kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Susmaezinak / Itxaro Borda / Alberdania, 2019

B aldeak Ibon Egaña / Deia, 2019-10-26

Amaia Ezpeldoi detektibearen balentriak albo batera utzi ditu nobela berrian Itxaro Bordak, eta aurrez Hiruko-n, besteak beste, ibilitako bideetan bameratu da Susmaezinak honetan: euskal gatazka politikoarmatua bere gordinean irudikatzera jo du. Nobelaren lehen eta azken kapituluak hitzaurre eta hitzoste gisakoak dira, eta marko bat ezartzen diote barruan datorren narrazioari, kontakizunaren asmo literario eta etikopolitikoa esplizitatuz. Idatzi(ko) duen nobelaz herabe dagoen narratzailearen ahotsa entzuten dugu lehen kapituluan, 1980etako hamarkada eta mugimendu politikoa hurbiletik bizi izan arren, harekiko distantzia hartzeko fikzio bat sortzea erabaki duena, eta nolabaiteko “objektibotasuna” amets duena.

Duela hiru hamarkadako Ipar Euskal Herriko giro politikoa eta ETAren jarduera armatuaren ibilbidea arakatzeko Erauntsi izeneko fikziozko komando baten 12 urteko ibilbidea irudikatu du Bordak, erreferente erreal oso hurbilekoa duen komandoa: Henri Parotek eta bestek1978tik 1990era osatu zuten Argala komando itinerantea. Felix, Pierre, Patxi eta Marian ditu kide fikziozko Erauntsi komandoak, guztiak ere Ipar Euskal Herrikoak, bizitza arrunta daramatenak, euren lanbide, familia, seme-alaba eta guzti, baina aldika muga zeharkatu eta atentatuak burutzen dituztenak ETAren buruzagitzatik zuzenean jasotako aginduei jarraituz.

Joko literario handia ematen duen abiapuntua du nobelak, ematen baitu thriller bat egiteko (eta Bordarenak badu horretatik zerbait), baina hortik harantzago ere, pertsonaien bikoiztasuna mintzo zaigu gatazka armatuaren garaiko Euskal Herriaren dualitateaz ere. Idazleak ausardia izan du komando baten barnemuinetan sartzeko, pertsonaia horien identitate bikoitzak esploratzeko eta beren egunerokotasuna imajinatzeko. Ordea, narrazioa jakin-minez irakurtzen den arren, aldika kosta egin zait zenbait pasarte eta pertsonaia sinestea (Biblia etengabe irakurtzen duen komandokidearena, kasurako), thrillerretako edo zinemako konbentzioak topatu ditudanean irudikapen errealistak bainoago. Eta baliteke errealitatea bera izatea sinesgaitza, baina nago nobelagileari dagokiola sinesgaitza sinesgarri egitea fikzioan.

Komandokideen gorabeherekin batera, 1980etako Ipar Euskal Herriko testuinguru sozial eta politikoa berreraikitzen du Bordak, eta lortzen du garaiko motibazio politikoak, eztabaidak eta diskurtso nagusiak nobelatzea. Haatik, liburuak beste aportazio bat ere egin nahi dio gatazkaren inguruko literaturari: ETAren biktimakeuskal fikzioan “begirunez” sartzea da obraren asmoetako bat, eta horregatik tartekatzen dira komandoaren ekintza armatuen kontakizunarekin Erauntsi-k eragindako biktimen ikuspegiak eta gogoetak jasotzen dituzten kapituluak.

Asmoa literarioki (eta, nahi bada, etikoki) interesgarria izanagatik, nago ez duela bere xedea lortzen: biktima bakoitzari kapitulu labur bat eskaintzen zaionez, irakurlea ez da heltzen pertsonaia horiek ezagutzera, eta ezagutu ezean zaila da haiekin enpatizatzea. Akaso pertsonaia gutxiagoren ikuspegia sakonago emateak lagunduko zukeen liburuaren asmo etiko horretan. Irudipena dut egilearen kronika-asmoak (garai baten berri eman nahiak) eta diskurtso zenbait entzunarazteko gogoak pisatu egiten duela, batzuetan gehiegi, pertsonaien eta fikzioaren kaltetan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak