kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Biennale / Beatriz Chivite / Erein, 2017

Etorkizuneko goizak Peru Iparragirre / Berria, 2018-02-18

Poeta oparo eta saritua da Beatriz Chivite Ezkieta (Iruñea, 1991). Pekineko kea poema bildumarekin Iruñeko Udalak antolatutako Poesia Lehiaketa irabazi zuen 2012an iaz argitaratu zuen liburua Pamiela argitaletxeak; 2014ko Ernestina Champourcin XXV. Poesia Lehiaketa eta 2015eko Lauaxeta Saria eraman zituen Metro poemarioarekin; Biennale lanarekin jaso zuen Blas de Otero – Bilbo Uria nazioarteko IX. Poesia Lehiaketa. Bestalde, 2017an Beste Hitzak (Other Words) egonaldiaren baitan Mariborren (Eslovenia) idatzitako Mugagabea poema bilduma dagoeneko irakurgai dago sarean.

Eugenio Montale poeta italiarraren aipu batek ematen dio hasiera Biennale (Erein, 2017) liburuari, itsasontziak bezala amarratutako etorkizuneko goizak auguratuz. Venezia idealizatuaren kanal ertzetan imajinatu ditzakegu gondolak, etorkizunaren aiduru. Baina datozen goizak ez dira Venezian bakarrik argitzen, Londres, Katmandu, Edinburgo, Pekin ere aipatzen baitira liburuan. Chiviteren aurreko liburuetan bezala, Hiria da poemen agertoki nagusia. Hiriaren irudi idealizatuaren aurrean, ordea, poetaren esperientzia kokatu eta konkretuak dira kontatzen direnak, hiriarekin kontrajartzen den subjektuarenak. Izan ere, deserria ere bada hiria, non gertuko harremanen azalekotasunak eta egonkorragoen distantziak talka egiten duten. Ohikoak bilakatu zaizkigun komunikazio baliabideen berehalakotasunaren faltsutasunaz ere ari da batzuetan, bizitza birtualen balioa zalantzan jarriz.

Artea da liburuaren funtsezko beste zutabea. Izenburutik hasi eta poetak arteari buruz, orokorrean, egiten dituen gogoetetaraino, bilduma zeharkatzen du arteak. Hainbat margolari eta eskultoreren izenak dituzte izenburutzat hainbat poemak, zeinetan haien artelanek sortutako inpresioak edo oroitzapenak irudikatzen diren. Inspirazio iturri eta ihesbide bilakatzen da artea bera azkenean, errealitatea zalantzan jartzeko eta betikotzeko tresna sorkuntza.

Bestelako hausnarketak eta esperimentazioak ere badira liburuan: politiko-sozialak, filosofikoak eta filologikoak, besteak beste. Pekineko kea liburuan darabilen hizkuntzen jokoari jarraipena ematen dio liburu honetan Chivitek, poema batzuetan hainbat hizkuntza era naturalean elkarren segidan erabili eta mundu ikuskera forma anitzeko bat iradokiz: nahasia baino, konplexua; lehen kolpean ulertzea kostatu arren, berriz atzera itzultzea merezi duena. Inpresio bera sakontzen laguntzen dute hizpide ametsak dituzten poemek. Atmosfera oniriko erako hori da liburuan nagusi, egunerokotasuna bera normaltasun monotonotik atera eta kasualitate eta konexio inkontziente askoren emaitza ere badelako irudipena emanez, ertz eta aukera anitzekoa.

Ez da dena eder eta idiliko, noski; Biennale ez da liburu xaloa. Praktiketako gazte prekarioaren bizitzaz ere ari da, hiri idealizatuen fatxadaren atzean dagoenaz, edertasuna poetikotasuna, behintzat bazterretan ere topatuz eta batzuetan besterik gabe zikina dena ere erakutsiz, salatuz. Soiltasunez eta intuizio estetiko indartsuz bizitza eta mundua poesiaren bidez kontatzeko abilezia duela erakutsi du berriz Chivitek.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak