« Oihan hitzean mundua | Itsasargia ilargi gabeko gauean »
Gurea falangista zen / Alberto Barandiaran / Susa, 2021
Zer egin iraganarekin gustukoa ez denean Irati Majuelo / Berria, 2022-03-13
Ezaguna da Alberto Barandiaran euskal letretan, ez baitira gutxi bere sinadurapean argitaratu diren lanak. Kronika-erreportaien eta saiakeraren, kazetaritzaren eta literaturaren artean beti, ikerketa zein gogoeta interesgarriak plazaratu izan ditu. Historia sozialarekiko eta, bereziki, gerra, diktadura eta errepresioari buruzko interes berezia agertu du maiz, eta azkenengo argitalpen honek ere bide beretik jotzen du: amaginarrebaren anaiaren heriotzari tiraka, mahai gainean jartzen ditu Gerra Zibileko lehendabiziko egunek Sakanan piztutako giroa eta hurrengo urteetan mamituriko beldurra, jazarpena, isiltasuna. Aitonaren izenak ezerezetik jauzi egiten dion arte, lokatzez zipriztinduta.
Hasieratik nabari da asmo garbi bat Barandiaranen proposamenean: ur lohietan sartzeko prest dago, ahal den eta zintzotasun handienarekin. Ez da erraza arakatzea zergatik eman zuen izena amaginarrebaren anaiak Falangean, zergatik aurretik EAJkoa izandako gazteak amaitu zuen Lemoaitzen gudari euskaldunak (tartean EAJkoak) tirokatzen. Zer dela eta gertatu zen hori Altsasun, non eta “Nafarroako lotsaizunean”. Ezkertiar aitortua izaki, ez da atsegina izan behar, ez. Gutxi dira familiaren edota gertukoen artean eskuindarren aldean lerrokatu zirenak ikertu dituenik. Hala ere, idazleak ez zuen Luis Fernandez ezagutu, 17 urteko gazte bat zen, Gerra Zibila hasi zenean beste askoren modura frontera joan zena. Barandiaranek aitonari buruz idatzi behar duenean, ordea, desberdina da guztiz idazkera, sakontasuna, emozioa.
Hori dela eta, kronika-saiakera balantzan, bigarrenak hartzen du interes handiena, nahiz eta ez den idazleak gehien garatu duena. Izan ere, Luis Fernandezen historiari dagozkion atalek gehiago dute azalpenetik, fronteko egunen zerrendatzetik, hausnarketatik baino. Gertaeretatik haratago, ekarpen esanguratsurik gabeko atalak daude, diskurtsoari dagokionean bederen. Iturri historiko zuzenak ezinbestekoak dira historia berreraikitzerakoan, eta bide horretan garrantzitsuak dira oso, baina pisu handia dute liburuaren zatirik handienean, eta, ondorioz, kontakizun hutsean geratzeko arriskua dago. Alderdi hori indartzen du behin eta berriz erabiltzen den zehar-estiloak.
Alabaina, azkenengo atalak liburua irauli eta saiakeraren alde jartzen du balantza, Barandiaranen lanari beste dimentsio bat zabalduz. Pena da, zinez, liburu osoan zehar baliatu ez izana idazleak saiakerarako daukan gaitasuna. Izan, Pablo Amillano aitonaren izena jazartzaileen artean agertzeak ideologiatik haratago doan zerbait azaleratzen baitio idazleari, zerbait humanoa, erraietako asaldura eta zintzotasuna, bere burua lokatzetan sartzeraino daramana. Ikerketak hor dirau, kronikak testuari behar duen oinarria eskaintzen dio, baina bosgarren kapituluan pentsamenduaren sakontasunak gailen egiten die gertakariei. Gorputzean, familia-loturetan, harreman intimoenetan loratzen dira aurretik aipaturiko beldurrak, isiltasunak, indiferentziak, eta egiazkotasun ukigarriz irakurtzen dira. Ez da aitona loriatzen, ez da zuritzen, ez moralki barkatzen; ez da ere senideen errua bizkarrean zamatzen. Isiltasunari bozgorailu bat jartzen zaio, eta egungo begiez entzuten, egungo gorputzez mintzatzen.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez