kritiken hemeroteka

8.615 kritika

« | »

Panfleto bat atzenduraren kontra / Pello Salaburu / Erein, 2025

Oroitzapenaren aldeko panfletoa: errealitateari bizkar emanda bizi izateak atzendura sustatzea dakar Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-12-12

Hasmentan: burutazio adina burutapen

Panfleto bat atzenduraren kontra liburua ez da aiseki sailkatzen. Idazlan bat panfleto gisara aurkezteko, ausardia eta abilezia behar dira. Panfleto hitzak jite gutxiesgarria dauka. Panfleto hau bortxaren biktimen aldeko arrazoiketa-saioa da. Biktimak gizabanako bortxatuak dira. Biktimarioaren kontrako eta biktimen aldeko saioa da. Saiatze hori, berez, ez da samurra. Izan ere, bortxa egilearen —biktimarioaren— arrazoibidean sartzea eromenaren bidean sartzea da.

Oroitzapenaren aldeko panfletoa lerroburua paratu diot gogoeta honi. Lerroburu ausart eta erraza irudi diezazuke. Alta bada, ez da nirea, Pello Salaburu egilearena baizik. Panfleto honen bitartez, norbanakoon bortxa-jarduera salatzen du, baita bortxaren zioaren zergatiez gogoetatzera gonbidatu ere. Gure gogoa urratzen duen libelo moduko bat duzu. Bortxaren arrazoi antzuei buruzko erantzunak xerkatzen ditu, orrialdez orrialde. Kausitu al ditu? Bai ote? Ez? Nork bere irakurketa eta interpretazioa eginen ditu.

Atzenduraren kontra saiakera honek —kendu diezaiogun liburuari panfleto-epitetoa une batez— den-denok interpelatzen gaitu: berau irakurtzera menturatu eta ausartzen garenok nahiz berau irakurtzea errefusatuko dutenak; errefusatu dezaketenak. Nago, lehenbizikoak bigarrenak baino aise gutxiago —izanen— garela. Alta bada, zuzenki edo zeharka, gutxitan edo askotan, norbanako guztiok nahasita gaude liburuan kontatzen denarekin. Bortxarekin inbolukratua eta inplikatua gaudela idatz dezaket, alta bada, nahastuta hitza ere hagitz egokia iruditzen zait. Zehaztu aldera: bortza zuzenki praktikatu dutenak eta berau gauzatzen laguntzen dutenak ez dira parekagarriak. Ezta bortxa beraren aurrean in pasibo geratu direnak ere, hots, deusik erran gabe, zirkinik egin gabe.

Bortxa —biolentzia, indarkeria, bortizkeria…— norbanakoon izaera doilorraren agerbide arrunt zekena da. Pertsonon gaitasun ezaren agerbide arbuiagarriena. Bortxa gure izatearen espresio izukaitzena da. Gizabanakoon arrazoibidearen mugaren adierazlea. Norbanakoon emozio eta pasio kontrolaezinen agerbidea. Bortxa, egoera muturrekoetan agertzen den nahasmendu mentala da. Bortxak bortxari erantzuten dio ardurenean. Ez beti ere, haatik. Bortxa-espresio-molde asko baitira.

Gizakia eta bortxa bereizi ezinak begitantzen zaizkit. Alabaina, eta horregatik, naski, nork bere komenentziara azaldu nahi izaten du iraganeko bortizkeria. Atzendura —ahanztura— oroimenean hozitzen den mina dugu. Iraganaren oroitzeak min ematen digu, eta ez oroitzeak atzendura dakar. Atzendura pairatzeak, berriz, izan garena errepikatzea dakar. Erran nahi baitut: ikasi dugun zerbait berriz erabiltzeko —edo ez erabiltzeko— gaitasuna galtzea dakarkigu atzendurak.

Anartean: liburuaren lerroei amiñi bat atxikiago

“Atzendura zer den”. Ahanzturaren definizioa duzu liburuaren abiaburuan, baitezpadakoa. Atzenduraren kontrako saio honek, bortxarekin eta haren inguruarekin nahastutako izen anitz bildu ditu: bortxa-egileen izenak eta bortxa-egileak babestu dituztenen izenak. Izan estatuaren babespeko bortxakeria burutu dutenen izenak —estatu terrorismoarena, barne— baita haren kontra jazarri direnen bortxa-egileen izenak. Legez ezarritako bortxaren kontrako bortxa “egokia” hastapenean, terrorismora lerratua bere bilakabidean.

Bortxa-espresio anitz daude. Eta den-denak politikoak dira. Agerraldi psikotikoak ere egoera politikoen ondorioa dira. Liburuan bortxa-moldeen egile anitzak deskribatuak daude, deskribatuak eta salatuak. Euskaldunon historia berriko indarkeriaren pasarte-bilduma konpletoa da nolabait, konpleto adina konplexua. Baita, hala berean, mendebaldeko XX. gizaldiko indarkeriaren pasarte-bilduma esanguratsua izan ere.

“Boterea arriskutsua da”. Bortxaren protagonisten izenak berebizikoak dira historia entelegatzeko: Hitler edota Stalin, konparazioenera. Ordea, ez horiek bakarrik eta bereziki. François Mitterrand, Carrero Blanco, Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala, Felipe Gonzalez ere, aintzat hartzekoak dira. Bakar batzuk aipatu aldera, noski. Elemenia dira. Boterea arriskutsua da, eta are arriskutsuagoa bihurtzen da, boterearen bortizkeriari erantzuneko bortizkeria jazartzen zaionean.

“Atzentzeko eskubidearen parean, memoriaren eskubideak beti du lehentasuna” (Paco Etxeberria). Mendebaldeko egungo sistema demokratikoaren ildoan, eskubideak aldarrikatzearen aldarrikatzeaz, norbanakook gure betebeharrak atzendu ditugu. Nora begiratzen dugu ustezko demokratok? Gaur egungo sistema nagusiaren —sistema demokratikoa delakoa— aurkako sustatzaile sutsuen arabera, ustezko askatzaile erromantikoak, faxistak beti dira besteak.

Ez gara ohartu edota ez dugu jabetu nahi, hauxez: biktimak bando batekoak edo beste batekoak izan, biktimak beti direnez galtzaile, hots. Jendartea petxero bihurtzen da, jendarteak berak koherentzia galtzen duelako. “Koherentzia nolakoa, halako duintasuna”. Errainu hori baina, inoiz sendoa izan bada, hutsala da gaur egun. Pertsonok duintasun elea erabiltzearen poderioz, duintasun elearen zentzua —eta esanahia— galdu dugu.

Bortxak jendeon izatasuna galarazi egiten du. Bortxak pertsonon izate eta jarrera logikoak puskatzen ditu. Aldarrikatzen ditugun printzipioekin talka egiten du. Gure ustezko koherentzia apurtzen du. Horiek horrela, gure izatasun bortitza aintzat hartu —nahi— gabe bizi gara. Izanik ere, jendea hilketen aitzinean “deus gertatu ez balitz” legez geratu izan bada, zergatik geratu da? Bortxaren ezarpenak eta bortxaren praktika sistematizatuak norbanakoon gogoa kamusten dute. Bortizkeriak gizabanakoon gogoa eta memoria paralizatu egiten ditu.

“Zerbait eginen zuen”. Bortza iraultzailearen aldeko soflama —izan— duzu hori. Hildakoak zer egin duen egundo ezagutu gabe, haren aurkako akusazioak inola ere frogatu gabe, kondenatua izan da. Hots, legearen araberako justizia egitea nekeza bada, ba, pentsa, legerik gabeko ustezko justizia egiten denean zer suertatzen den. Justizia delakoa noria erraldoi kontrolaezin gisako bat bihurtu zaigu.

Gizartearen historia atzendura da. Orain, uneon, ezin ditugu —euskaldunon kasura etorriz— euskal gatazka delakoaren ondorio mingarriak jasan eta gurekin eraman. Gure gogoaren babesa kausitu ezinean, ahanzturara jotzen dugu. Laborriaren aurkako babesa isiltasunean xerkatzen dugu. Ideologien menpekoak gara. Onen eta gaiztoen araberako jendartea sustatzen dugu, ongia eta gaizkia aiseki bereiziz. Biak ala biak, ona eta txarra, norbanakoon ezaugarri osagarriak direla atzenduz. Fundamentalismoa —erlijiosoa zein filosofikoa nahiz politikoa— gure itxurakeriaren berebiziko mekanismoa izaki.

Iraganeko fundamentalismoa nolakoa, egungo populismoa halakoa. Kasu, ordea, iraganeko fundamentalismoa zer den jakitea errazagoa da egungo populismoa zer den baino. Izan ere, populismoa kontzeptu hutsala da. Polisemikoa. Laxoa, lausoa eta zehaztugabea. Ideologia guztietan zabaldutako arrakala. Fenomeno politiko kontrajarriak parekatzen dituena. Edozertarako eta zernahitarako baliatzen dugun komodina. Horratx hizkuntzaren beraren higaduraren adibide bat.

Ziklo-aldaketaz ziklo-aldaketa gauzatzen bide da historia. Boteretsuek darabilten soflama duzu. Kasu, ordea, boteretsuak ez dira soilik aldian-aldiko estatuen egituretako boteretan daudenak. Aldian-aldiko gobernuaren oposizioan borrokan eta lehian dihardutenak ere botere suerte baten jabe dira. Denok dugu botere parte bat. Halarik ere, gezurretan bizi gara, gure botere-ahalmena ezkutatzen dugu, disimulatzen dugu. Ideologiak itsututa gaude, errealitateari bizkar emanda erosoago bizi gara, errealitatea behatzeko ahalmena kamustuta, naski.

Espainiako trantsizio demokratikoa deituaren bitartez —bakar batzuen interesen araberako ziklo-aldaketa—, faxistak demokratak bihurtu ziren, eta demokratak bailiran dihardute gaur egun ere. Kontrakarrean, faxisten aurkako iraultzaileak —iraultza ezin gauzatuaren eraginez totalitaristak bihurtuta— demokrazian birmoldatu eta berregituratu ziren halaber. Euskal iraultzaileen ziklo-politikoaren aldaketa ezagutu dugu berriki. Sistema politikoa irauli nahi zutenek Konstituzioaren beraren marko azpian dihardute orain, “faxistatzat jo izan duten” demokraziaren beraren babespean. Malkoak euri balira (Xabier Lete).

“Klaro dabilen gizonak ez du arrazoi txarrik merezi”, Jose Manuel Lujanbio Txirritaren errana duzu. “Zer dio isiltzen denak isiltzen denean”, diosku Bernardo Atxagak. Alabaina, zein da isiltzen denaren arrazoibidea? Norbanakook gure azala ez ezik, gure izaera aldatzeko dugun ahalmena ikaragarria da. Gizabanakoon izaerak laborria sorrarazten du.

Ahanztura —atzendura goxoa— ezaugarri unibertsala dugu. Historiaren norian —eta memorian— bueltaka dabilen gure idiosinkrasiaren adierazle. Boteretsuek —bortxa suerte guztion erantzuleak— ez dituzte iraganean gertatuak kontatu nahi, ezta euren aurkako bortxa praktikatu dutenek ere. Izan ere, kontrakarreko bortxa praktikatu dutenen artean beti —izanen— dira petxeroak. Galtzaileen aldean badaude are galtzaileagoak direnak.

Estatuaren aldean nahiz estatuaren aurkakoen aldean beti dira X izenpean babesten direnak. Bi aldeetan giza-lakaioak daude, haiek izaki ere biktimak. Ordea, biktimarioak ez du bere burua biktimatzat jo nahi. Biktima dela onartu izateak borrokatzeko behar izan dituen ideiei uko egitea baitakar. Bere “buruaz beste” egitea, alegia. Giza-historiako biktimak izan dira ere, jendarte-doilorraren ondoriozko biktimak. Biktimak, tamalez, eskubide —botere eta ahalmen— pizarrik gabeko pertsonak izatera iragaten dira.

Erlijioaren menpeko nola ideologiaren menpeko norbanakoak gara. Paradisu zerutiarrak hala nola lurreko paradisuak infernua dakarte. Paradisu zerutiarren ideiak sua sustatzen du. Lurreko demokraziaren idealizazioak, berriz, bortizkeria sorrarazten du.

Segidan: saio honekiko nire atxikimendua

Emozioz eta pasioz idatzitako panfleto-libelo honek ez du inor indiferente utziko. Engoitik errana dut. Saiakera suerte honek arrazoibidean sartzera gonbidatzen gaitu. Arrazoiketa lantzea ahanzturaren aurkako antidotoa dela iradokitzen digu.

Izanen dira hain ziur ere, engoitik errana, saiakera oldartsu hau irakurriko ez dutenak —egilearen nolakotasuna, haiek kontrakotasuna—, ideologiaren aurreiritziak kateaturik. Norbanakook geure ideologiaren menpekoak baikara. Gure ideologiaren araberako errealitatean bizi baikara. Errealitatea eta ideologia antonimoak dira, ordea. Ideologiak errealitatearen ukatzaile nagusienak baitira. Errealitateari bizkar emanda bizi izateak atzendura sustatzea dakar. Errealitatea ukatzearen poderioz, memoriari uko eginez bizirauten dugu.

Panfleto bat atzenduraren kontra saiakerak gizabanakoon pasioen eta emozioen —erlijioaren eta politikaren— zergatiak argitzen lagundu diezaguke. Pello Salaburuk norbanakoon kontraesanak azaleratu ditu, baita bere kontraerranak agertu ere. Bera ere pasioen menpe bizi izan dela aitortu du. Bera ere, naski, alde bateko bortxakeriaren aitzinean bere begirada errealitatetik at paratu izanagatik etsituta dago. Damututa dagoela dio berak. Inor ez da bere izateari uko egiteaz eta errealitateari bizkar emateaz salbuetsita. Etsipenari aitzi egiteko, ordea, nork bere burua zen den eta nolakoa izan den agertzea ahanzturaren aurkako berebiziko ariketa da.

Saiakera honen ildoan betiere, bizitza akigarria da —bejondeiela zorion guztizko bizitza dutenei—. Hala izanik ere, estatuaren —sistema ezarriaren— jardueraren aldeko erabateko konfiantza dutenei —zorioneko horiek—, baita estatuaren kontrako erabateko deskonfiantza duenari —zoritxarreko horiek—, hala nola jendarte inerte delakoari —euren eraginkortasun eza lagun, ez zorionekoak ez zoritxarrekoak—, otoi eta arren, horiei guztiei opa diet ez ditzatela ahantzi guztion artean eragin ditugun biktimak.

“Gora gu eta gutarrak” delakoa hizpide —erranairu hori ez da liburuan ageri, badaezpada diot—: horratx “geure guztizko” esapide xenofoboa. Alegia, “gora gu eta gutarrak eta gainerakoak izorra daitezela”. Gainerakoak etsaiak dira, naski. Ahanztura sustatzen duen esapidea dugu. Mota horretako erranairuen ariora, etsaiak eragindako biktimak bertzerik ez ditugu aintzat hartzen edo onartzen. Ordea, halakorik aldarrikatzen duena ez da jabetzen pertsona ezdeusa dela. Etsaiarekiko harreman moldeak egiten baitu pertsona nor izatea.

Akitzearen akitzez: liburuaren estiloaren —estetikaren— gaineko zenbait zertzelada

Panfletoa. Libeloa. Saiakera. Literatura. Liburu guztiek —stricto sensu entelegaturik— badute panfleto, libelo, saiakera edo literaturaren kutsurik. Liburu honek lau ezaugarri horiek barne-biltzen ditu. Ez da literatura, jakina. Literaturaren ezaugarri nagusia fikzioa baita, eta berean ez dago halakorik.

Liburu orok literaturaren zertzeladak daramatzate beren baitan. Euskarak berak badu berezko estetika. Pello Salaburu arizkundarraren baztanera da liburu honen jite bereizgarrietako bat. Ez da aztarna bakarra. Panfleto-libelo-saiakera hau literaturaren bidean ehunduta dago. Neronek horien arrasto batzuk utzi dizkizut engoitik. Zuk zeuk hagitz gehiago kausituko dituzu hain ziur ere.

Azken kritikak

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Espekulazioak
Arrate Egaña

Nagore Fernandez

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Txani Rodríguez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak