kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Keinu konplizeak / Karlos Cid Abasolo / Susa, 2018

Ikonoklastaren ajeak Igor Estankona / Argia, 2018-05-20

Ez dakit hau den Leire Lopez Ziluagak Susako editore lanak hartu dituenetik orraztu, begiratu, zuzendu duen lehen liburua. Argitaletxeen barneko kontuok ez dakizkit. Dena dela, erraza behar zuen izan edizio lanak: Karlos Cid Abasolok argi dauka pieza bakoitzari zer itxura eman, zer erritmo, zer hitz aukeratu. Itzultzaile ibili da Hasekena, Holubena, Kunderarena.

Berezkoa dauka. Gogorra dena itxuraz poesia egiteko bere modu xamurra da. Eta nobleak dira bere amorruak, garbia bere begirada: “Oihu egin gabe gelditu ziren/ ilarakoak,/ eman gabe gelditu da/ bart gaueko musu arrotza/gaua hustu ez zedin/ akaso,/ putzuz bete zedin/ igual”.

Hizkuntzaren hibridismoa bezala kulturaren hibridismoa ere kritikatzen du idazleak —“sama moztuko nioke,/ bai,/ porrusalda porruz egiten dela/ aldarrikatzen duen/ edozein fariseuri”— baina badauka asmo bat zabala, asmo bat multikulturala, zapore bat garamatzana orain Lisboara, orain Pragara, folklorearen aurka baina euskalduntasunaren alde.

Lan honetan poeta hasiberria aurkituko duzu, poeta heldua aurkituko duzu. Indiferente behintzat ez zaitu utziko. Lehen aldiz paper batean zirriborroak egiten ari den idazlea kausitu dut uneka orrialdeotan, zorakeria puntu horrekin, emozioak ezin ostenduz.

Darabiltzan lanabesak dira ironia eta paradoxa, errespetu falta eta metafora aski ezagunen errebisioa: “Eskuak ebakiko dizkidate,/ eta besoarekin defendituko dut Pretty Woman”. Horrek guztiak bihurtzen du Keinu konplizeak sano obra bizia, sorpresaz beterikoa eta aberatsa. Eta hain zuzen horrek guztiak egiten du nabarmenegia, baragarria.

Liburu hau jolas antzeko bat da, zeinean poesiaren asmo gorenak eta xelebrekeria inozenteenak jartzen diren parez pare: “Baldin eta egingo bazenu/ poema liburu hau erosteko/ keinu heroikoa”. Karlos Cid Abasoloren asmoa da ikusaraztea zenbat txori daukagun buruan, kapaz da materiala sortzeko eguneroko keinuetan arakatuz, eta kapaz da zoriona aurkitzeko gauza naifenetan. Liberatzeko idazten du, maitemintzeko idazten du. Gauza da hortik liberatzera, hortik maitemintzera, bide handia dagoela.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak