kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Lardaska / Patricia Highsmith (Josu Barambones Zubiria) / Txalaparta, 2020

Erruduna nor den Joannes Jauregi / Berria, 2020-04-19

Kimmelek emaztea akabatu du odol hotzean, baina itxuraz lortu du erruari eta Poliziaren ikerketari itzuri egitea. Walterrek ez du akabatu emaztea, baina errua barne-muinetan bazkatzen zaio, eta pixkanaka goitik behera eraitsiko dio New Yorkeko aldirietako bizitza ordenatua, noiz ere Corby detektibe nekaezin eta obsesiboa bi gizonen bizitzetan usnaka hasiko baita, elkarren loturak miatzen eta gainbeherazko espiral batean kateatzen hala Kimmel nola Corby. Lardaska honetan, zeina berriki plazaratu baita Txalaparta argitaletxean, Patricia Highsmithek erruaren eta erruduntasunaren (ez baitira gauza bera) barrunbeak haztatzen ditu, aurrez aurre jarrita bi pertsonaia erabat aurkako: hiltzaile errugabea eta biktima erruduna.

Kulpari buruzko miaketa horretara iristeko, Highsmithek xehetasun ugariko argumentu bat lantzen du, atze-oihal gisa. Lehenik, gutxi gorabehera nobelaren erdira arte, Walterren eta Clararen ezkon-bizitza maitasunik gabea erretratatzen du, aldirietako etxe soropildunen konstunbrismoan ia, eta erdi-pare horretatik aurrera abiatzen da benetan nobelaren trama, non Walter errugabea eta Kimmel erruduna aurrez jarriko baitira. Bi pertsonaien kontraposizio hori da nobelaren muina, erruaren inguruko dilema moralak mamitzen diren gunea: ba ote liteke zerbaitetarako intentzio soilak, ezein ekintzaren oihartzunik gabe, pertsona bat errudun egitea? Errugabea izan ote liteke hiltzailea bera baino errudunago? Era horretako galderak sortzen dira bi norbanako horiek aurrez aurre jartzen direnean.

Esan daiteke, baina, badirudiela nobela gehiago saiatzen dela pertsonaia biak aurrez aurre jartze horretara iristen, bitasun horretan sakontzen baino. Trepeta argumentalak gehiegizkoak suertatzen dira, eta lehen erdiko xehetasunak sobera katramilatzen dira istorioan, zeinak funtsean askoz sinpleagoa beharko bailuke berez. Halere, argumentua askotan ez da nahikoa, azaldu gabe uzten baitu, adibidez, Walter erruduntasunean murgiltzen duten ekintza ilogikoen segida, aukeran behartuxea geratzen dena. Gainera, bukaera aldera tramaren ildo nagusia irakurleak jada ezaguna duen informazioan oinarritzen da, erakutsiz nola errebelatzen zaien pixkanaka bigarren mailako pertsonaiei, horrek Walterren bizitzan duen eragina aztertzeko.

Nobelak hobeto funtzionatzen du, premisa ikusita ulertzekoa den bezala, pertsonaia-ikerketa gisa. Batik bat Walter protagonistan sakontzen da: erru-sentimenduak biktimizatu duen pertsonaia gizagaixo bat da, kondenatua errudun gisa jokatzera, ingurukoen susmoak piztera eta gainbehera-espiral batean murgiltzera. Iruditzen zait Highsmithek asmatzen duela pertsonaiaren lanketa horretan, eta, lehen esan bezala, tarteka argumentuak pertsonaiari huts egiten badio ere, txukun garatzen da bukaerara arte.

Nobela hau Hilbeltza literatura beltzaren jaialdiaren bekarekin euskaratu da. Lehendik ere erruz itzuli da euskarara literatura beltza, gure txikian, noski; Igela argitaletxearen lana da horren lekuko (Patricia Highsmithen beste bi nobela ere badaude argitaletxe horretan). Argi dago Lardaska honek soro oparoa aurkitu duela gurean.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak