« Berandu gabiltza? | Infinitua ihi bitan »
Borrokalari transgeneroak / Leslie Feinberg (Fermin Zabaltza) / Katakrak, 2021
Liburu hau arma bat da Irati Majuelo / Berria, 2021-12-05
Katakrak argitaletxeari esker ezagutu genuen lehen aldiz Leslie Feinberg, idazle, borrokalari eta langile transgeneroa. Mari-mutil handi baten bluesa eleberrian irakurle bat baino gehiago harritu zuen, astindu, txunditu, harrotu. Fermintxo Zabaltzaren eskutik euskaraturiko bigarren lan honek efektu berbera izango duelakoan nago, edo hala espero dut behintzat, gure historiaren, Mendebaldeko pentsaeraren erroei erauzitako maisulana baitakar Feinbergek, fin bezain probokatzaile.
Borrokalari transgeneroak ez da, idazleak hasieratik argi uzten duenez, ohiko historia liburu bat, ez trans pertsonen historia orokor eta osoa, ez eta gaur egun trans mugimenduarekin ulertzen dugunaren genealogia hutsa. Bi lan-lerro sakonen emaitza dela esanen nuke. Batetik, arkeologia lan xehe eta zorrotza da, gizakiaren lehen komunitateetatik gaur egunera arte, generoa logika bitarretik at bizi zuten pertsonen bilaketan, kokapenean eta dokumentazioan oinarritzen dena. Eta bereziki, pertsona horiek komunitate desberdinetan izan zuten pisu errealaren eta historia hegemonikoan izan duten interpretazioaren arteko aldea ulertzeko saio tematia. Bigarrenik, trans kontzeptuaren pean bil daitezkeen esperientziei buruzko hausnarketa-lan garrantzitsua da, egungo begirada (post)modernotik at, gizaldiz gizaldi egon diren pertsona ez-bitarrei gardentasunez so egiteko asmoa agertzen duena. Badu asko saiakeratik, ukaezinezko ikuspuntu pertsonaletik abiatzen baita ikerketa. Eta hori du indargune nagusienetako bat liburuak, izan ere, egilearen zalantzek gidatzen dute irakurlea, bere sentituz Feinbergen kezkak, gogoetak eta, bereziki, galderak. Historia, politika, teoria, hirurak biltzen ditu idazki honek, hiruretan bermatzen dira Feinbergek aurkitutako erantzunak. Finean, idazleak esaldi bakarrean laburbiltzen duen gisan, liburu hau arma bat da: “Garaia da geure historien aditu gisa idatz dezagun”.
Estilo zuzen eta argia darabil idazleak, une batzuetan ukitu pedagogiko batez ere ari dena. Izan, ideia ustez korapilatsuak azaltzeko erraztasun handia baitu, esperientzia pertsonalera edota adibide zehatzetara joz. Hala ere, erraietan bizi duen borroka dela ikusgarri egiteko ez du arazorik, eta, ondorioz, ez dira kritikak eta aldarriak falta. Alabaina, ez da panfletora iristen, eta eskertzen da. Liburu honek idazkeraren aldetik duen ezaugarririk bereziena, ziur aski, galderak azaleratzeko modua da, itaunen bidez diskurtsoa gidatu eta irakurleari erantzunen bila hasteko grina pizten baitio. Umearen jakin-min kutsatu gabea, helduaren kokapen politiko ezinbestekoa, jazarriaren auto-berrespen iraultzailea; hirurak biltzen ditu Feinbergen hitzak.
Baina bada lan honen interesa akuilatzen duen beste gako bat: intersekzionalitatea. Sarri ulertzen konplexua gertatzen den kontzeptuaren ariketa praktikoa izan zen idazlearen bizitza, eta hala islatzen du bere idazkeran ere. Oroz gain, zapalduen arteko batasunaren aldarria baita liburu honek uzten duen oihartzuna. Borroken arteko babesaren beharra, bidegurutze amankomunak eta aliantzak berriz ere zalantzan jartzen diren garaiotan, ezinbesteko begirada da Feinbergena: zapaldu ororen askatasunaren alde egiteak zu zeu askatuko zaitu.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi