kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Poesia kaiera / Eugenio Montale (Anjel Lertxundi) / Susa, 2015

Montale ‘infinito’ Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-11-22

Eugenio Montale (1896-1981) XX. mendeko italiar poesiaren goien graduan dago, Ungaretti, Saba edo Quasimodorekin batera. Are gehiago, poesia modernoan, oro har, izen handia da Montalerena (Nobel Saria 1975ean). Hala ere, euskal literaturara ez da iritsi haren oihartzun handirik, eta Munduko Poesia Kaierak bildumarako Anjel Lertxundik itzulitako hauxe da Montaleren poesiaren lehen agerpen sendoa.

Poeta zorrotza zen Montale: ez dauka obra bereziki ugaria, baina erabat zaindua da, fin-fin lantzen baitzuen poemaren ertz oro. “Poeta izatea ez da meritua”, idatzi zuen, “berezko bizio bat baizik ez da. Beldurrez eramaten den zama”.

Bi aro nagusi bereizten dituzte adituek Montaleren obran. Lehena, laudatuena, hermetismoan kokatzen da: kutsu filosofikoko poesia da, metafisikoa maiz, eta zentzua modu itxian aurkezten du. Garai horretakoak dira Montaleren Txibia-hezurra (1925) edo Ekaitza eta beste (1956). Lehen poemategiek batasun handia dute, baina irakurlearentzat itxi samarrak ere badira. Sintaxia konplikatua da, menpeko perpaus luzeekikoa, eta lexikoa ere ez da nolanahikoa, erlazio semantiko zainduetan loratzen baita. 1971n, Satura poemategiak (nolabait, aniztasuna eta satira) mugarri bat jarri zuen poetaren ibilbidean. Orduz gero haren poesia ez da hain tapitua, narratiboagoa da, eta adierrazagoa ere bai. Antologia honetan, poema gehienak bigarren fase horretakoak dira.

Gazterik azaleratu zen Montaleren gogoeta eta bakardaderako joera, eta poesian islatu zuen “male di vivere” delakoa, Annecyren lakua bezalako poemetan. Askotan ihesbide bakarra “zu” femenino batek gorpuzten du; honela idazten du Xenia-n: “Zure hitz hain baldar eta zuhurtasun gutxikoa da/ orain asetzen nauen bakarra”. Iruditeria aberats eta sentikorra sortzen du poetak: ludiaren behaketan plazer hartzen du, eta itsasoaren zakarkeria eta limoien usaina hunkigarri zaizkio. Baina modernista gehienek bezala, behera behar du, “hiri zalapartari”-ra, nondik zerua ez den puskaka baizik ikusten.

Montale musikan aditua zen, eta poesiari buruz bat etorriko zen Verlainerekin: “De la musique avant toute chose”. Hitzen musika lortu nahi zuen, edo, bere hitzetan, musika hitzez egina. Ez da harritzekoa, beraz, metrika, errima eta hoskidetasuna oso zainduak izatea; halaxe, adibidez, Euria ari du poeman: tantaka bezala doa, edukiaren eta formaren zentzuak uztartuz.

Lertxundiren itzulpena ona da ene ustez. Metrikari eta errimari uko egin behar izan die (nola egin bestela?), baina Montaleren poesiak bezala, itzulpenak ere badauka aire klasiko eta hertsi bat (hala sintaxian nola lexikoan), eta horrela behar du nirekiko. Baliokidetza eta musikaltasuna lortzeko ahalegina ere sumatzen ahal da; adibide bat: jatorrizko “la luce si fa avara, amara l’anima” bilakatu da “argia da bihurtzen zikoitza, mingoitza arima”. Besteak beste, Mediterraneoa poema antologikoaren itzulpena azpimarra daiteke.

Montaleren poesia konplexua bezain aberatsa da, formalki oso landua. Poetak berak esana da: “Poesian funtsa ez du edukiak/ baizik Formak”. Eta irakurleak sumatzen du gaiaren eta formaren oreka justua, poemen batasuna eta indarra, hitzez hitz osatzen den mundu poetikoaren sendotasuna: mundu ia mugagabea…

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak