kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera / Gorka Mercero / Labayru, 2017

Ene motzean, eta uste zuloan Mikel Asurmendi / argia.eus, 2018-02-23

Liburua helarazi zidaten, baita iruzkin bat egiteko gonbidapena ere. Eskertzekoa da eskaera. Iruzkin hutsa egiteari muzin egin ohi diot, alta bada, iritzi taxuzkoa ematea, zinez zaila zait.

Liburuak lantzen duen gaia konplexua da. Lerroburuak aditzera ematen digu, diodanaren heina: Mundu ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesera.

Are, gaia baino gaiak dira: “Esentzialismotik antiesentzilismora”. “Esentzialismoa vs existentzialismoa”. Modernismoa eta postmodernismoa. Versus & versus.

Horiek guztiak gutxi bailiran, saiogileak 2. Atalean, Obabakoak, edo subalternitatea kritikarien begiradan soilik ageri denean gaia landu du. Euskal narratibaren mundu-ikuskerak aztertu eta sailkatu ditu, esentzialismotik anti-esentzialismora doan espektroan, teoria postmodernistak baliatuz. Alegia deus ez.

Zeregin horretan, Bernardo Atxaga vs Joseba Gabilondoren arteko konfrontazioa hartu du hizpide, Gorka Mercerok Atxagaren alde egin du. Gabilondoren kritika guztiz bidegabea dela dio, baita sakonki argudiatu ere.

Horiek horrela, liburuaren kontrazalean joan ohi doan deskripzioa edota aipuren bat egitera mugatuko al naiz? Hori egiten ere jakin behar da, eta nik jakin ez. Saia nadin, bestelako zerbait esaten.

Gabilondok euskal literaturak aro post-nazionala iritsi duela irizten du. Euskal nazioa narrazio egoki baten bidez ahaldundu beharrean, ahuldu dela dio. Obabakoak obraren harian erran ere. Gabilondok Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria hobetsiz, XXI. mendeko euskal literaturaren eredutzat jotzen du berau.

Mercero ez da iritzi berekoa, ezta urririk ere. Saiogileak post-modernismoa-ri loturik bide dagoen mundu-ikuskera antiesistentzialista aldarrikatzen du saioan. Hartara, Gabilondok ez ezik, Ur Apalategik eta Ibai Atutxak Obabakoak —Atxagaren lana gutxietsi dute, saiogilearen gardiz— gutxiesteko erabilitako argudioen aurka egin du. Atxagak Obabakoak-en gauzatu mundu-ikuskerak “mito vs arrazoi” oposizio bitarra nola deskonstruitu landu eta azaldu du.

Habermas, Laclau, Lyotard, Derrida, Saussurre eta pentsalari abar izan ditu bidaide. Ez da samurra Gorka Merceroren emana laburbiltzea. Ez gaizki azalduta dagoelako, aitzitik, ondo baino hobeto idatzita dago. Saio sakona eta joria da berea.

Hitz laburrean, hona bere ondorioetako bat: mundu-ikuskeraren deskontrukzio-tik mundu beraren testuinguruaren diferentziala zer den agertu eta esplikatu du. Bere aburuz, identitatearen kontzeptuari ezin diogu modu tinkoan eutsi, identitate puruak edo berberatasuna-ren ideia ilusio hutsa baitira. Beti dago, ezagutzatik at geraturako bestetasun-ik. Mercerok dioenez, “ezagutza ezin da absolutua izan, interpretazioak daude”.

Modernismoa eta postmodernismoa aldezten ditu, eta biek ala biek, elkarren segidan, adierazle komunak dituztela argudiatu ere. Halaber —ene motzean diot—, esentzialismoa eta existentzialismoa —modernismoa eta postmodernismo ismo jarraikorren legez— kontrajarriak baino osagarriak direla adierazi ere. Hor nonbait!

Euskal narratiba garaikidea esentzialismotik antiesentzialismora bide egin du, eta ibilbide horretan pentsabide moderno “teleologikoa”-k —telos da saioaren hitz gakoetako bat: helmuga edota horizontea— zenbateraino barneratu duen postidentitatearen promes paradoxikoa azalarazi du.

Hara, liburua nik azaldutakoa baino askoz gehiago da. Ez ditu soilik Atxagaren eta Saizarbitoriaren lanak aztergai, beste idazle esanguratsuen lanek eta gaiek ere tokia dute saio honetan.

Gorka Mercerok Postidentitatearen promesa-z jardun du gibel-solasean, eta neroni ere gibel-solasa egin beharrean nago. Salomoniko samar eta aski motza begitantzen zait jada:

Literaturaz ari garelarik, bi kontzepzio nahasten dira: literatura eta estra-literatura. Estra-literatura literaturaren gehigarria da, aparte garatzen dena. Literaturaz harago doa, literaturaz at dago.

Hartara, edo nolabait, literaturaren esentzia eta existentzia kontrajartzen dira. Literatura vs sistema. Sistema & Literatura. Sistema literarioa vs sistema politikoa eta ideologikoa. Finean, literatura vs literatura.

Ordea, neronek ez dut “Martutene versus Obabakoak” antzematen, bi obrak euskal narratibaren ikuskera osagarriak legez baizik. Esentzia eta existentzia ez dira kontrakarrean.

Literatura, nire uste zuloan, berez da autonomoa eta burujabea. Literatura berez manifestatzen da. Sistemak ezin du obra baten kalitatea ezbaian ez auzitan ipini, berez eta artez. Besterik da, obraren ibilbidearen ondorioz egile bakoitzaren bilakabidea, baita haren obraren bilakaera eta garapena.

Ene motzean eta uste zuloan, berbarako, niri ezinezkoa zait Obabakoak maisu lana eta Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao lana hein berekotzat jotzea. Hala nola, Atxagaren ondorengo obrak —salbuespenik salbuespen— Obabakoak-en hein eta mailako berekoak izatea.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak