kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Estalien gradora / Joxe Austin Arrieta / Txalaparta, 2016

“Memory Dump” (bis) Edorta Jimenez / Deia, 2016-12-10

Mikel Lasaren lan guztien bildumari —EHUk 1993an argitaratuari, hain zuzen—, Memory dump (1960-1990) izena eman zioten, hots, Memoria hustuketa, horixe esan nahi baitu ingelesezko terminoak informatikaren unibertsoan. Bada hori berori izan da —Memory dump— Joxe Austin Arrietaren azken liburua hilabetez eskuartean ibili ostean bat-batean etorri zaidana. Estalien gradora da liburua (Txalaparta) eta nago memoria hustuketaren zera guztiaren nondik norakoaren gakoa zertan den adierazteko balio duela. Eztabaida baikenezake liburua zer den, poesia ala prosa, edo bakarrizketa/elkarrizketa antzezgarriak ez ote diren testuetako batzuk, beste batzuk ostera egilearen egunerokotik aldaturiko oharrak-edo izan litezkeen lege berean. Ez dut uste horretara urrun irits gintezkeenik. Memoriaren hustuketa terminoa onartuz gero, ostera, sailkapenen premiarik ez. Eta hobe, bakanen artekoa baita Estalien gradora hau.

Memoriaren hustuketa honen atarian Joxe Austin Arrietak aipu bi ipini ditu. Txirritarena da bata, Federiko Krutwigi hartua bestea. Argigarri egin zaidana bigarrena izan da, Bulharraren labyrinthua izeneko olerkia. Argigarria dela diot, liburua bera zer den dioskulako: labirintoa. Eta argigarria, era berean, haren poesiaren lorratza galdua dela dirudien Krutwig gogora ekartzearren. Idazleak balizko irakurlearekin sinatu beharreko ituna izaten da eta, hara non Getxokoak proposatu zuenak ez du aurrera egin. Arrietak proposatu diguna ere ez da denontzako ituna. Ituna zertan litzatekeen, polo bana legez funtzionatzen duten aipu bien artean egin litekeen marrak laburbiltzen duelakoan nago: euskara guztia, euskara guztiak. “Iru reloju, iruna kate, iru mallakin bakoitza, buruan berriz iru korona petxuan iru orratza (…)” (Il da Canovas), horra Txirritaren poloa. Krutwigena arestian aipatu dugu.

Behin frogatu dut labirinto fisikoaren esperientzia. Jolas modura hartuta ere aztoragarria izan zen. Handik kanpora atera egin behar izan ninduten. Estalien gradora den labirintoan ez dago horren beldurrik. Bazterrean utz daiteke, eta kito. Ez da izan nire kasua.

Eman dezagun, bada, Estalien gradora Joxe Austin Arrietaren memoria hustuketa labirintikoa dela, 2000. urtean egiten hasia, antza denez. Eta horrexegatik ditu baita ere egunerokoaren edo ohar liburuen ezaugarrietako batzuk. Nolanahi ere, liburuaren atzeko azalean idazlearen beraren aipua dakar, “hau poesia da” dioena. Bada, ez dugu ohiko galdera hona ekarriko, zera, “poesia, zer da?”. Alferrik litzateke. Haatik, poesia Arrietak zeri deritzon, beste hizkuntzetako poeta batzuk itzuliz eta liburura ekarriz erakutsi dizkigu lorratzen batzuk. Beude erreferentziatzat. Eta bego atal hori irakurlea labirinto honen eraikitzearen zailaz ohartarazteko.

Azkenik, labirintoan ibiltzeko, Estalien gradora —alegiazko Estalingradora?— iristeko, idazleak irakurleari proposatu dion ituna: “Zoazte. Literaturarik ez. Hau poesia da”. Horren ordez, nik neuk, “hau literatura da” diot, eta sinatzen dut.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak