« Liburu hau arma bat da | Hiztun guztiok gara totelak »
Infinitua ihi batean / Irene Vallejo (Fernando Rey) / Pamiela, 2021
Infinitua ihi bitan Anjel Lertxundi / Berria, 2021-12-05
Pasioz hasi nintzen irakurtzen gaztelaniazko originala, aspaldi abandonatu genuen jardin eder batetik bestera ninderamaten orriek. Ezagunak egiten zitzaizkidan pasarte askotako pasioen, labirintoen eta dilemen usain eta oihartzunak. Irakurtzen ari nintzenak Peneloperen tapizeko albainuaren finezia zuen, baztertzen eta baztertzen joan garen giro klasikoaren unibertsoa ari nintzen sentitzen, eder-minez berritzen. Pasioz segituko nuen irakurtzen, baina berrehungarren orritik pasatu berri (liburuak 449 orrialde ditu), baztertu ezin nuen lan bat neukan eskutik tiraka. Beste baterako utzitako liburu-metaren gainean utzi behar izan nuen. Etsita nengoen. ‘Gabonetan, agian. Edo asteburu oso bat hartuta…’, ari nintzen nire buruarekin gezurretan.
Euskarara ekarri dutela jakin nuen arte. Egun berean erosi nuen Infinitua ihi batean, Irene Vallejoren liburu apartaren Fernando Reyk egindako itzulpena, eta berriro ekin nion irakurketari, oraingoan euskaraz, utzi nuen orritik aurrera. Murgil egin izan banu bezala sartu nintzen bertan, berehala ahazteraino itzulpen bat neukala eskuetan.
Vallejoren gaztelaniazko prosaren araztasun eta dotorezia bera gozatu ditut Reyren itzulpenean. Hizkerak eskutik narama, Vallejorenak ere eramaten ninduen bezala: euskarazko bertsioaren araztasunak sorpresa atsegina ekarri dit, nahiz aspalditik ezagutzen ditudan Reyren eskarmentua eta lana. Vallejoren tonuari eusteko maisutasunak seguru sentiarazi nau. Ez zitzaidan dudarik sortzen, edo, sortzen bazitzaidan, ez zen sintaxiak, lexikoak eta halakoek eragina, baizik nire formazio kulturalaren defizitak eta herdoilak, autore edo pertsonaia edo mitoren baten ignorantziak. Baina, halakoetan ere, autoreak zein itzultzaileak, beti baitute kontuan irakurlea, talentu artistikoarekin leuntzen dituzte takar edo aldapatsu izan zitezkeen pasarteak.
Euskarak ninderaman, bada, eskutik. Burua libre, ez ninduen ezerk uxatzen irakurketatik, ez nion erreparatzen testuak kontatzen didanari baino. Eragin didan gozamenak —ibilaldiko haize leunak, iturrietako ur freskoak, irakurri berriaren zaporeak— aisia eskatzen zuen eta du, irakurketa benetan literarioa. Originalean dago, badakit, esaten ari naizena, baina Vallejok gaztelaniari ateratako etekina atera dio Reyk euskarari. Esperientzia fisiko bat bizi izan banu bezain biluzki sentitu dut euskaratik naizela elebidun.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez