« Barruez eta marruez | Zer egin iraganarekin gustukoa ez denean »
Oihan hitzean mundua / Ursula K. Le Guin (Amaia Apalauza) / Igela, 2021
Oihan hitzean mundua Aritz Gorrotxategi / El Correo, 2022-03-12
Duela lau urte pasatxo hil zen Ursula K. Le Guin idazle estatubatuarra, zientzia fikzio garaikidearen maisu handienetako bat. Le Guinek berak honela definitu zuen bere burua: feminista, ekologista, Mendebaldeko amerikarra eta literaturarekin biziki konprometitua. Zientzia fikzioan dauden sari garrantzitsuenak irabazi zituen, behin baino gehiagotan irabazi ere. Adibidez, Nebula saria lautan eskuratu zuen eleberriaren alorrean; bitan, berriz, Hugo saria. Zerrenda luzea da: Sturgeon saria, Locus… SFWA Estatu Batuetako Zientzia Fikzio eta Fantasia Idazleen Elkartearen Grand Master titulua eskuratu zuen lehen emakumezkoa izan zen. Garai hartan ez zegoen emakume idazle askorik, eta are gutxiago zientzia fikzioaren arloan. Genero horretan murgildu ziren apurrek muga eta zailtasun handiak gaindituz egin zuten aurrera.
Bi dira, batez ere, Le Guini ospea eman dioten eleberriak, “The dispossessed” (Desjabetuak) eta “The Left Hand of Darkness” (Iluntasunaren ezkerreko eskua), baina ezin ahaztu daiteke gainerako uzta, genero guztietan utzi baitzuen bere arrastoa. Hor ditugu, adibidez, “Aingeru basatiak” poema-bilduma, “Gauaren hizkuntza” saiakera, Lao-Tseren “Dao De Jing”en itzulpen bat edota Terramarren girotutako narrazio sorta (Hayao Miyazakiren semeak, Gor?-k, narrazio horietan oinarritutako marrazki bizidunen pelikula bat zuzendu zuen 2006an). Margaret Atwooden ustez, literatura fantastikoaren iturri nagusietako bat da saga hori. Urrutira gabe, magoen eskola bat agertzen da bertan, gerora Harry Potterren kasuan gertatzen den bezala. Ez dira gutxi izan, halaber, Le Guini eskainitako laudorioak, eta ez edozeinen ahotik. Salman Rushdiek, Joyce Carol Oatesek edota Michael Chabonek haren eragina eta maisutasuna aitortu dituzte.
Horregatik, euskal irakurleak zorioneko gaude Igela argitaletxeak estatubatuarraren “Oihan hitzean mundua” itzuli baitzuen iaz, Amaia Apalauzaren esku trebearen bidez eta nobelari testuingurua ematen dioten aitzinsolas eta gibelsolas mamitsu banarekin (Arrate Hidalgok idatzi du lehena; Iban Zalduak, berriz, bigarrena). Le Guinen gainerako lanetan bezala, fantasiak dimentsio berezia hartzen du eleberri honetan. Sinbolismoz mozorrotua, edozein leku eta garairako baliagarria da idazlearen planteamendua (esan behar da, dena den, Le Guinek Vietnamgo Gerra amaitu berritan idatzi zuela). Neurri handi batean, kolonizazioaren inguruan dihardu liburuak; gizakiak espazioan sakabanatuta dauden uharte batzuetara heldu dira. Bertako izakiek, athshetarrek, beste ohitura batzuk dauzkate, beste kultura bat; bakezaleak dira, basoa gurtzen dute eta bi denbora bereizten dituzte: amets-denbora (erreala) eta mundu-denbora (irreala). Berehala pairatuko dituzte, baina, gizakiaren basakeria eta itsukeria. Gizaki horiek uharte horietako lurrak izorratuko baitituzte; zuhaitzak suntsitu, egurra lurra planetara esportatzeko; bertako biztanleak umiliatu, menpekoak direlakoan. Hedadura-goseak ez du mugarik gizakiarengan. Ez du garapenaren kostua neurtu aldez aurretik. Gaurko mundurako bizi da, biharkoa arbuiatuz; bihar ez baita hemen egongo. Gaurko kontsumitzailea interesatzen zaio. Besterik ez. James Cameronen “Avatar” filmean oso antzeko planteamendua ikusi genuen orain ez gehiegi.
Pertsonaien artean, bi dira nagusiak: Selver ameslaria eta Lyubov lurtar zientzialaria. Bi horiek elkar ulertzen saiatuko dira, bien mundu ezberdinak orekatu nahiz, izakien arteko elkarbizitza zilegi dela sinetsita. Beranduegi da, ordea. Gizakiak Athshe planetako basoak suntsitu ditu; natura agortzen ari da. Uharteko biztanleen artean zerbait arrotza piztu da, ordu arte ezezaguna zitzaien sentipen bat. Min sentipen hori athshetarrak aldatzen ari da. Indarkeriaren erruz, jada ez da ezer izango lehen bezalakoa. Nolabait, gorrotoaren paralelo psikologikoaz mintzo da Le Guin eleberri honetan. Eta hori guztia poesiari uko egin gabe.
Gaia eta planteamendua, bestalde, gaur-gaurkoa da. Hain gaurkoa ezen lotsa ere ematen baitu auzi horretan zein gutxi aurreratu dugun ikusteak.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez