« Deabruak exorzizatzen | Bitartean eskutik helduta »
Txipiroiak bere beltzean / Rafa Egiguren / Susa, 2019
“Ezberdinen” arteko enkontruak Estibalitz Ezkerra / Gara, 2020-02-08
Asia ekialdeko kulturei egindako erreferentziak ohikoak izaten dira Rafa Egigurenen lanetan, eta “Txipiroiak bere beltzean” ipuin bilduma ez da salbuespen, alderdi horri dagokionez. Epe ezberdinetan Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko topaketa moduan uler daitezke ipuinetako askotan agertzen diren istorioak, zeintzuetan euskal kultura (Mendebaldearen ordezkari rolean) eta, istorioaren arabera, txinatar edo japoniar kultura maila berean azaltzen diren. Ondo begiratuta, ordea, konturatzen gara “topaketa” hitza lausoegia gerta daitekeela ipuinek islatzen duten harreman aniztasuna azaltzeko orduan. Batzuetan, erlijioaren izenean kolonialismoak irentsi nahi dituen espazio material eta ez-materialetan erresistentziarako eta elkartasunerako keinuen aukera erakusten du bi kulturen topaketak. “Ad maiorem Dei gloriam” ipuinean, Hegoaldean gerra zibila piztu berritan, aita Zabala, Japonian misiotan dabilen Aiako jesuita, eta Wei Fulong antzerki maisua Tianjinen berriki zabaldutako jai-alaian biltzen dira pilota partida ikusteko asmotan. Apustu bat egiten dute partidaren gainean; Jesusen Lagundiaren enkarguz txinerazko 100.000 karaktere gazteleraz eskainiko dituen hiztegia osatzen ari den aita Zabala berak irabaziko duelakoan dago pilotarietako batek “beren hizkuntzan” emandako pistari esker, eta Wei Fulongek, berriz, zortea bere alde duela uste du Yi Jing-ek emandako seinale baikorra dela eta. Aiakoak galtzen du apustua, baina Wei Fulongek ez dio ordaintzeko eskatzen. Aitzitik, ustekabeko proposamena du harentzat: beren arteko topaketaren oroitzapen gisa hiztegian “jai-alai” adierazten duen karakterea sartzeko eskatzen dio jesuitari. Aita Zabalak badaki hiztegia noizbait helduko dela Euskal Herrira eta karaktere “bihurria” aurkituko duenaren harridura imajina dezake. “Jainkoaren loria handirako” lanean dabilen misiolariari ihes egiten dio, ordea, maisu txinatarraren keinuaren handitasunak: gerraren ondoren, euskara eta euskal kultura birrindu nahiko dituen diktadura iritsiko da, baina hortxe egongo da euskal kulturari keinu egiten dion txinerazko karakterea.
Bestetan, formalismo errusiarraren “ostranie” edo ezaguna dena arrotz bihurtzeko teknikaren antzeko efektua eragiten du bi mundu ikuskera ezberdinen enkontruak. “Itzalaren gorazarre” bikainean, Euskal Herrian arruntzat joko genukeen bizimoduak ez du halakoa ematen Japonian ekoizturiko xurgagailu baten ikuspuntutik aztertua izanez gero. Xurgagailuaren ametsak —pixkanaka-pixkanaka bere jabeak japoniar ohiturei men egingo diela espero du— ezin hobeto harrapatzen du Mendebaldean arras zabaldurik dagoen antsietatea Ekialdetik datozenekiko (ez, ordea, eguneroko lanak errazten dituzten aparailuekiko) eta horren lepotik barre egin ere. Ironikoki, “O Pão de Açúcar” ipuinean XVI. mendeko Txinako nobela batetik ateratako pertsonaiak betetzen du protagonistaren ametsa: frankismoa gogora dakarkion Urgull mendiko Jesusen Bihotz Sakratua estatua erraldoia desagerrarazten du behin eta betiko.
Arrotz/tokiko kontzeptuen inguruan sakontzen du “Wo ai ni” ipuinak ere, kasu honetan Txinan jaio eta adoptatua izan ostean Euskal Herrian hazten den gaztearen istorioaren bitartez. Bere itxura fisikoa dela-eta txineraz hitz egitea espero dute ezagutzen ez dutenek, baina berak hitz gutxi batzuk baino ez dakizki guraso biologikoen hizkuntzan eta gazteleraz ere gaizki moldatzen da. Azken batean, bera euskaldun hazi zuten eta hala ikusten du bere burua, baina maitasunaren eraginez bestela adierazi behar du, “txinatar” itxurako batek txineraz hitz egin behar duelako.
Ez nuke aipatu gabe utzi nahi bildumari izenburua ematen dion “Txipiroiak bere beltzean” ipuin zinez fina, Japoniari edo Txinari aipamen egiten ez dion arren hala egiten duten ipuinen antzera kultura jatorraren ideia —kasu honetan “benetakotasunaren” izenean banalizatu egiten den kultura— duelako ardatz.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi