kritiken hemeroteka

8.746 kritika

« | »

Algara mutilatuak / Ane Labaka Mayoz / Susa, 2021

Algaraka Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2021-04-25

Lisipe bildumak atera berri duen bederatzigarren liburua da Ane Labaka Mayozen Algara mutilatuak saiakera. Oro har euskal kultura begirada feministatik ikusteko aukera eskaintzen digu bildumak eta zehazki azken zenbaki honek umoreari egiten dio errepasoa.

Aurkibidera joan naiz zuzenean eta gogotsu ekin diot irakurketari. Azkar ohartu naiz liburu motza izanagatik informazio asko jasoko nuela. Liburuak, artikuluak, autoreak eta elkarrizketak aipatzen ditu Labakak bere lana hornitu eta justifikatzeko. Bertsolariei egindako elkarrizketak ere erabili ditu ikuspegiak zabaldu eta bertsolaritzaren kasu partikularra erakusteko asmoz.

Josune Muñozek erakutsia da saiakerak irakurtzeko modu aproposena aurkibidean interes gehien pizten digun kapitulutik hastea dela. Nire irakasleei kasu egin ohi diet eta laugarren kapitulura joan naiz zuzenean. Planteamendu bereziki beharrezkoa iruditu zait egiten duena, eta niri zer pentsatu gehien eman didana izan da. Umorea egiten duten emakumeen eta ikusleen arteko konplizitate beharraz idazten du Labakak. Publikoko emakumeak ikusiak izateko beraietaz umorea egin beharraz edota algara libre eta mutilatu gabe egin ahal izateri buruz ari da hemen.

Umorearen definizio eta begirada historikoarekin ematen dio hasiera liburuari. Umorea zer den, zertarako erabiltzen den eta ideia hori historikoki nola sortu den kontatzen zaigu lehenengo atalean. Modu arinean kontatua dago, ulerterraza da eta aldi berean gaiari tiraka gehiago irakurtzeko aipamen dezente iradokitzen ditu autoreak.

Bigarren eta hirugarren kapituluetan sarriago entzun ditugun eztabaidak planteatzen dira. Umorea nork eta zein norabidetan egiten duen eta umoreak mugarik izan behar ote duen. Eztabaida entzunagoak baldin badira ere, Labakak beste sortzaileen bitartez ertzak bilatu dizkio gaiari. Ez du erantzun bat eta bakarra proposatzen eta iruditu zait hitza hartu duten sortzaile guztiek askatasuna dutela ipar. Libreago sortzea, libreago barre eginaraztea eta libreago barre egitea. Bizipen desberdinetatik abiatu badira ere feminismoak espazio komunak eta algara konpartituak eman dizkie.

Ane Labaka hainbat proiektutan ari da lanean; Txakur Gorria kolektiboko kide da, bertsolaria, hainbat ikerlan ere egin ditu eta Erradikalak gara eta Erradikalak ginen antzezlanak sortu ditu Beatriz Egizabalekin batera. Eskerrik asko barrea eragin, barrea leherrarazi eta barreari boterea emateagatik.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak