kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ibaiertzeko ipuina / Oihane Amantegi Uriarte / Elkar, 2020

Minaren geografia Hasier Rekondo / Deia, 2020-07-25

“Zera, goza zitezkeela gauzak ere, minaren erditik bertatik”. Oihane Amantegiren (Amorebieta-Etxano, 1985) estreinako lanak ‘opera primek’ jorratu ohi dituzten eduki zein moldeetatik aldentzeko nahiari tiraka sortutako nobela laburra dugu. Esaterako, ez da nabarmentzen estreinako liburuek erabili ohi duten osagai autobiografikoa, ezkutuan ez bada. Auto-fikzioaren garai nahasiotan eskertzeko ahalegina dugu, inondik inora.

Ameriketako Estatu Batuetako hegoalde sakonenean (zer ez da sakona geografiaz ari garenean?), Alabamako Ochlockonee ibaiertzean, kokatu narrazioak genero ezberdinen arteko uztarketa ausart baten emaitza dugu: nobela kontzeptuala zein ukitu poetikoz zipriztindu ipuingintza elkarri ate joka ari baitira liburu osoan zehar, eta ez da falta ñabardura magikoa, ni neu azken horren oso zale izan ez arren.

Lehen begiratuan, isiltasunen indarraren eraginez molde xumean idatzi narrazioak Faulkner-en Yoknapatawpha konderrira garamatza nolabait, 8 urteko ume baten ikuspuntutik ehundu nobela horri mito greziarrak zein osagairik psikologikoak gehituko zaizkio, besteak beste. Opera prima bat izanagatik, ausardia zein sakontasuna bidaide ditu Amantegik. Aipatu narrazioaren xumea tentuz ibiltzeko baliabide gisa erabiliko du. Egileak ez du kasik elementu narratiborik garatu behar zorionez edo zoritxarrez gure memoria kolektiboan iltzatutako, film zein nobela arras ezagunen bidez iltzatu ere, lurraldea baitugu Ochlockonee-ko ibaiertza. Edozein lurralde izan zitekeen, Tupelo Honey eztiak musika erreferentzien (Dylan, Van Morrison…) ttanttekin nahastea gozagarria izan arren.

Barne-narrazioa gailentzen doan heinean, Amantegiri kostatu egiten zaio erritmoa aurkitzea, motiboen errepikapenagatik gehien bat, protagonistak Karonteren erreinutik datorren ahizparekin duen harreman “magikoari” fantasmagorien kutsua baitario. Alta bada, eszena laburretan eratu barne-pentsamenduari tiraka narrazioaren botere kontzeptualak elementu narratiboen urritasuna estaliko du (erreka, harmonika bat, etxea, eztia, bigarren planoan tragedia pairatzen duten gurasoak, auzokide afroamerikar kasik mitikoetatik umeak jaso pertzepzioak…). Bizitza deitzen dugun ‘Rayuela’ honi ekin baino lehen heriok eragin minaren geografian kokatzea irakurlea baitu nobelak xede nagusi, denboraren iragan naturalari so eginez, bizitza eta heriotza gauza bera izan daitezkeela baina erabat ezberdinak direla iradokiz.

Gurean, poesia liburuek etengabeko literatur iruzkinak jasotzen dituzten bitartean, apika laburragoak direlako edota literatur iruzkingileak ez garelako horretaz bizi, arras bitxia da honelako narrazio berritzaileek orain arte kritika bakar bat bakarrik jasotzea.

Dena dela, Oihane Amantegik ustekabe galanta oparitu digu konfinamenduen ondorengo uda berezi honi ekin baino lehen. Hutsune fisikoek sortzen duten arranguretan hausnar eginez burutu murgilketa narratibo xume bezain konplexu honek Amantegik narratzaile onduen ahots propioa duela erakusten baitu. “Zeren inork ez du heriotzatik ezer jakin nahi, zintzurrunetik sartzen zaizun arte. Eta tira, erabaki ahal izanez gero, nik neu ere ez nuke heriotzaz ezer jakin nahiko.”

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak