« Ikonoklastaren ajeak | Errealismo magikoa »
Jenisjoplin / Uxue Alberdi / Susa, 2017
Jenisjoplin Txema Arinas / uberan.eus, 2018-05-25
Uxue Alderdiren Jenisjoplin nobela hiperrealista hau 80-90 hamarkadetako kronika bat, non azaltzen diren Bilbo eta Elgoibarren aldaki den herri bat, garaiko bortizkeria orokorra, militantzia, droga, HIESA, inoiz gauzatu gabeko iraultza, emakumetasuna…; baina ez da behin ere ETA hitza agertzen, ez eta honen atentatuak eta are gutxiago honek besteei eragindako mina edota kalteak, hau da, protagonistaren beraren inguruan suertatzen zen errealitatearen zati samingarri honek bost axola balio bezala. Eta hala eta guztiz, edo horrexegatik ere bere garaiko oso kronika zorrotz eta zehatza begitantzen zait, zeren eta egia baita garai hartan, protagonistaren antzera, euskal herritar andana ETA existitu ez balitz bezala bizi zela, ez behintzat euren barrenak, beharbada egunerokotasuna ere bai, erruz eta errotik astintzen zituen erakunde armatu eta hilgarri bezala. Hortaz, zer dela eta pasaiaren parte hutsa, arrunta, omen den zerbaiti erreparatu behar, idazleari ez zaio ezinbestekoa bere protagonistaren nondik norakoak jorratzeko ETA eguneroko albisteetan agertzen zeneko garaiotan.
Edonola ere, Uxue Alberdik gauza interesgarri pila jorratzen Jenis Joplin liburuan 80etako hamarkadaren gainean, besteak beste orduko euskaldun herri ertaineko nerabeen arteko giroa, hau da, alde batetik ikastolakoak edo bertakoak, euskaldunak, eta bestaldetik eskola publikoak, kanpotarrak edo kanpotarren kumeak, gehienak erdaldunak, belaunaldien arteko gorabeherak euskal gatazka lokarri, herritik eta hirira aldaketaren ondorioak, konpromiso politikoaren ajeak protagonistak parte hartzen duen hainbat borrokotan, lan egiten duen Irrati Libreko kideek jasotzen duten terrorismo salaketari aurre egitekoa nolabait ardatz izanda, edo bestela esanda, etengabe gauzatzeko dagoen iraultzarekikoak, tartean ere Venezuelara bidaia bat erromes iraultzaile gisa edo, eta batik bat orduko drogekiko menpekotasuna zein hiesaren nondik norakoak, protagonista bera goitik behera eraldatuko duena, ausaz barrutik kanpotik baino gehiago, esan liteke hein handi batean haren emakumetasunaren inoiz ez baino jabeago, edo gutxienez ordura arte ez bezala, izatera bultzatzen duena. Osagarri guztiokin Uxuek garai haietako Euskal Herriaren errealitate oso ezagun eta gatazkatsua idazpidera ekarriko digu. Eskainiko digu gainera idazkera txit txukuna, zalua eta batez ere gardena, non barne gogoetak zein elkarrizketak ezin hobeto uztartzen diren testua benetan atsegina bilakatuz, dela euskara benetan goxo eta zehatza darabilelako, dela solasetan aparteko trebezia erakutsi duelako, bertan kontatzen edo jorratzen diren gai benetan gordinak, mamitsuak eta batez ere eztabaidagarriak arinago irensteko dezente laguntzen duena.
Edozelan ere, liburu honen gai nagusia identitatea da, Nagore Vargas protagonistarena etengabeko aldaketan urteak pasa ahala, zein, ez baldin bada euskal gizarte osoaren metafora, baden ordea euskal gazteria oso zehatz batena, ezker abertzaleko militantzian konprometitutakoa hain zuzen. Alde horretatik, zer esanik ez, egilearen asmoa izanda ala ez, ez dakidala, hau da euskaldun gehienok pairatu ditugu garai haiei buruzko eta ditxosozko errelatoaren beste aldaera bat, kasu honetan ETAk eta bere aldekoek gauzatu nahi zuten iraultza edo askapenaren nondik norakoekin lotuta, borroka horri aurre egitearen ondorioak idazpide dituena euskal gizateria oso zehatz horren kide zein adibide ezin hobea den Nagore Vargas pertsonaiarengan islatua beraren gorabehera pertsonal, politiko edota sentimental guztiekin batera. Esan bezala, oso kontakizun gozoa, zolia eta zorrotza, ez dago dudarik Uxue Alberdik berebiziko idazle sena duenik, aldez aurretik ondo asko erakutsia gainera. Halere, badugu hemen beste behin ere lubaki lekukotza bat, hau da, lubakiaren alde batetik bakarrik jorratutako istorio bat, non protagonistak bere inguruko nondik norakoez etengabe gogoeta egiten duen, bai, gauza pila kolokan jartzen du hausnarrean egin eta gero, baina betiere bere mundutik irten gabe, inolako enpatia ariketarik egiteke berak ere betidanik nozitu egin duen bortizkeriaren beste errudun horiek, ETAkoek, aurreko lubakikoen artean eragindako min edota kalteari buruz gogoeta egite aldera. Baina bai, aitortzen dut, beharbada ez litzateke sinesgarria, ezin da espero Janisjoplin bezalako pertsonaiaren aldetik, hainbat hamarkadetan ezin espero bezala bere sokako gehienenetik ere. Alde horretatik, beraz, ezin zaio ezer leporatu idazleari bere asmoa orduko euskal gazte prototipo horrekin ahalik eta zintzoen izatea izan baldin bada. Jakin badakigu euskal gizartearen zati handi bat aipatutako enpatia ariketa egiteko inoiz gauza izan ez dela, gaur egun ere gauza ez den bezala ETAk armak utzi eta berriki deuseztatu eta gero. Esan dezagun idazkera hiperrealistatearen ajeak edo mugak direla, zeren zenbat eta kontakizun errealistagoa taxutu nahi, orduan eta gordinagoa aterako zaizu. Eta horrexegatik nago errealismoak ez duela balio euskal gizarteak azken hamarkadotan jasan dugun zoramena, ez dakit eldarnio hitza edo askoren partetik behintzat bestearekiko soraiotasuna ere aipatzea, taldekeriaren ajeak gabe idazteko. Dena hain zentzugabekoa izan da, ezen egiazko errelato zintzo eta batez ere eskuzabal bat burutzeko absurdora jo behar baikenuke ezinbestez.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres