kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

17 segundo / Kirmen Uribe / Susa, 2019

Bitartean eskutik helduta Joannes Jauregi / Berria, 2020-02-09

Zaila zuen Kirmen Uribek poesiarako itzuleran asmatzen, liburu honen irakurleak ezinbestean alderatuko baititu iragan hamarkadako nobelagile arrakastatsua eta duela ia hogei urteko poeta. Zaila zuen, eta liburuak berak ere ezagun du. Izan ere, 17 segundo honi halako segurantzia falta bat dario poesia bera hasi aurretik ere, liburuaren atariko (prosazko) testuan bertan, zeinak funtsean izenburua esplikatzen baitigu, eta keinu egiten arte plastikoei. Gero, testu horrek errepika dauka seigarren atalean, Poesia eta hutsunea delakoan: prosazko beste bi testu, egileak bere poetika lañoa zirriborratzeko darabiltzanak propio, tonu ia preskriptibo batean esanez egilearen ustez poesia zer den, zer ez den, nola tratatu behar den, zer helburu duen. Irudi du poemak solte uzteko beldurra duela liburuak, eta esplizituki azaldu behar digula nola irakurri behar den, poetika horren beraren traizioan, paradoxikoki. Gainera, testuok, batik bat seigarren atalekoek, olerkien jarioa eteteaz gain, irakurlea poemetatik urruntzen dute, baita pixka bat umetzen ere, nik uste.

Baina gatozen poema-sortara. Zazpi atal ditu, eta zenbaki bakoitia dutenek osatzen dute liburuaren mamixka, nolabaiteko bilakaera-arku xumea. Agerikoa da 157 orriko olerki-sorta hau guztiz biribildu nahia, ikusita, adibidez, nostalgia-tonu paretsuan hasi eta amaitzen dela. Kontenplaziozko nostalgia ugari du liburuak: badago denboraren nostalgiarik (garai bateko jendea, garai bateko giroak), bai eta distantziaren nostalgiarik ere (New York, New York), eta, sarri bai sarri, sentipen horiek bigarren pertsonaren baten absentzian bermatzen dira: ugariak dira, esate baterako, falta diren pertsonei eskainitako poemak, non zu poetikoa kasik gailendu egiten zaion ni poetiko lausoari. Bigarren pertsona horretan, indarra hartzen du, adibidez, umezaroko emakumeen lilurak (“Handia zinen, ama, handi ikusten zintudan”), zeina heriotzaren gaiak gainezkatzen eta biribiltzen baitu akabu aldera (“Haurtzaroko / emakume maiteak / […] bazoazte desagertzen / banan-banan”). Bilakaera horrez gain, bada poema ederren bat ere (Jar ezazu eguna, adibidez). Gainerakoan, nostalgia-tonu hori berdin samarra da sorta osoan, eta nekez jotzen du kontenplazio hutsetik harago.

Bigarren eta laugarren atalak airean bezala geratzen dira, bakoitza gai edo premisa batek ardazturik: bigarrena, adibidez, Espetxeko haikuak izenekoa, egileak espetxean idatzi ez zituen poemez osatua dago, berak azaltzen digunez. Espetxeko egonaldian girotuak daude, eta haikuen ohiko neurria duten ahapaldiz osatuak.

Atalez atal, liburuak baditu marka orokor batzuk, hala nola estiloaren xumea, irudi sinpleen gertutasuna, eguneroko soilaren arreta eta idazkera biluzi eta prosatik gertua, guztiak ere, bertute zein akats, antzematen zirenak Bitartean heldu eskutik hartan. Baina esango nuke duela hogei urteko haren zazpi atalek ez zutela liburua biribiltzeko eta irakurleari eskutik heltzeko tema hori, eta olerki bakoitzak lasaiago hartzen zuela arnasa. 17 segundo hau, kontrara, agian osatuagoa da liburu gisa; horrek badu nolabaiteko merezimendua, eta irakurleak gusturago leituko luke baldin nola leitu behar duen esango ez baliote.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak