai, hauxe errateko: ideologien garaia pasa da. Noski, nazionalismoaren sistema soziopolitikoa indarrean dago, eta egongo da. Baina, jendeak ez du klabe ideologikoetan hausnartzen gaur egun, erran nahi baitut, gutxieneko gehiengo eragile batek ez du jendartea eragiten. Areago, ideologiek, guztiek, berezko patologia bizi dute, eta da: ez diote errealitateari so egiten, euren errealitatea ilusioak eraikita dago. Antzinako erregimen ostean, modernitateko ideologiak utopikoak izan dira denak. Modernitate osteko —postmodernian— mundu honetako “arazoak”, “gaitzak” dira. Ba al du inork erraterik berak ez duela “mundu” honetako taxuaren erantzukizun parterik? Ideologiez ari naiz. Eta ideologoez ere bai.
HEMEZORTZI
Hiritartasuna ez da dirudiena. Nonbait, iragan mendeetan —gure mendebaldean betiere— “erabili” izan dugun etikak eta moralak ez dute engoitik balio. Ez digu guri balio, bortxa sozioekonomiko estrukturalaz profitatu den sistemaren aldean jaio garenoi. Esaiozu, bortxa horren menpe jaio eta mendez mende bizi den bati, moral eta etika horiek ez dutela balio honezkero. Lehen bai, balio izan zuen, balio izan zitzaigun. Giza-zanpatuei ez, bistan da.
Hiritartasuna, nazio-estatuaren kidetasuna, kontu politiko bat da. Eta bere identitate-karneta loterian emandako titulu bat. Hots, estatus-banaketa bat. Ez da estatus, ez estatu-demokratiko baten ondoriozko izaera, “titulu” bat da. Odriozolaren ildoan, galdera: “Ez dakit euskaldunok nola jokatuko genuke balizko euskal estatu burujabe batean biziko bagina?”. Honetan badu arraposturik: bada, beste nazio-estatuko hiritarrek jokatu duten bezalaxe. Ekonomiarekiko gure izate-izaera besteena bezalakoxea delako, eta gure idiosinkrasia ere bai. Tira, euskaldunok gurezko idiosinkrasia dugu, hainbesterainokoa izan ere, ez garela gauza bestelako euskaldunik izan daitekeenik onartzeko. Hau da, oraindik ere hegoaldeko balizko abertzale-nazionalista horrek —askok— ez du ikusten bera bezalako ez den euskaldunik, bestea euskalduna izan arren. “Bestea” Iparraldeko euskalduna da. Araiz, egunen batean eratuko da Euskal Estatua. Eta bere kideok euskal hiritartasunaren jabe izanen gara, eta bide batez, eta aldi berean, euskaldun batzuren —edo askoren— herritartasuna “zanpatua” izanen ere.
HEMERETZI
Nazionalismoaren sendagarriak eta sendaezinak. Bai, ezagutzen ditugu edabe horiek. Politikaren hizkerara ekarrita: “nazionalismo zibikoa” edota “abertzaletasun konstituzionala” delakoez jantzita, gizabanako, pertsona edo gizaki suerte orok “eritasun etnikoa”-ren gaitzaz babestu daiteke. Atalean, diagnostiko-diagnosi hauek egiten duten politologo-ideologoei beren ordaina ematen die Odriozolak, bidaide eta gogaide dituen kideekin batera. Bat nator. Ados. Zer erran gehiago, errana ez dena. Bada hauxe:
Israel eta Palestinarren arteko gerra, nazio-gatazka tarteko. Sinplea izan ez ezik, sinplista ere izan daiteke nire aburua, baina horratx: israeldarrek badute nazio-estatu bat, beste estatu-nazioen hiritartasunaren aitortza, palestinarrek ez. Israeldarrak —juduak estatu-nazio gabekoak izan ziren— estatu-horren jabe dira, munduko jaun-andre-jabe diren estatu-nazioen interes estrategiko-politiko-ekonomikoen ondorioz. Palestinarrek ere halaxe edo halatsu izanen dute, nazio-estatu baten jabe izanen dira ere, munduko nazio-estatuen botere ekonomikoen interesek nazio-estatu berria izatearekin bat eginen dutenean. Estatu-nazioz gaindiko indar politikoek, indar faktiko transnazionalek alegia, indar korrelazioaren batailan ari dira betiere.
Horiek hauxe errateko: nazio-estatu baten hiritartasunak ez du/dit bermatzen nire nazio-izaera ezta herritartasuna. Anartean, haren aldeko eta aurkako borrokak nire izaera —jite anitzek osatuta— masakratzen du.
HOGEI
Oharra: inpresioa daukat, liburuaren interpretazio hau egitean, aurreratzen naizela. Badago arrazoi bat hain ziur ere, bigarrenez irakurtzen ari naiz.
Ideologia nazionalistaren garaipena. Ideologia eta diskurtso nazionalistak, eskuinekoak nahiz ezkerrekoak, beren aberkideen ongizatea nahi du zernahiren gainetik. Baiki. Eiki. Bai, baina, dagoeneko pentsatzea internazionalismoaren aldarriak apaldu direlako dela, nazio-identitatearen aldeko aldarriak isildu direla erratea, larregi begitantzen zait.
Nazio-identitatea klase-nazioaren kontzientziari nagusitu bide zaio. Bai. Hori horrela izateak zer pentsa eman beharko lieke marxistei, ezta? Edo ez. Zaharrak berri. Ideologia marxistak erlijioaren ideologia sekularizatu zuen. Bai ote? Bai zera! Marxismoa beste erlijio suerte bat izan da. Hori onartu gabe, gainerako analisiak, aza ura dira. Gizakion izaera bestelako substantzia batez osatuta dago. Marxismoak —ERE— ez du hori ulertu. Ezein ideologiak ezin du ulertu hau, ezein ideologia erlijiosoak, ezein filosofiak. Giza-izaera misterio bat da, enigma bat.
HOGEITA BAT
Euskal nazioaren zer izana eta iragana. Euskal nazioa eta kultura. Interesgarria oso atala. Erredukzionismo moral batez ari zaigu. Joxe Manuel Odriozola Iñaki Sotoren tesiari kontrajartzen zaio, nolabait errana. Sotok nazionalismo balio bakar batera erreduzitzeko joera dagoela mantentzen du, Odriozolak ez du horrelakorik ikusten. Ez naiz hizpide duten kontrobertsian sartuko. Nahasgarria izan daiteke. Ez da lekua, ez dago modurik. Ez naiz, agian, iaioa ere.
Interesatzen zaidana hauxe duzu: Altzoko nazionalista euskaltzalearen hautua, ez da Iruñeko nazionalista euskaltzalearen berbera. Naski, hain ziur ere, auzi edo eztabaida hau “erreduzitzen” ari naiz. Hauxe dut begi-bistakoa, ordea: euskal nazionalismoaren aldekoak bitan zatitzen dira. Errateko modu bat da, noski, askoz zati gehiago ere badira.
Bestalde, edo halaber, hainbat gaik ildaskatzen du atala. Euskal gizatasun berariazkorik ez dago, euskaldun izateko kondizio nazionalak ukatzen bazaizkigu. Ados. Badira, nazio-estatuaren eraikitzeko gure herriaren historia ezagutzea eta baiestea funtsezkoa jotzen dutenak. Ongi dago. Nahiz eta hori, nire nahierako, berau eraikitzeko ez izan guztizko baliorik. Kontua ere bada, historia interpretatzean erabiltzen dugun manikeismoaz jabetzea. “Gure herriak badu iragan kolonialista ere” (Ane Garcia). Ez dut gai ekarri kolonialistak izan garela konstatatzeko, ezta kritika moral bat egiteko ere. Hots, gaizki jardun izana gaitzesteko. Ez horixe. Gure burua ezagutzeko egunero egin behar dugun ariketa —atalak dakarrenaren ildoan— aldarrikatu nahi dut. Ez dugu nazio bat gauzatuko —ezta nazio-estatua izanda ere— gure buruaren jabe izan gabe. Eta ez naiz euskaldunaz ari, pertsona izateko —pertsona, gizabanako, gizakia…— euskal izaera bermatu nahi/behar duen pertsonaz ari naiz.
HOGEITA BI
Abertzaletasun sozialaren eskarmentua. Berretsi egiten dut nire jarduna. Ildoek dakartzaten gaietan hitzen adieran erreparatzen dut honezkero: eskarmentua da oraingoa. Ildorik ildo, hauxe: estatuaren nazionalismo salagarriak —salgarria gehitzen dut nik— ez du zerikusirik herri xehearen burubideekin. Nire kezka hauxe: Altzoko herriaz ari gara? Iruñea, Baiona edota Bilboko herriaz ari gara? Estatua eta gizartearen dualtasunaz ari naiz. Euskal nazio-estatu baten jendarteaz ari naiz/gara. Procés català delakoa hartuko dut adibide gisa —kasu, politikaren zirimola lohitsuan sartzen ari naiz, eta nire zeregin hau pentsamenduaren esparruan dago—: “Independentzia-prozesu bat abian jartzea ez da politika normala egitea” (Vicent Partal). Ez, bistan da.
Oharra: arazo nazionala, arazo politiko bat da. Baina politikoa eta politika, praxian, ez datoz bat. Egungo munduan, instauratu den politika jarduerak —ezarri, alegia— ez du jendartearen behar/nahi politikoak bideratzeko balio.
HOGEITA HIRU
Nazionalismo hautemanezina. Luze jo genezake/nezake atal honen barruan. Ziur aski, berriz ere, ildoetatik aldenduko naiz. Hauxe daukat gehitzeko: nazionalismoa hautemanezina da gurean ere, ez naiz soilik euskaldunaz ari. Nazionalista ez dela uste duen horretaz ere ari naiz, nire buruaz barne. Nazionalismoa ideologia bat da. Ideologien gainbeherak —bere gaitzen ondorioz eta pertsonon gaitzen ondorioz— jendartearen mekanismo sozialak andeatu ditu, arazo sozialak arazo psikopatikoak bilakatu dira. Hau da, gure nortasuna nahasmendu antisozialaz eraginda dago, kutsatuta alegia. Pertsonok ez dugu gure nazionalismoa hautematen. Ez nazionalismo zanpatzaile baten aldekoak direnek, ezta horren aurkakoak garenok ere —nire burua ere barne—.
Usteak ustel betiere: liburu honen nire interpretazioa egiten saiatu naiz, nire motzean egin ere.
Post scriptum
Nazionalismoaren ALDE eta AURKA liburuaren irakurketa eta haren interpretazioa egin ditut. Interpretatu eta hainbat aburu tartekatu ere bai. Manikeismo suerte bat izanen da berean, edo horren zantzuren bat kausitu duzu hain ziur ere. Neronek ere, bistan da, nolabait eta neurri batean “gogoa jainkoarena baitut eta gorputza deabruarena”.
Beraz, gogoak emana hobeto paratu aldera, Joxe Manuel Odriozolaren ildoan, nazionalismoaren tesiaren eta antitesiaren ildoan, orain arte idatzitakoaren sintesi bat eginen dut.
OHARRA (sintesia egin ostean)
Sintesi moduko bi gauzatu nahi izan dut, baina ez dut lortu, Alegia, sintesi baino, Nazionalismoaren tesia eta antitesiaren sintesia delako horretan landutako ildo batzuen “labur-penak” ekarri ditut bi artikulu hauetan:
I. NAZIO-IDENTITATEAK JENDE-IDENTITATEA MUGATZEN DU
Nazionalismoaren ALDE eta AURKA liburua daukat hizpide; (Joxe Manuel Odriozola/Elkar, 2024). Premisa zenbait aurrez. Bat: estatu-nazionala da nazioaren ideologia egituratu duena. Bi: nazionalismoaren paradigmak asko eta askotarikoak dira. Hiru: nazioaren alde egoteko arrazoia, batez ere, hizkuntza, kulturan eta herri identitatean kausitu dezakegu. Lau: nazio zapalduak daude eta nazio zapaltzaileak.
Nire burutapena: nazionalismoaren aurka egoteko arrazoiak alor sozioekonomikoan manifestatzen dira, alta bada, estatu-nazioak dira gerra sustatzen dutenak. “Ekonomia” eta “gerra” eskutik doaz. Hots, Contradictio in terminis. Halatsu taxutu ohi dugu bizitza.
Nazionalismoa ideologia bat da, eta berau hauspotzen duten mugimenduak munduan garatzen dira. Egun, mundu globala gailentzen ari da. Nazio-identitatea justizia sozioekonomiko globalaren arabera ebazten da. Nazio zapalduek nazioa egituratzeko dituzten aukerak gero eta urriagoak dira. Alabaina, nazionalismo hegemonikoaren kideek diotenez, nazionalismoa iraganeko kontu bat da.
Galderak: ba al dago egun, nazio zapaltzailea ez den nazio-identitaterik sustatzerik? Ba al dago gizaki osatua-askea izaterik nazio-identitatearen markoan? Izan ere, identitate nazionalak konplexua bihurtzen du giza-izaera, eta areago konplexua izate zapaldua denean.
Euskal nazionalismoaz ari naiz orain, nazio-identitate konplexua eta zapaldua bizi dugunontzat segurtasuna eta autoestimua funtsezkoak dira nazio-identitate osasuntsu batekin bizitzeko. Altzoko (Gipuzkoa) Odriozola saiogileari, kultura-testuinguru jakin bateko altzokoa izateak berealdiko segurtasuna eta berebiziko autoestimua ematen dizkio. Horrek baina, ez du nazio-izaera-kolektiboa eraikitzea bermatzen. Ez dirudi egoera hori bizi dugunik. Behin eta hasteko, nazio-identitatea identitate globalaren markoan jokatzen/eraikitzen baita. Aburu bat: nazio-zapalduok —euskaldunon kasua— estatu-nazioa eratu zireneko trena galdu genuen. Estatu-nazioa eraikitzeko aukera iragan zen, eta iragana da.
Iraganean, behinola, euren nazioarentzat estatu-nazioa eraiki zutenek ukatzen dute nazionalistak izatea egun. Gainera, nazioa eraiki nahi dugunoi nazionalismoa ideia zahar bat besterik ez dela dioskute. Iraganeko asmoa, alegia. Bistan da, euren nazio-identitatea estatu-egituren ahaltsuetan ez ezik, gizarte-egitura-ekonomiko sendoetan bermatuta dago. Berauek ez dute nazio-identitatearen aldarrikatu beharrik. Beraz, nazio-estatu horien barruan osatu diren jendarteentzako ere, nazionalismoa modaz pasatutako nahikeria da.
Hortxe dago koska. Koskak badu ertzik, badu funtsik. Gakoa ordea, ez dago nazio-identitatea zapalduon eskura. Eskuratzeko aukerarik ba ote? Nazio-identitatearen trena galdu zuten herriek ba al dute bizitza duintasunez eraikitzen lagunduko dien modurik? Ba al dugu nazio bat eraikitzerik? Merezi al du? Nazio-identitatea eraikitzea konplexua da eta kontraesanez beteta baitago. Horiek horrela, demagun, baietz. Saiogile honen ildoan, bi arrazoi: badago eta merezi zaigu hizkuntzan eta kulturan oinarritutako nazio-identitatea eraikitzea. Nola ekin hizkuntzari eta nola sustatu kultura, ordea? Idazlearen gomendio bat abiatzeko: bi izate/arrazoi horiek baztertzen dituen nazionalismoak abertzaletasunaren bidea bertan behera utzi behar du.
Hizkuntza eta kultura kontzeptuen gainean gogoeta bat. Pertsonon psikologiak nekez onartzen du nazio-identitate konplexua. Egungo gizakia —XXI. mendekoa— psikologia berezi batek markatuta dago, ideologia des-ideologizatu batek zeharo inpregnatuta. Ideologiak —emozioen eta sinesmenen arau-multzoa, besteak beste—, iragan hiru mendeetan eragin itzela izan zuen gizakiongan —kalterako onerako baino—, gizabanakook errealitatetik urrun, utopiek akuilatuta jardun dugu. Antzinako erregimenetan erlijioak nola, modernitatean, ideologiak zeharo desorekatu du pertsonaren identitatea. Areago, nazio-identitate ahula duen gizabanakoaren kasuan.
Gizabanakoa ez bada gauza bere burua autodeterminatzeko, alferrikakoa da autodeterminazio-politiko-kolektiboa gauzatzen saiatzea. Ez dago hizkuntza eta kultura-aniztasuna bermatuko dituen nazio-identitate partikularra gauzatzerik. Modernotasun osteko identitate-konplexu unibertsalak ez du identitate-konplexu-partikularra gauzatzen laguntzen.
Euskaran bermatutako nazio-identitatea xede, aburu bat: kultura —kulturaren adierazpena— oker erabilitako kontzeptua da. Kultura, gaur egun, jendarte bateko—sortzaileen— arte-espresio legez erabiltzen da. Jendarte baten kultura baina, bere izate ekonomiko, sozial, zientifiko-teknologiko, politiko, moral, etiko edota erlijiosoak karakterizatuta dago. Kultura egungo eliteek eta hierarkiek nahieran erabilitako kontzeptua da.
Labur zurrean: idazle bat eta espaloiko eskale bat jendarte baten kultura-espresioak dira. Biek ala biek osatzen dute nazio-identitatea. Idazlea ez da eskalea baino “kultu”agoa. Kultura, egungo kultura, sistemaren konstruktu bat da. Tokian kokiko nazio-estatu sistemaren interesen arabera eraikia.
Nazio-sistemaren interesak jende-izaeraren gainean daude. Hori gauzatzeko, nazio-supremazistek bortxa estrukturala darabilte. Nazio-identitate sendo baten kariaz, gizakion izaera materiala eta espirituala arras kaltezen dira. Ukapen hori nazio-identitatea bermatuta dutenengan ematen da, eta are nabarmenago ageri da nazio-identitate ukatuta bizi dutenengan. Are, beren nazio-identitatea zapaldua bizi duten erreboltariei bortxa-zuzena —estatu-terrorismoa— aplikatzen zaienean nazio-identitate-kulturala erabat kolpatuta izaten da.
Nazio-izaerak kontrobertsiak eta kontraesanak eragiten ditu norbanakoarengan. Eztabaia sorraraztea ez da kaltegarria berez, kontraesana berriz, pertsonon izaera delakoan dago. Haatik, okerra da uste izatea, esaterako, esparru-nazionalaren eta internazionalismoaren esparruaren artean justizia-sozial global bat gauzatu daitekeenik. Nazio-identitateak jende-identitatea mugatzen du, eta areago nazio-identitatearen subjektua zapaldua denean. Kontraesana, ezinezkotasunaren adierazle behinena da.
II. “GURE” OINARRI MORAL ETA POLITIKOA, HANDI-HANDIKA, IRUZURRA DA
Talde etniko menderatzaileek eraiki zuten nazio-estatua Europan. Politikak kulturarekin eta kulturak politikarekin bat egitean fundatzen dira nazio-estatuak. Printzipioz, demosek eta etnosek, guztiek, bat egin behar izango zuketen, baina ez zen horrela izan. Kultura nazionalaren ikur nagusia hizkuntza izan da. Nazio-estatuaren sorreran funtsezkoa.
Hizkuntza dugu nazioaren funtsa eta koska. Eta gakoa? Batzurentzat gakoa —nazioa bizirik izanen bada— estatua eraikitzea da. Nago baina, abertzaleen kasuan, politikari stricto sensuz gagozkiola, estatua ez ote den fetitxe bihurtu. Erran nahi baitut, abertzaleek hizkuntza jo dute euren bereizgarri gorena, tamalez baina, euskararen egoera ez dago egun, nazioa eraikitzeko beharrezko den funtzio komunikagarriaren mailan.
Euskaldunok/abertzaleok —ere— gure ondoko nazio-estatuen maila ekonomikoa ederto profitatzen dugu. Nazionalismoaren ALDE eta AURKA liburuaren ildoan ari naiz. “Gure” —abertzale gisa paratu dut nire burua— oinarri moral eta politikoa, handi-handika, iruzurra da, eta politikaren alorrean fartsa ere zenbaitetan. Hots, euskaraz bizitzeagatik ez gara naroagoak, ez irusagoak.
Euskara —nazio-hizkuntza— ez da bizitza publikoaren adierazle bizia. Euskara ez da abertzaleek aldarrikatzen duten nazio-adierazle nagusia. Teorian bai, praktikan ez. Eusko Legebiltzarrean 40 urtez izandako praxia lekuko. Nafarroako Parlamentuan zer erranik ez. Iparraldeaz ez dago deus erraterik. Alabaina, abertzaleen nazio-estatuak gaur egungo hiru lurralde administratibo horiek bildu behar lituzke. Duela 50 urte, ezkerreko abertzaleek (ETA-HB) eskuineko abertzaleei (EAJ-PNV) egozten zieten euskara jendartearen eliteetatik erauzi izana. 50 urte iragan ostean ezkerreko euskal intelligentsiaren ildoan euskararen garapen moduko bat erdietsi da. Halarik ere, euskarak ez dauka jendartean/euskal soziologian behar bezalako proiekziorik, ez gutxieneko indarrik, nazioa euskaraz gauzatzeko.
Nazioartean dauden nazio-hizkuntza egoera batzuk aztertu ditu saiogileak. Kanadako Estatuarena, kasu. Quebeceko frantsesaren bilakaera hizpide, hauxe: bertako frantses hizkuntzak ez du estaturik, baina komunitate linguistiko sendoa da quebectarra. Alta bada, frantsesa bereziki eliteen hizkuntza da: kazetariena, politikariena, ekonomialariena… Izan ere, balizko herri quebectarrarentzat, baita iraganean independentzia aldarrikatu zutenentzat, frantsesa ez da begiko hizkuntza, hizkuntza-nazionalismoa ez dute begiko. Hizkuntza-nazionalismoaren aldeko grina ez da quebectarrarengan ageri. Hizkuntza-nazionalismo begikoa ingelesa da —hizkuntzen amalgama zabalean—. Funtsean, bai ingelesa bai frantsesa hizkuntz inperialistak izaki.
Nazionalismo linguistikoaren lorratzean. Hizkuntzaren definizio sozialak eta kulturalak huts egiten du, argi eta garbi. Non? Bada, hizkuntza minorizatuei buruzko testuinguru sozio-politikoetan eta jendartean. Euskara hizkuntza minorizatua da eta gure nazio-identitatea bermatzeko behar beste garatu gabea. Neurri batean gure izate kulturala espainola edota frantsesa baita. Eta, geroz eta gehiago, kultura anglofonoaren parte bilakatzen ari gara. Hizkuntzaren eta kulturaren kontzepzio dualista aipagai: kultura-kontzeptua eta nazio-kontzeptua gurutzatzen direnean, euren arteko harremanetan, biak nahasten ditugu. Aburu hori hartu diot Odriozolari. Politikaz, ekonomiaz, gerraz ari zaigu… Honetaz ohartarazteko: kulturak hizkuntzan eragiten du, baina hizkuntzak ez du kulturan eragiten. Arestiko burutazioa heldu zait gogora: kultura terminoa —edota haren kontzepzioa— ez dugu egokiro erabiltzen. Hartaz, abertzaletasunaren kontzepziotik erraz zuritzen dugu hizkuntzaren errealitate soziala, gure kasuan, euskararena. Nazio-estatuaren politikak hizkuntza eta kultura nazionalizatu zituen, lurralde eta historia nazionala sozializatu zituen legez.
Galdera: guk, nazio-identitate garatu gabeko abertzaleok, nazio-estatua eraiki zutenen eredua imitatu behar al dugu?
Nazionalismoaren on-gaitzak. Iraganean, arraza nazionalismo-identitatearen osagaia hegemonikoa izan zen legez, izan daiteke ere hizkuntza egun. Anartean, nazionalismo espantsionistak politika genozida eta garbiketa etnikoak burutu ditu. Haatik, estatu horiek diotenez, beraiek ez dute jatorrizko herri-identitatearen aurka inolako afrunturik egin. Alegia, gizataldeen hizkuntza eta kultura, nazio-bereizgarri naturalak, komunitate baten izaera eta idiosinkrasiak “berez desagertuz joan dira”.
Oharra: aburu hori nazio-espantsionistena da. Aburu soila balitz gaitzerdi, estatu-nazioen propaganda hagitz sarkorra baita.
Zenbat buru hainbat aburu. Nazio-estatu bat nahi dutenek, ezkutuko hainbat aburuz osatzen dute beren diskurtsoa, baita eguneroko praxia ere. Nazionalismoari buruzko juzkuak labainkorrak eta konplexuak dira, baita nazio-identitate-estatua osatu gabekoentzat. Demagun, honezkero ez dugula arraza edota erlijioaren osagaien beharrik “gure” nazio-identitate hegemonikoa osatzeko. Alta bada, politikak ordezkatu du erlijioa. Arrazaren ordez, hizkuntza aldarrikatzen dugu osagai gisara. Ederki. Ba ote? Euskara “gure” nazio-hizkuntza, edo berau helburu, euskarak aski indarrik al du giza-homogeneotasunari ekiteko, nazio-hizkuntza-identitate osatzeko? Berez, ez.
Hots: euskal —euskaraz bizi nahi duen— jendarteak ez du ahalmenik egitasmo hori gauzatzeko. Zein da orduan, gailentzen den asmoa? Nazio-estatua osatu beharra.
Labur zurrean trenkatu beharrez: estatu zapaltzaileen nazio-alienazioaren mekanismoek, agian, ez dizkigute “begi-bistaratzen” balizko euskal-nazio-estatu horren mekanismoak. Mekanismo horiek ez ote dira “beharrezkoak” izanen euskaraz bizi nahi duen euskalduna endekatzeko? Galderak besterik ez ditut. Arrapostuak zailak dira ematen. Edonola ere, erlijio izan bada giza idiosinkrasiaren osagai funtsekoa, “sinesmena” berebiziko euskarria da oraindik ere. Egungo “politika” halakoxe izaki, ez dut ikusten —errealitate arrazoituaren ondorioz— giza-beregainik sortzeko modurik. Euskaldun oso modukoa, alegia.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres