kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Andrezaharraren manifestua / Mari Luz Esteban / Pamiela, 2019

Itsasargia ilargi gabeko gauean Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-03-13

Andrezaharraren manifestuak eman zuen zer errana, hain justu, are zaharragoak egin gaituen pandemiak baino lehentxeago eman ere. Zer erranik eman, baita franko hartzeko eman ere. Eurrez idatzi zen poema liburu honen gainean: Subjektu berria, Edulkoranterik gabea, Subjektu poetikoen elkargunea, Espektro bat euskal letretan, Subjektu zahar-berriaren aldarri edota Andre zaharraren poema berria erran zuten —eta diote— haren gaineko lerroburuek.

Berant heldu ote naiz, hitz horien gainean —edo azpian— deus berririk paratzeko? Ez ei da sekula berant, ezta zahartzeko ere. Araiz! Izanen da nire modura “liburura ‘geroago’ heldu arren”, beraren abarora itzala hartuko duena, baita —nire kasuan bezala— babesa hartuko duena ere, izan zahar izan gazte, izan gizon edo izan andre, baita bietakoa izanda ere.

Aspaldikotxo (nire) lema errekurritu hau erabiliko dut abiapuntuan: “Ez dago zahar ez gazte, batzuk lehenago heldu ginen eta bestetzuk ondoren”.

Abiagunean betiere, gabezia bat eta aitorpena: Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen lehen poesia liburua irakurri gabe nago. Eginen dut hori ere. Araiz! Artean, beste aitorpen bat. Gure ama pandemia garaian zendu zen eta mundua laga izanak ez nau libreago egin. Egiari zor, haren hutsuneak denbora zabaldu dit, baina, haren espazioa betetzen ikasten ari naiz oraindik ere.

Galdera-ikurrak

“Izan zahar izan gazte, izan gizon edota izan andre”, zuretzat da idazki hau. Eta, lotsaz badarik ere, berriz aitormena: testu hau Andrezaharraren manifestua delakoaren Gizonzaharrarren iruzkina duzu. Beraz, irakurle, barkabera izan zaitez iruzkingile pertsonalista honekin.

Gure nerabezaroan zahartzaroa soldadutza egin ostean hasten zen, puta mili deitu izan genuenaren ostean. Hartara, ni ere konstruktu bat naiz. Gaztetasunera iritsi orduko sistema baten baloreen markoan nintzen. Helduarora iritsi orduko —sekulako heldu gabea— gizon bilakatu nintzen. Harrezkero nirekin egin zutena deseraikitzen bizi naiz, ari naiz. Etorkizunari begirako galdera-ikurrek zabaltzen dute nire bidea, deseraiki ahala eraikiz. Iragana egurastu egiten dut, etorkizunean ez itotzeko. Orainak arduratzen nau, edo hala nahi nuke bederen.

Iraganera itzultzen naiz tarteka. Etxean ama eta aita ikusten ditut, anaia eta arreba ere ondoan eta ondoren. Urrunago aitona-amonak. Bakarra ezagutu nuen baina. Eta hura gizona “behar”. Nire lehen maistra, serora izan zen: Sor Lucila. Ikastetxearen ondoren, Guardia Zibilaren kuartela zegoen. Fatxadan Todo por la patria enuntziatuak errezatzen zuen. Kalearen izena Labeaga zen. Labe asko eta tximinia oso garaiak zeuden gure herrian, tximiniak erraldoiak ziren, eta haien ahotan gizonek ziharduten. Etxeetan ere labeak zeuden, gure amak ziren haien kitzikatzaile. Zahartzaroa urrun-urrun ikusten nuen, irudikatzen, hots! Askoz urrunago orain haurtzaroa ikusten dudana baino.

Lau aiton-amonetatik bakarra ezagutu nuen. Beste hirurak espektroak izan ziren. Amonak —areago amonen zahartzaroak— enigma dira niretzat oraindik ere. Arbasoen historia oso ezkutukoa dut nik ere. Ezagutu ez nuen aitona karlista zen. Edo baliteke. Batek daki. Ezagutu nuena, berriz, ez azul ez rojo, aski librea zen. Amonak berriz, haiek beltzak ziren, beltz-beltzak, soineko beltz-beltzezkoak inolaz ere. Gure ondasunak urriak izan ziren. Ni bagaje eskasekoa naiz. Behin gizontzen hasita bete “behar” izan nuen halabeharrez. Halaxe segitzen dut, gorputza, burua eta espiritua bete beharrez.

Beste aitormen bat aitzina jarraitu aitzin: gure herrian ere bazeuden birrotxak. Haiei esker, hain ziur ere, egungo andre zaharrek euren manifestuak aditzera ematen dituzte.

Gorputzaren iragaitza

Dena da iragankorra. Bizitza heriotzara iragaitza da, gorputzaren iragaitza nola espirituarena. Eraikitzen dugun ia guztia, iragaitzaz egiten dugu. Amarekiko, andrearekiko nahiz seme-alabarekiko iragaitza, batbedera, bakarra eta askotarikoa da. Aro baten eta hainbat aroren hasierak ere iragaitzak dira. Hasten dena amaitzen da, baina bizitza noria bat da jaio eta hil artean, “aurkikuntza horien poza ere bada zahartzaroa”. Zugan nahiz nigan, haiengan zein guregan.

Azal-grinari barne-grina gailentzen bide zaio bizitzan aurrera joan ahala. Andre zaharraren sakontasuna ez da putzu-iluna, gazte garaiko garrak amatatu diren arren, ezta idealizazioa kamustu bada ere. Eta gehi nezake, ezta zaharra gizona denean ere, haren idealizazioa kamustuta eta lanpustuta ere. Gure ikusmira —Angela Davis nola Joseba Sarrionandiarekiko begirada ankilosatuak legez— zartatuz doa zahartzaroan. Alabaina, “zahartzeko modurik onena gazte nahi ez izatea da”. Burutazio bat iragaitzaz: hirikoa izan eta herrian bizitzea egokia begitantzen zait —edota herrikoa izan eta hirian bizi—; herritik hirira, hiritik herrira. Hilen argipean —ilargia pean— iragaitzaz.

Manifestua

Andrezaharraren manifestua mesanotxean luzaro egon den liburua duzu, ukan dudan liburua, hots. Pandemia garai osoan: honen aurretik eta anartean. Jendartearen desarrazoiaren aurka, loaren amildegira hurbildu nauena. Goizean goiz, mundura zabaldu behar ohi dudan leihoa irekitzen lagundu didana (zuri ere lagundu diezazuke, irakurle). Aro berri bat aspaldi iragarri banuen ere, ezin hobeto ohartarazi dizkit bikotean bizitzearen arriskuez. Maitabera izateak zurruna bihurtu zaitzakeela, maitasunak ez duela zertan erromantiko-tasunarekin ezkondu behar.

Manifestua irakurri aitzin, egunekoak egunean balio duela banekien, eta premisa premiazko hori bakartasunean bestelakoa dela ikasi dut haatik. Nik ere, andre zaharraren legetxe, ez dut inoren aita, inoren seme ez inoren maitale izan gura. Nire burua ezagutzen jarraitzen dut. Bizitza egiak eta gezurrak osatuta dagoela banekien, eta orain, batez ere, badakit egia ez dagoela hitzetan, ez andre ez gizon zaharren poesian ere.

Andreak salmentan ezagutu ditut, baita erosgai legetxe ere. “Ezkontzak gizonak aberasten ditu”. Alta, mundua salgai badago ere, bikotetik at deus gutxi egiten zait erosgai. Omen, “zahartzea bizitza oso baten ondorioa ‘baino’ ez da”. Hala bada ere, ondorioak ondorio, norbera da horren hobendun edo gatibua, baita zu zeu ere, irakurle. Nor bere inozentziak bizi du, maleziarik gabe bizi izanagatik ere. Nire lotsagabetasunak —haur-lotsa-gabe-hark— nire nortasuna moldatu zuen, eta artean, har lotsagabe hura nire baitan daramat bezatu beharrez.

Ez dakit lagunik galdu ote dudan. Ziur asko bai. Dena den, “laguna” galdu dudanean “horren” laguna ez zela ohartu naiz sarritan. Heriotzak eta distantziak eramaten ditu lagunak, baina horiek benetako lagunak baziren, lagunak dira betiere. Dezepzioagatik ez dut lagunik galdu, ni bainaiz nire buruaren dezepzioa lehena bizitzen. Artean ez naiz uste galdu, edo eta segitzen dut nire burua bilatzen.

Andre zaharrak berretsi didanez, bakartasuna eta bakarkeria ez dira kontu bera, eta lagun-sarea etxe bilakarazteko artekotasuna dela gakoa. Alabaina, horixe duzu status-quoa iraultzea, jakinez ere gauzak iraultzea gauzak errealitatetik erauztea dela. Ni ere, gaztaroko derrigorrezkotasunetik askatu eta libre bizi nahi dut zahartzaroan. Garaiz hiltzearen artea ikasi nahi dut nihaurk ere, ongi hiltzearen ideia landuz eta laztanduz. Bestela erranik: hiltzearen ideia sortuz berriz jaiotzeko.

“Izugarriena ez da hiltzea”, kontua da “bizi bitartean” munduarekiko jardueran erne bizitzea. Erne hil nahi dut neronek ere. Eta, anartean, bizitzaren eta heriotzaren bitartean eskutik helduta ibili ere. Buruaren hotsek eta bihotzaren taupadek gogoa kamustu barik, espiritua emeki-emeki itzaltzen lagundu nazatela —hil— nahi dut. Gizonki ez ezik, emeki lagundu ere.

Post Scriptum: Mari Luz Estebanen manifestua argia da mesanotxean. Argi bat iluntasunean izekia. Gizontasun deserosoa berridazteko hiztegi berria. Mendez mende ezarritako ordena sozialari aitzi egiteko gupidarik gabeko poesia. Itsasargi bat da ilargi gabeko gauean. Faro bat hilen gauean: gauetan loaren amildegian jausi nola, hola kausitzen baikara goizetan.

Bref: gure —gizonon— desira ziztatzen duten geziak kausi ditzakezu Andrezaharraren manifestuan.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak