kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Mizia min / Jon Ander Urkiaga / Luces de Galibo, 2021

Bizitzaren mina Nagore Fernandez / Berria, 2021-04-25

Nafarroako Kutxa Fundazioaren Gazteentzako I. Poesia Sariko irabazlea izan zen 2020an Jon Ander Urkiagaren Bizia min obra, Luces de Galibo argitaletxeak argitaratu berri duena. Txapelketak gaia eta estiloa irekita utzi bazituen ere, Urkiagak iragaitearen inguruan egituratu du bilduma: joandako denbora, joandako bizitza, joandako pertsonak. Lehenaldi hori, gehienetan, amorruz bizi du ni poetikoak, galerak eta hutsuneak uzten duten samina da obsesio nagusia konposizio gehienetan, nahiz eta baden etorkizunaz diharduen poema indartsu eta itxaropentsuagorik, Hogeita hamalau, kasurako.

Egiturari dagokionez, hiru ataletan bereizita ageri dira olerkiok, eta esango nuke banaketa ez dela gai aldetik soilik egin; kapitulu bakoitzeko izenburuek iradoki legez, formalki ere aldeak daudela nabaria da. Lehenengoak Heriotza bezain gordin, bizitza bezain gordin du izenburua eta etorkizunaz, denboraren iragaiteaz, auzi politikoez, identitatearen bilaketaz eta absurdoaz diharduten lanak barnebiltzen dira bertan: “Zapuztutako aberri guztiek dituzte komunean/ sutan dauden banketxeak,/ bidean gurutzatutako kontainerrak,/ borrak, gomazko pilotak, pintadak…”.

Bigarrenean, Heriotzari ikasiak atalean, kobazuloak aipatzen dira. Leizeak. Negua. Antitesiak ohikoak dira, kontrasteak, paradoxak. Eraikitzen duen iruditeriak eta darabiltzan baliabide estilistikoek beltzez eta goibeltasunez janzten dute kapitulua. Lehenengo atalean ez bezala, honetan animaliek protagonismo handiagoa hartzen dute. Lehen poematik bertatik euskal literaturaren tradizioan horren erabilia izan den trikua agertzen zaigu. Axularrek sagarroiaz hitz egin zigun, Atxagak lozorrotik esnatzen den trikuaz, Sonia Gonzalezek, ahots aldarrikatzailez, arantzak ere iraulita dituen sagarroiaz. Bada, Urkiagak, Atxagari keinu eginez, lozorrotik esnatu eta bidea gurutzatzera ausartzen ez den kirikolatza dakar orrietara: “Kirikolatza esnatu da egunbeteko lozorrotik,/ eta inurriak mamurtzeari ekin dio/ oskolak irentsitako gorputz single bat besterik ez denak”.

Hirugarren atalean, Herio-kantak, olerki labur eta errimatuagoen alde egin du poetak. Erritmo eta errima bizien mesederako, asko jolasten da errepikapenekin: paralelismoak agertzen dira usu, baina, batez ere, anaforak nagusitzen dira. Naturak presentzia konstante bat duela sumatu dugu, eta damua, joandakoekiko nostalgia, bizitzari aurre egin beharra dira gai nagusietako batzuk liburua ixten duen atal honetan: “Argazki zahar bat/ baino ez baita bizitza/ geldi gaude, baina/ horitzen gabiltza”. Bai alderdi formaletik, bai tematikotik poemarik interesgarrienak iruditu zaizkit atal honetakoak. Epilogo bat ere erantsi dio autoreak obrari, zeinetan heriotzaren printzak ageri zaizkigun, baina tonu alaiago eta itxaropentsuago batetik.

Ezaugarri kurioso bat: poema guztien izenburuak zenbakiz izendaturik daude, lehenengoa 39tik hasten da, eta 0ra arte, atzerantz zenbatzen ditu poemak, tenporizadore bat irudikatuz, etenik ez duen tik-tak sarkor hori imitatuz. Tematikoki denboraren iheskortasuna obsesioetako bat izan bada obran zehar, nago formalki ere lortu duela horren berri ematea. Aldi joana ez da itzultzen.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak