kritiken hemeroteka

8.763 kritika

« | »

Gaitzaren loreak / Charles Baudelaire (Patxi Apalategi) / Balea Zuria, 2020

Haziak zabaltzen gauez Igor Estankona / Deia, 2020-04-18

“Les fleurs du mal”, Lauaxetak eta Gabriel Arestik miretsitako obra, Charles Baudelairerena (Paris, 1821 – 1867). Irakurri eta irakurri, perfekzioaren ederra, perfekzioaren madarikazioa barruntatzen zaizkio. Poeta frantsesaren iluntzeak ekarri zizkigun Joseba Sarrionandiak ere, “Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak” aberatsean. Eta lore pozoitsuok dira amapolak bezain haluzinagarriak eta kukufrakak bezain gotikoak. Aitzinean zihoazen, beti polemiko. Gaur egungo poesia ulertzeko ezinbestekoak dira. Balea Zuria argitaletxeak 1861eko edizioa aukeratu du gure letretako hutsune nabarmen bat behingoz estaltzeko: “Gaitzaren loreak” oso bat, hipersensible baten obra unibertsala euskaraz emana.

Izan ere, munduko letren gailurretako bat da “Gaitzaren loreak”, 1840tik 1857ra arteko produkzio guztia biltzen duen bilduma. Lehen ediziorako 1.300 ale bota zituzten 1857 hartako ekainean. Gero Le Figarok xaxatutako zentsuraren artaziek sei poema moztu zizkion eta 1861eko edizio hau ultrajeagatik debekatutako pieza horiek barik argitaratu zen. Ordean hogeita hamar poema gehiago dauzka, hori bai. 1861eko egitura dauka argitalpen honek, baina hiru hondar-atalekin: “Kondarrak”, “Pieza kondenatuak” eta “Galaniak”. Kontuan har bedi, bide batez, Baudelairen poema guztiak ez zirela 1949ra arte birgaitu. Debeku eta ulertu ezinen loreak ere bai baitira hauek: “Ai ene! Pertsonen bizioak, ustez atsekabez beteta, bere infinituaren gutiziaren froga dira!”, zioen idazleak.

Patxi Apalategik errima errespetatu die poemei, arima eta erritmoa mantenduz. Horrek itzulpen lana sano zailtzen du, baina emaitza polita atera da, arinki baitoa irakurketa, zehaztasun eta batasun sentsazioa emanez: “O udazkenak, neguak, udaberriak lohitan blai,/ lozorroaren urtarook! Zuei ospe ta aintza, bai,/ txukunki biltzen dizkidazuelako bihotz-garunak,/ ganduzko hilobi gisa jantziz lainozko beztidurak”. Edizioa osoa eta ederra atera da, poema bakoitzaren berezko bertsio eta guzti orrialde-oinetan.

Pobrezia, nolabaiteko gaupasak, drogen gozoa, naufragioak… gogorrena Baudelairentzat ez zen bizitza izan. Gogorrena izan bide zen garaiz ekibokatzea, moral bat erakustea sasoiz kanpokoa eta aurreratua. Erromantikoen moralina, beti zuzen agertu beharra zeukan gizartea, horiek ez ziren bere erlijioa: “Bai! Kontsolamendu da bizigarri den Heriotza,/ bizitzaren helburu eta esperantza bakarra,/ hark ematen baitigu hordiaren ondoez hotza,/ edabe gisa, gauera arte jotzeko indarra”. Dena dela ez zen otzantzen, ez zen ixiltzen. Chateaubriand, Balzac, Stendhal, Mérimée, Vigny, Flaubert, Banville, Gautier eta Leconte de Lislek ez, baina gainontzeko “zabor moderno” orok higuintzen ei zuen. Eta modernoa zen guztia deitoratuz inauguratu zuen bestelako modernitate bat, efimeroa, fluktuatzailea, bizitzarekin zerikusi gehiago zuena eta korronte artistiko askatzaileei bide eman ziena. Arean aurreratu zen, besterik ez. Errealistak baino errealistagoa bere ametsekin, Baudelairek bazekien bidea egiten ari zela, Byronekin konparatuko zutela, bazekien zientzia ez zela gauza guztien erantzuna, bazekien burgesia ustelak ezin ekar zezakeela justizia estetikorik inoiz. Baudelaire izan zen, finean, bera bakarrik abangoardia.

Azken kritikak

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak