kritiken hemeroteka

8.376 kritika

« | »

Hamlet / William Shakespeare (Juan Garzia Garmendia) / Ibaizabal, 2002

Ez dok ehun, Hamlet! Karlos del Olmo / Euskaldunon Egunkaria, 2002-12-14

Eta ez dok ehun, Hamlet, ez! Katea ez da eten eta, zorionez, Literatura Unibertsala bildumak ehungarren alea erdietsi du, eta izan lezakeen aitabitxirik egokienaren eskutik lortu ere du, alegia, Bardo Unibertsala lagun. Eta, horiek horrela, izan ote liteke Juan Garzia Garmendia baino enbaxadore egokiagorik? Soneto hautatuak eskainiak zizkigun lehendik. Eta Borgesen Ipuin hautatuak. Ez dago zer gaineraturik. Letra zaurituek ondo dakite zilborreste ikusezin moduko batek lotzen dituela William eta Jorge Luis. Eta Juanek horiek biak euskaraz trebe ere trebe kateatu ditu. On bada, benturaz; on ez bada, azturaz.

Inoiz ez diogu behar beste eskertuko Literatura Unibertsalari azken urteotan literatura dramatikoari aitortu dion itzala. Egingo ote diote txanda argitaletxe arruntek literatura dramatikoari beren bildumetan? Gogoratuko al dira gure agintari politikoak literatura dramatikoarekin? Tragikomedia ederra idatziko zuen gaurko euskal teatroaren gainean halako bardoak, inork argitaratuko edo antzeztuko balio, jakina!

Hamlet bide dugu literaturan izan den pertsonaiarik malerusena. Nork ez du “Izan ala ez izan, horra hor auzia!” esakunea ezagutzen? Zenbatek irakurri du, ordea, lana oso-osorik? Eta baten batek antzezpena osorik ikusi? Ikus-entzunezko garai hauetan, gutxien-gutxienez, zine bertsioetako batera jotzea dago, bederik! Kritikari batzuek Hamlet jartzen dute Bibliaren pareko lehiakide bakartzat, halako liburu sakratu sekulartzat joa.

Shakespeareren lanei dagokienez, hautu bat egongo da beti begi aurrean izan ala ez izan: letrei, esanei berei eustea edo horien interpretazioak egiten jardutea. Halakok egingo ditu bardoaren lanen interpretazio feminista, gay, proletario, arrazismoaren aurkakoa… Bestelakok lanotan topatuko ditu munduan izan eta izango diren gertaera zein giza eta eme basakeria guztiak. Billy berebizikoa izan zen pertsonen sentipen eta arketipo mota batzuk oholtzara erakartzen. Haren handia ez datza sentimenduetan beraietan, literatura dramatiko bihurtzeko moduan baino. Suizidiorako joera eta erromantizismoa baziren izan Hamlet printzearen aurretik, antzezlan horretatik aurrera, ordea, unibertsal bihurtuko dira. Egun, haren idatziek erabilgarri diraute, irakurleari artez ematen diote bere burua ezagutzeko bidea, bizitzan jarduteko ildoa.

Gai asko jorratzen ditu: bakardadea, maitasuna, adiskidetasuna, traizioa, gaitzespena, familia, gizarte arauak… eta mendekua, jakina. Hori dena, ordea, manikeismoetatik urrun, pertsonaiak pertsona sinesgarri dira-eta, ezen ez lau eta alde bakarrekoak. Oso aire moderno eta gaur egungoa du antzerki honek bere aspaldikotasunean. Izan ere, obraren barnean beste antzerki bat jokatuko dute pertsonaiok. Fikzioa fikzioaren gainean. Antzerkia antzerkiaren gainean. Ondorioa, fikzioa bilakatuko da egia.

Itzulpengintzaren aldetik, halaxe aitortzen du Juan Garziak berak liburu sarreran, oso lantegi zaila da Hamlet. Neke horretan aldeko izan du abantailatxoren bat: euskaraz lehendik beste bi bertsio ezagun izatea. Eta, hala behar eta!, batetik bestera ia belaunaldi bat tarte. Bakanetan izaten da horrelako aukerarik euskal itzulpengintzan, idazlan beraren hiru bertsio, zein baino zein eredugarriago bere joeran! Edizio kritikoak baliatu ditu Juan Garziak, baina ez du edizio kritikorik paratu, nahiz eta, gozagarri, beste bertsio bateko zatiak erantsi dituen, oharrak bitarte. Batu estandar garbiarekin batera, bestelako joko batzuk ere, esaterako, tratamenduetan agertzen den olgeta modukoa. Hitzaurrea beti irakurri behar diren arren, honako honetan ezinbestekoa da. Ekialdeko sintaxi manera halako bat darabil, mendebaldeko irakurlearengan klasikoen sona piztearren, ekialdekoek, apika, hurbilago senti badezakete ere. Prosa eta bertsoa bereizten —bietatik baitu antzezlanak—, nori berea ordaintzen ahalegin eskerga bezain zamatsua hartu du lepoan Juan Garzia “zeharsortzaileak”. Zer behar da gehiago?

Alderdi formal hutsetik, esku artean erabili dugun liburuan, hankabiko gehienen obrek zor ei duten legez, tatxa mekanografiko edo tipografiko txikiren bat edo beste agertzen da. Huskeriak, azken buruan. Beste alde, hona hemen askatu beharreko korapilo bat liburuetara gauza gordeen bila doanarentzat: zergatik jotzen ditu erlojuak hamaikak euskaraz ingelesez hamabiak jotzen dituela?

Borgesen aburuz, Shakespeare ezein gizakiren antzekoa zen, baina ez zuen, ordea, gainerako gizakien itxurarik. Ekanduta ei zegoen beste edonor zela antzezten, inortxo ez zela kontura ez zitezen. Dena eta ezereza, bitzuak bereganatzen zituen beregan. Tragediarik handiena, idazlearena. Zer jazotzen zaio egileari agertokiko oihala jausten denean? Irrealtasunak atzaparretan hartzen duela, izateari ere uzten diola. Horra hor zergatik iraun behar duen idazten, itzultzen, horra hor zeren diharduen behin eta berriro mozorroak asmatzen.

“Gainerakoz, isiltasun”.

Azken kritikak

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith

Nagore Fernandez

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Joxe Aldasoro

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Mikel Asurmendi

Rifqa
Mohammed el-Kurd

Irati Majuelo

Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta

Aiora Sampedro

Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban

Mikel Asurmendi

Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka

Asier Urkiza

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia

Nagore Fernandez

Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate

Jon Jimenez

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Hasier Rekondo

Detaile xume bat
Adania Shibli

Irati Majuelo

Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

Hedabideak