kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Gerrak ez du emakume aurpegirik / Svetlana Aleksievitx (Iker Sancho) / Elkar, 2017

Ahots arrunt lazgarriak Hasier Rekondo / Deia, 2017-09-02

Gerrak emakume aurpegirik izan ez arren, Svetlana Aleksievitx-ek (Stanislav, Ukrainia, 1948) Sobiet Batasunaren eta Nazien Alemaniaren arteko gerrako emakume errusiar arrunten ahotsa jaso du. Iker Sanchok ekarri du euskarara emakume apalen errusiera eta egilearen sintaxi orekatua. Horrela bada, 2015eko Nobel Saridun bielorrusiarrak emakumeen ahotsa, memoriaz zizelkatua, kazetaritzaren bidez berpiztu daitekeela egiaztatu nahi digu.

Nobel saria bera jaso zuenean ere eztabaida antzu bera irakurri behar izan genuen komunikabideetan: Aleksievitx-ek egiten zuen kazetaritza literatura ote zen? Ditxosozko Nobel Saria merezi ote zuen? Liburu honek argi agertuko du kazetaritza onak literatura ona ondorioztatzen duela. Kazetaria den aldetik jaso egiten du, baina ikuspuntuak eta ahotsok interpretatzeko sakontasunak literario bihurtuko du.

“Ahotsak… Dozenaka ahots… Gainera etorri zitzaizkidan, ezohiko egia bat azeleratuz. Eta egia hura jada ez zen kabitzen haurtzarotik ezagutzen dugun Garaipena lortu dugu formula labur horretan”. Kontrajarria lirudikeen arren, jorratzen dituen gaiak kontuan izanda, Aleksievitx-ek nolabaiteko naiftasuna agertzen du bere idatzi ia guztietan.

Liburu honen jatorrizkoa 1985. urtean idatzitakoa da (Berlingo harresiaren adreiluak erori gabeak ziren), eta orduan ere, erortzear zen sistema herdoildu baten barruan, kazetaritzak errealitatea eralda dezakeenaren uste sendoa agertzen zuen. Bai garai hartan bai egun, kazetaritza onaren zantzuak ikuspuntu ez objektibo baten oinarrietan sustraitzen baitira. Aleksievitxen kasuan, grabagailu gisa diharduen oroimenaren bidez, historia oflzialak ezabatu emakumeok, askotan emakumeek eurek onartu rolengatik, berriro ekarriko ditu bizitzara.

Apika, liburuari jar diezaiokegun baina bakarra testigantza andanari dagokio. Aleksievitx-en prosa eta pentsamendua lehen planoan izan beharrean, kazetaritzak inposatzen duen testigantzen berri etengabe eman behar horrek liburua lar zamatzen baitu. Eta ahots bakoitza ezberdina izanagatik ere, askotan errepikakorra suerta daitezke, egileak gai oro jorratu nahi baititu: heriotza, sufrimendua, lotsa, gosea, gerra, sufrimendua, emakumeen bazterketa, erregimen totalitario baten kontraesanak etab. luze bat.

“Zer da hobekien gogoratzen dudana? Askotan zer gertatzen ari den ulertzen ez duen pertsonaren ahots apala”, diosku bielorrusiarrak. Atal horretan bertan, Olga Jakovlevna Omeltxenko infanteria-konpainiako osasun-langilearen testigantza lazgarria jasotzen du. Halere, testigantzak krudeltasun zentzugabea islatuko du bere gordinean, bada, distantziak leundu dezake irakurleak aurrera egitea, esaterako ama bat alabaz lotsatzen denean gerrako frentetik ihes egin duelako, eta etxetik botatzen duenean lotsa isuna ez ordaintzearren, alaba gosez edo tiro batez hil daitekeela jakin dakien arren. Alta bada, egileak berak emango digu gerraren aurrean gizakiak duen irtenbide bakarra: “gizakia maitatzea. Gizakia maitasunaren bidez ulertzea”.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak