kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Begiak zabalduko zaizkizue / Irati Jimenez / Elkar, 2021

Begiak zabaldu dizkit Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-01-30

Sarrera gisa

Liburu gotorra dugu eskuen artean, literatur zale hori. Ez da samurra beraz, lan itzel honen gainean taxuz deus esatea eta asmatzea, azertatzea, alegia. Abantaila dugu zuk eta biok, literatura dugu hizpide eta “asmatzea” —edo ez asmatzea— literaturaren lizentzia gisa har dezakegu. Liburu gotorra eta ez samurra erran dut, Irati Jimenez egileak “eztabaida” zabaltzeko saioa idatzi baitu. Areago, “elkarrizketa” proposatzen digu literatur zale, egile eta eragileoi.

Bat eta hasteko

Begiak zabalduko zaizkizue liburuak begiak zabaldu dizkit, anpolaiak bezala paratu ere. Beraz, gomendioa: euskal literaturaren ardura eta mentura baduzu, ezinbesteko liburua duzu. Ezbairik ez!.

Bi eta segitzeko

Nondik nora heldu? Nola adierazi zuri, iruzkingile naizen aldetik, non dauden liburu honen ahalak. Gabeziak baleude, nola adierazi ere. Ez da samurra hori ere. Behin eta hasteko, kokatu dezadan nire burua. Irati Jimenez, besteak beste, literatur sistemaz ari da, handi-handika errana. Ni sistema horren partea naiz eta izan naiz joan deneko hogei urte luzeotan. Liburuak interpelatzen nau. Arrazoi osoz (ez dut nire iruzkin hau pertsonalizatu nahi, haatik). Alabaina, atal bat zabalduko dut “interpelatze” horren harian.

Literatura & Maitasuna

Liburua maitasunez idatzita dago. Irakurleentzat egina hasteko —literaturaren sisteman biltzen garen denontzat egina—. Maitasuna tarteko izanik, idazleak bere bihotza ireki digu, zabal-zabalik ireki ere. Bagaje ikaragarriarekin heldu zaigu. Maitasunez eta zintzotasunez idatzi du. Bere esperientziatik mintzo zaigu. Sano oparoa. Euskal literaturaren gela nola antolatu ere azaldu digu. Zein den literatura ona eta zein txarra, biak eta biak, hainbat unetan, beharrezkoak direla erran ere, literaturaren bidean egokiro (i)biltzeko, gure testuak egokiro taxutzeko. Gela aipaturik, hotz egiten baitu euskal literaturaren gelan eta berotu behar dugu. Profesionaltasunari buruz ari da ere. Euskal literaturak analisiak behar ditu, argumentuak eta gaiak. Gaiak batez ere. Segi nezake, baina horiek liburuan dituzu.

Euskaldunon soziologia eta psikologia landu ditu saiogileak, baita zein ildoan (i)biltzea komeni zaigun proposatu ere. Sormenaz ari da. Dudarik gabe, bizitzan sortzailea inor bada, emakumea da. Alabaina, emakumeari ez zaizkio eman behar zen tokia eta ezagutza. Ez hori soilik, gaizki tratatua izan da. Gizonok bereziki. Beraz, gure literaturan gizonezkoek jokatu duten rola eta emakumeek izan dutena kontuan harturik, literatura feministaren beharra aldarrikatzen du Irati Jimenezek, duintasunez aldarrikatu eta proposatu ere. Izan ere, emakumezkoek beren literatura “histerikoa” dela entzun eta jasan behar izatea, gaitza da gero. Segi nezake atal honetan barrena ere: literatura jeneroak, literaturaren espresioak ekarri ditu hizpidera idazleak: errealista, irrealista, majikoa… Literatura pentsa, horteroa ere bada izan. Dena den, egiten dugun literatura egiten dugula ere, euskaldunok mundutik urrun bizi gara.

Literatura fikzioa da. Mundu irreala. Mundu errealaren paraleloan, modu birtualean, eraikitzen dugun “espazioa” edo “mundua” da literatura. Beraz, mundu errealetik urrun bizi bagara, Irati Jimenezek dioenez, zer mundu mota sortzen al dugu? Zer falta dugu? Egilearen nahi eta usterako, literaturak eskas duena aberasteko gomendioak eta iradokizunak aurkituko dituzu liburuan. Ez da gauerdiko idazlearen eztula, ez horixe! Lagundu aldera, gure literaturaren —egileen eta eragileen— kongruentziak eta inkongruentziak topatuko dituzu, ez da gutxi, batzuk gezak dira bestetzuk goxoak, gaziak ere badituzu. Berbarako, literatura berbaz egiten da, eta gurea euskaraz izaki, horixe “kalbarioa”. Euskaraz eta euskarari buruz, ederki eta ausarki eman digu aburua.

Bagaje hitza paratu dut arestian. Liburuak dakartzan erreferentziekin bizitza osoa bidaia dezakegu literaturaren ildoan: euskal literatura mundu literatura da, mundutik elikatzen da, historiatik elikatzen da. Gurea txiroa izan dela? Ez pentsa. Gureaz landa aberatsagoa badela? Bai, noski. Baina, hara, biak dira gureak. Bietatik ikasiz gero, poema ipuin nobela… paregabeak sortuko ditugu. Ez gaitezen inozoak izan, hala ere. Mundua aldatu da, aipatu mundu hori ez da literaturaren bidez espresatzen, ez bederen aurreko mendeetan espresatzen zen legez. Mundu errealaren paraleloan, mundu zibernetiko-digitala eraiki dugu, eta horrek aldarazi ditu gure imajinazioa gure izatea… Eta aldaketa hori hasi besterik ez da. Beraz, literatura non geratzen da? Zein da bere espazioa? Horixe galdera! Hortxe koska!

Luze joko nukeela nengoen, eta halaxe ari naiz. Beraz, liburuak eskaintzen digunaz harago joan beharko dut, eta abururen bat edo beste eman ere. Literatura nola egiten den adieraztea eta horretan laguntzea, ederki baino hobeki dago azalduta. Idazlea maitasunez ari da eta zintzotasunez eta bestez, eta dena duzu haizu. Zailago da “zilegia” bihurtzea ordea. Hau da, literatura ona zein den ebaztea ez da erraza, bistan da, izan ere “ona” eta “gaizki” dualismoak ez du norabide horretan laguntzen, edo nik ez dut laguntzen duenik ikusten. Ez dut uste. Erran nahi baitut, iritsi naiz, hitz gakora, sistema hitzera. Sistema literarioa proposatzen digu egileak. Niri sistema hitzak hozkirria sorrarazten dit. Nire ikuspuntua da. Nork berea. Aburua da, nik nirea: alegia, sistema politikoa dela eta, sistema ekonomikoa dela eta, osasun eta hezkuntza sistemak… Denak beharrezkoak. Ados. Ez gara bestelakoetan antolatzeko eta bizitzeko gauza —izan—. Sistema literarioa baina, atx! Uauuu! Nire esperientziatik ari naiz. Eskasa eta mugatua da gero. Kazetari bezala jardun dut literaturaren espazioan, baita iruzkingile bezala ere. Eta segitzen dut, aldez edo moldez. Eroso inoiz ere ez. Lotsagarri agertzeko arriskuak hartzen.

Zer behar du gure literaturak? Irati Jimenezen proposamenak liburuan dituzu. Nik erran nezake, “sistema horretan” ahalaz “kapilak” ez egotea hobe. Alabaina, nola eraiki “sistema bat” gutxieneko talde-lana eta kooperaziorik gabe. Literaturaren eremuan daude interesak, hamaika, horietako asko kontrajarriak. Nola jarri norabide berean? Paroles! Galderak! Inor bakartia bada, idazlea da. Nola egin edo izan kooperatiboa, idazlearen jarduera horren indibidualista izanda? Hara, ikaragarria da idazle kooperatibista izatera iritsi ez, demagun sistema kooperatibista ezin gauzatua ari izan garelako —demagun diot berriz ere—, eta korporatibismo suerte guztiak ernaldu dira literaturaren sisteman. Artean, besteak beste, sistema ahula izateagatik.

Bidenabar, eta arian ari: egileak interpelatzen gaitu eta galdetu, ea zenbat literatura egile laga dituen berak liburuan aipatu barik, adieraz dezagun. Bada, ez dut idazle izenik idatziko hemen, hain da begi-bistakoa nor dagoen eta nor ez. Bidenabar hau ere, korporatibismo aipatu dut, eta erranen dut hau ere. Literatura feminista aldarrikatzen dut, eta behar duen harrera eta tornuia eman behar zaio. Lehenik idazle andereari, baina, ea, korporatibismoz korporatibismo —txarra al da, galdetu lezake norbaitek— korporatibismoa feminista denean (ere) ez dut gustuko, eta ez dut uste literaturari onik ekartzen dionik. Are, bustiko naiz, argiago agertzeko. Mundu errealean ari naiz. Errealaz ari, ez fikziozkoaz. Hona aldarrika sorta:

— Euskal Herria sozialista izango da edo ez da izango.

— Euskal Herria independentea izango da edo ez da izango.

— Euskal Herria euskalduna izango da edo ez da izango.

— Euskal Herria feminista izango da edo ez da izango.

Soflamak edo su-lamak. Euskal Herria da dena. Eta izango da, izango dena. Euskal Herria librea izango da, baldin eta… Baina, zer baldin eta baldin ondo, askatasuna ez da inola ere baldintzapean bizi izan, eta eraiki ezinezkoa duzu hara. Askatasuna hein batekoa da, sekula ez erabatekoa. Aurreko helburu horiek diren gisara. Balio ditzaten lerro hauek, literaturaren testuinguruan kokatuta, hauxe ulertzeko. Irati Jimenez sistema bat proposatzeko bada nor. Literaturan bere ibilbideak haizutasuna ematen dio, aise eman ere. Baina, nire gomendioa: inork proposatua ez dezala inork katixima bezala har, otoi eta arren!

Erromantizismoaz bi hitz. Ongi ulertu dudalakoan. Gure literaturak erromantizismoa behar du, iturri edo ismo horretatik gehiago elikatu, gehiago hornitu behar du. Nik dudak ditut. Ez naiz aditua, literaturan diot. Bizitzan eta munduan aritua naiz, eta azkeneko 60 urteko euskal historiaren lekukoa banaiz. Aski eta sobera badut erromantizismotik. Eta aitor dezadan, nihaur naizela naski erromantikoa. Naski, bai Irati, eta prefosta ere bai. Alta bada, ez ditut “naski” eta “prefosta” epatatzeko idazten. Nire bizi esperientzian barneratutako hitzak dituzu. Bestela ere, ekialdetik mendebaldera joaki, azken lau urteotan, Larrabetzu herriaren bidez —azalpenik eman barik, uneon— bizkaierarekiko lotura ernatu zait, “ederto” ernatu ere. Naturaltasunez. Gura barik edo nahita, Iratirekin elkarrizketan sartu naiz. Liburuak lizentzia ematen dit eta aitzina.

Euskal literaturaren Olinpoetan idazle anitz dira. Ezin denak aipa. Bi nabarmenduko ditut, ordea. Axular eta Gabriel Aresti. Bego Axular oraingoan. Gabriel Aresti hizpide, Iratirentzat nola halatsu niretzat Bilboko poeta. Ni banaiz, hein batean, Arestiri esker ere banaiz. Neurri batean diot, hasteko aitorturik, ez diodala Arestiri obra osoa irakurri —ez beste egile askoren obrak (erdal literaturakoak barne) Iratik irakurri duen bezala—, ezta urrik ere. Baina, haren ostean heldu ziren euskal idazle askoren aurretik, lehena Gabriel Aresti izan zen. Hori aitorturik ere. Bere ingurumaria ezagutu izan dut, helduarora ailegatuta, Bizkaian barrena ibilita, eta faborez, ezberdindu ditzagun idazlearen obra eta bere bizitza. Ez ditut bi idazleren intrahistoria ezagutzen, hara, alta, aise gehiago ezagutzen dut Arestirena Jimenezena baino. Balio bekigu Irati Jimenezek Juan Ramon Jimenezi buruz dioena Arestiri buruz adierazteko, alderik alde, erran nahi dudana ulertu aldera.

Bref: hau errateko. Arestiren egia neure egin nuen. Eta egiten dut. Bere obran agertzen den “egiaz” ari naiz. Baina, egia hori ere hein batean har dezadan, alafede. Ez nago ez Gabriel Arestiren ez Irati Jimenezen “egiaren” parametroetan, inolaz ere. Inor ez baita inoren egian. Ez berezia naizelako. Dialektikaz ari nauzu, irakurle hori eta Jimenez anderea. Pertsonok eguneko bizitza elkarren ondoan eginez gero, nork bere errealitatea antzeman eta bizitzeko dituen moduak hurbil egon daitezke, hots, elkarrengandik hurbil egon gaitezke. Batek daki. Alabaina, “egia” edo “erreala” idealismo hutsa dira. Bizitzearen ondorioz baino ezin dugu beretara hurbildu. Horixe nire ikusmoldea. Funtsean, nireak ere paroles, paroles… Errealitatea, erreala, egia… ez daude hitzetan.

Denetarik behar dugu ordea. Idealismoa eta utopismoa. Areago gurea bezalako herri baten historia kontuan hartuz gero. Nazioa eraiki gabe —ondokoek eraiki duten zilegitasunez—, bidean bide, literatura egoki batek, demagun “literatura antolamendu” batek onik egingo ligukeena antolatu nahian ari gara. “Denetarik behar dugu”, berariaz idatzi dut. Denetarik behar al du euskal literaturak? Konparazioenera, eta barkatu pertsonifikatzea, euskal literaturak ni bezalako iruzkingile baten premia al dauka? Nola demontre iritsi naiz 300 inguru literatura iruzkin idaztera? —iruzkinak dira, kritika lana beste kontu bat da. Liburu honetan egileak argi eta garbi agertu duen gisan—.

Irati Jimenezi: zintzotasunez eta estimuz, eskerrik asko lan honegatik. Behin eta hasteko, niri ekarri didanarengatik, baina batik bat, euskal literaturari ekartzen ahal dionarengatik. Ekartzen ari zaio daborduko eta engoitik! Hasteko eta segitzeko, aitormen bat: ni naiz, Nora ez dakizun hori zure nobela Kleenex epitetoaz izendatu nuena —zuri ari natzaizu irakurle hori—. Hau lotsa! Ez naiz zurikeriatan ari. Serioski ari naiz. Aitormen honek ez du zure liburua hobeagoa egiten Irati, ez nire iruzkina ere. Ez horixe! Iruzkindu ditudan liburu askoren testuak irakurrita, “ostia, ausarta eta memelo morroi hau!”, pentsu dut. Hori ere bada euskal literatura. Nire iruzkinak hor daude, hainbat literatura lanen epaile izan naiz eta banaiz. Koldarra batzuetan ausartegia bestetan. Lotsa eskasa eta jakintza are eskasagoa dituen honena. Halaxe duzu bizitza, halaxe neurea.

Azkenik, irakurle lagun hori, ez zaitez nire digresioetan galdu. Inportantea literatura-saio hau duzu. Helduiozu!

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak