« Oinak lurrean, begirada zerumugan | Mito bat eguneratzen »
Herriak ez du barkatuko / Irati Goikoetxea / Elkar, 2021
Herria itolarria! Dolua, hori mamua! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2021-03-29
Sarrera gisa
Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko nobelaren inguruan sarrerako bizpahiru hitz, behin eta hasteko. Hau da, nobela artefaktu literario gisa hartuta. Gaur arte egindako kritika bat irakurri dut, Aiora Sampedroren Gudu-zelaia zabaltzen duen liburua (Berria). Kritika horren arabera, nolabait, liburuaren azalaren —zirriborro edo hari mataza— irudiak ilustratu dezake nobela.
Kritikariarekin zenbait gauzatan bat nator eta beste batzuetan ez. Baina, ez nau —oraingo honetan— hainbeste ardura nobelaren literaltasunak, ezen eta gaiak: euskal gatazka —edo arazoa— eta honen kontakizuna. Memoria delakoa, hots. Bai, badakit jakin, kontakizun moldeak —kasuan fikziozkoak— egiten duela duin eta balekoa errelatoa. Horregatik, datozen lerro artean emanen dut aditzera nire ikuspuntu literarioa. Baina batez ere, nobelak niregan sorrarazitakoa aditzera emanen dut. Ohiko testua, batez ere inpresionista.
Nobela bat, ipuin bat edota saio literario bat osatzean, hitzen funtsa zehaztea berebizikoa begitantzen zait. Hitzen ondoeza gogoan, hitzen balioa berritze beharra ikusten dut. Berbarako, Herriak ez du barkatuko lerro-burutik hasita: “Izena duenak izana du”, erranairu hizpide. Kasurako herria. Izenak du izana, izan ere. Alabaina, mendez mendetik heldu zaigun esaerak, nire gardiz, ez du iraganean izan zuen balio bera. Herriak “hau edo hori” diogunean zein herriz ari gara? Zer da herria?
Euskal Herriaren baitan, bere lurraldetan, bere geografian, hainbat herri bizi izan dira. Iraganean hala izan da, baita gaur egun halatsu izan ere. Euskal Herria kolonizatua izan den edo ez den izan, zein aldetan… Ez naiz horretan orain tematuko. Gaur egunera etorrita, iragan mendearen bigarren partean, jende oldea heldu zen penintsulatik —Espainiako Estatuaren babespean— Euskal Herrira. Zenbat herri dago Euskal Herrian! Zenbat herri sentimendu, pertenentzia eta identitatea? Horra hor, hizpide dudan nobelaren funtsa azaleratzeko aspektua.
Nobela
ETAk aita hil zion Oihanari duela hogeita bi urte, berak hemeretzi zeukala. Aitaren heriotzak —hilketak edota erailketak— Oihanarengan sorrarazitako mina kontatzen du nobelak. Euskal Herriko iragan hamarkadatan bizitza errealean izan diren kasu “arrunt” bat da. Funtsezkoa, orain eta hemen, —irakurlearentzat eta memoria egin nahi duenarentzat— gaiaren eta nobelaren garapena eta azalpena egitea da.
Idazle batek bertuteak eta mugak ditu, kasuon Irati Goikoetxea idazleak. Berbarako, idazleak ez du Oihanaren aitaren nortasun politikoa —lanbidea edo ardura— aipatzen. Aukera bat da. Alabaina, nire nahierako, aita zergatik hil zuten zehatzago adieraztea nahi nuke. Gabezia gisa hartu dut. Bertuteak, berriz, hainbat dira agerian. Adibidez, idazleak hizkuntza bidez irudiak sortzeko ahalmena, berez mintzo diren hitzezko irudiak.
Nire gusturako, nobelaren beste dohain bat, pertsonaien artean jalgitzen den enpatia da. Izan ere, gatazkak utzi dituen zauriak —alde batean zein bestean— ez dira itxiko, ondo itxiko, zornatu gabe sendatuko, elkarrekiko oldartu izan diren aldeen arteko “sinpatia” moduko bat lortu gabe, edo begikotasuna barik.
Beste dohain bat da, baliteke idazleak nahita edo nahi gabe halaxe adierazi izana: euskal gizartean —euskal gatazkaz ari baikara— jendeak pentsatzen duenaren eta esaten duenaren arteko aldea. Handi-handika erranik: “Gauza bat pentsatzen dut eta beste bat erraten. Edo ez osotara pentsatzen dudana esaten”. Nobelan hori konstante bat da. Hori duzu —dugu— jendartearen eta norbanakoaren ezaugarria. Eta ez da soilik biolentziaren astindua zuzenki jaso dutenen jaidura, pertsonaren izatearen jite arrunta da. Funtsean, pentsatzen eta esaten denaren arteko “aldea”-k egiten du gizarte osasuntsu eta osatuagoa. Zaila da hori orekatzea, bistan da. Neurria hartzea da kontua. Alabaina, neurriak neurri, horixe gizabanakoon gabezia. Gabezietako bat.
Nobelaren bide nabarrean
Bidenabar erranik, eta ez da funts gutxiagokoa horregatik, nobela bi planotan idatzita dago: helduen “mundua” eta haurrena. Bigarren hau tamaina apalagoan, baina bi munduen arteko pentsamendu moldeak kontrastatzen dituena. Kattik —Oihanaren alabak— “zuloak” jan litzake, funtsean helduek bizitzan zabaldu ditugun “zuloak”. Gure haurtzaroan ditugun ahalmenak diluitzen joaten zaizkigu eta horiek ongi mamitu ezean, “mamuak” bizi dira gurekin mundualdian.
Bizitzeak hil egiten du. Alta, bizitza bizitzea, bizibidean aitzina egitea da. Gertakarien —bideko oztoparriak— nondik norakoek baldintzatzen dituzte gure izana eta nortasuna, baita gure ideologia ere. Oi ideologia! Gure izatearen alde arras manipulatua. Oihanak doluari ekin behar dio bizitzan sendo eginen badu aurrera. Alta bada, —liburuaren I. atalaren aipua aintzat harturik: “Cuanto duele que ya no duela” (Loreto Sesma)— dolua bizi ezean, sosegurik ez dago aztoratua bizi duenarengan, ez haren seme-alabarengan, ez bikotekidearenean ez lagunengan, ez jendartean. Zauria sendatu ezean, trauma batek eragindakoa —Oihanak bezala askok bizitza errealean— hiltzeraino eramaten den emozio gaiztoa da. Emozio guztiak dira gaiztoak, haien kontziente izan ezean.
Nobelak badu beste hainbat dohain. Ez dut horietako bat zehatz-mehatz aipatuko, nobelaren trama eta “xarma” hankaz gora jarriko bainuke. Haatik, esan dezadan nobelak “harritzeko” modukorik baduela. Berbarako, Oihanaren eta bere aitaren arteko harremanen taxua.
Nobelaren hari matazan Herriak ez du barkatuko lerro-burua hartu dut aintzat, eta har dezadan azala ere kontuan: hari mataza —nire irudimenean—, berau daraman orria eta inguratzen duten orriak. Orri pilotak edota orri zimurtuak. Ahetze ikaslea heldu zait gogora. Oihana irakasleak, arte irakasleak, ikasle horrekiko duen jarrera duina aipatzeaz beste, arreta eman didate nobelako pertsonaien izenek. Ez daude aliritzira hautatuta izan. Izenak ez dira inoiz izaten oharkabean aukeratzen, prefosta, haatik, pertsonaien izenak nahikariaz izendatuta daude.
“Izena duenak izana du” esaldiarekin beti izan dut errezelo bat —oro har, esaldi guztiekin ere, absolutura eramanak direnean—, ez nau guztiz betetzen, are gutxiago munduaren bilakaera hartu duen tornuia ikusirik. Izana ez da, ez betiere, izenean islatzen. Arazoa ez da samurra.
Izenek euskaldunon identitatea adierazten dute, alabaina, Euskal Herrian herritarrak gaude eta hiritarrak ere bai. Ipar Euskal Herrian, konparaziora, askok euskal herritartzat dute beren burua, baita frantses hiritartzat ere. Hauetako asko abertzaleak dira edo abertzaletzat jotzen dute beren buruan bederen. Zer da abertzale izatea, XXI. mendean? Hegoaldean berriz, herri bakarra al dago? Zenbat herri daude? Euskal herrietan egon ere?
Herriak ez du barkatuko nobelaren barrena nabilena, hauxe heldu zait akordura: 60 urte luze dira ikastolak sortu zirela, 30 urte, demagun, irakaskuntza publikoan euskara eta Euskal Herria erakusten dituztela. Hala izanik ere, nago, oraindik ere, haur horietako askok —agian gero eta gutxiago eta exageratzen ari naiz— aita-amaren jaioterrira oporretan doazenean “me voy al pueblo” diotela. Eta zinez, dramatikoa da. Tira, are dramatikoago da herri bakarra duenarentzat.
Nobelaren bukaeran, herri berri bat ez, auzo berriak agertzen dira. Iragan mendeetan herriak eta hauen auzoak sortu ziren. Gero herrietako kartierrak eta barrioak eraiki ziren. Gaur egun berriz, hiri konplexu inmobiliario pribatuak edota konplexu turistikoak eraikitzen dira, baita horietan bizi ere.
Nire uste zuloan, Oihanaren alaba Katti ez bezala, “zulo” anitz jan gabe ditugu, datorren munduan “herria” ez da izan den “herria” izanen. Ez gure herria ez besteen herriak ere, era berean. Pentsatu “dena” esatera, pentsamendua isildu gabe: Herriak ez du barkatuko leloa absurdua da, inozo eta maltzurra. Giza gatazken ondorioz ahoratzen den soflama, su-lama, giza-lotsaren ondorioa. Elkarbizitza osasuntsua eta duina lortzen ezinezkoa bihurtzen duena.
Bilboko poeta heldu zait berriz ere akordura. Tamalez edo loriaz haren hainbat liburuen lerro-buruak heldu ere: Harri eta Herri. Harrizko Herri Hau. Euskal Harria… Gerezi denbora heldu zait ere gogora. O tempora o mores! Ahetze ikaslearen etsaiaren irudia dut presente. Herria itolarria. Dolua, hori mamua!
Euskaldunok ere, liburuko neskato yemendarren gisara —Oihanaren Katti eta Lukas seme-alabek legez— negar malkoetan harriak isuriko ditugu etorkizunean oraindik ere, harri bustiak. Euskal harria arrastaka daramagu euskaldunok mendez mende. Herri eta harri izan ginen naski. Alabaina, zer da egun harrizko herri hau? Ba al dago, oraindik ere, bere buruaz harritzen den herririk? Ba ote herririk?
Post Scriptum: gurean berriak oraindik ere Berri Txarrak dira. Izena, izana, ezina. “Albistegien izenburuak guri buruz izan ohi dira, baina oraindik inork ez digu sekula ezer galdetu ta hemen gaude…”.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres