kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Etxeko urak / Leire Bilbao / Susa, 2020

Mainstream Igor Estankona / Deia, 2020-11-14

Amatasuna da “Etxeko urak” honen bizkar hezurra, eta era berean ez da. Amatasuna da hainbat gauza laburbiltzen dituen aitorleku eta abiapuntua. Leire Bilbaok esperientzia horren gazi-gozoak isuri ditu ibai zabalago batera: alaba izatea, amama edukitzea, amatasunetik kanpo nor garen hautematea… Horrela atera zaio liburu bat pertsonala baina unibertsala, Ondarroatik egiten duena kontzientzia kolektibo baterantz, hots, nola bizi diren elkarrekin samurtasuna eta frustrazioa: “Hau zen,/ mina eta ezina ezinbesteko errimatzat onartzea/ grina ahaztuta, gorputza asetzeko larrua jotzea/ hanka puntetan jarri gabe/ sagarrondoaren adarrera ailegatu/ fruta oratu eta/ sugea irenstea”.

Etxeko urak badaroaz, haurrak ere badauzka, Leirek dioen moduan, bere laurogei amamak deiadarka. Eta denok ibai ez beti aratz baten korronte bizi bagara, bits horren gainean norbera izan eta ibiltzea zeinen ekilibrio zaila den gogorarazten digu liburu honek.

Umeak hazi ahala eta izan gura zuen hartatik urrundu ahala, poesian eta sukaldaritza imajinario batean hartu du babes idazleak, horrela adieraziz autobiografía ororen kontraesanak: “perrexil eta limoi lurrina dakar goizak/ labea itzali berri, beroa jariatzen/ sorbalda gainean ukitu bat/ bizkarra eman diodan emakumea da:/ utzi hezurrak miazkatzeari/ umeen bila joateko ordua da“.

Umeak, etorri ere, haize erauntsi baten antzera etortzen dira, eta oihartzun egiten dute gure baitan, eta aldarazi egiten gaituzte, eta zentrotik desplazatzen. Ona da hori? Txarra da hori? Ezin esan. Ona da eguzkia? Txarra da eguzkia? Leire Bilbaoren liburuan kontrako sentipen ugari dago, introspekzio asko, memoria ariketaren bat edo beste ere bai: “Oroitzen zaitut, ama,/ katuka behegainari distira ateratzen/ garbigailuan burua sartzen/ izarak gorputzaz tolesten”.

Azala ere horrelakoxea dauka liburuak, atabikoa, Maite Mutuberriarena: urez egindako uhandre bat, urdina urdinaren gainean. Uste nuen, akaso, azal iradokitzaile horrekin, dena ura, dena arrain, egin behar nuela dzanga eta deskubritu behar nuela sakonguneren bat, baina nahi eta ezin batean murgildu naiz. “Etxeko urak” ihes egin nahi bat da, baina ez dakigu zehazki zertaz. Eta indefinizio horretan galtzen dira poemak, bi aldetara egin nahian; ama eta ez ama, bikote eta ez bikote, gizarteko engranajearen pieza edo doktrinatik bereizten den disidentea. Denak batera eroatea zaila da, ostera, alienazio bat bihurtzen da idazkerari berari eragiten diona. “Etxeko urak” honi malenkonia dario ez daukagunarena, nostalgia izan ez zenarena, “menderik mende moldaturiko erreka honetan” nabigatzen du lema hartu gabe, “ama izatea beste amak imitatzea da” dio, eta faltan botatzen du batek kontraesanetan sakontze bat, edo kontraesana bizitze bat bederen: ama izan eta ama izan, alaba izan eta alaba izan, kondizionatuta egon arren norbere independentzia bilatu ezkerreko zein eskuineko dogmen gainetik. Gehiegizko zurruntasun bat barruntatzen zaie era horretan poemei, agian esan barik esatea zein zaila den igartzen zaie, edo esatea falta zaie, oihukatzea, hormaren kontra puskatzea guk geuk, txera masokistarekin, forjatutako zilborresteak.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak