kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Historia, arraza, nazioa / Joxe Azurmendi / Elkar, 2014

Zer den egungo nazioa?: estatuen kredo filosofikoa Mikel Asurmendi / argia.eus, 2015-11-25

Historia, arraza, nazioa liburuak jaso du Saiakeraren Euskadi Saria, baita bere egile Joxe Azurmendik merezita jaso ere. Alta bada, 600 orrialde luzeko saio gotor honek ez du apenas kritikarik ukan, literatur zirkuluetan bederen kritika urri jaso du. Esanguratsua da, ezta? Zergatik ote? Erantzuna ez da samurra. Liburuaren erreseina egin aitzin, sar-hitza gisako laburra eginen dut hartara.

Hitzaurre gisa: Entsegua, eta areago, Historia, arraza, nazioa tamainako saioa ez dago bogan. Literaturgintzan nahiz orobat gure bizitzan “pentsamendua” ez dago historiaren une gorenetan. Herritar xumeek edo arruntek ez irakurtzea, jaidura konstantea izan dela historian pentsu dut, baina, berbarako, “gure” politikariek irakurtzen ote dute tamainako libururik? Hots, ezagutzen dute gure historia —Europako historia— gobernatzen gaituztenek? “Gure” erratean, euskal politikariez ari naiz bereziki. Galderak betiere.

Historia: Historia liburua da Joxe Azurmendirena. XIX. eta XX. mendeak ditu hizpide, egungo Europa ezagutzeko ezinbestekoak. Bistan da, historiaren lagin tipia da. Bereziki eta oroz gainetik, Ernest Renan-en pentsamenduari buruzko —frantziar nazionalismoaz— hausnarketa sakona eta luzea egin du Azurmendi pentsalariak. Nago baina, XXI. mendean —historia aurreko eta osteko mendemuga— historia ez ote den ahanzturan geratu. Gizateriaren historia luzea da —gerrak eta iraultzak tarteko, besteak beste— , eta gaur egungo gizabanakook denbora kontzebitzeko eta berau kudeatzeko dugun manerak ez digu berean erreparatzeko betarik uzten, eta are gutxiago bereaz jabetzeko abagunerik. Ausarki erranen dut: Europako egungo herritarrok ez dakigu nondik gatozen, eta are gutxiago nora goazen. Edo ez dugu jakin nahi. Ziur aski, historian barrena halaxe izan da beti, eliteek baino ez dute garenaren ideia jantzirik izan, alabaina, iragan mendetako pertsonen izana, nortasuna edo identitatea —beren ezjakintasunean— egungoen baino finkatuagoak zirelakoan nago. Hona liburua irakurri ondorengo ondorioetako bat —Azurmendiri ongi ulertu badiot: egungo gizabanako “ikasia”k gaizki ulertze ugari barneratu ditu, eta gaizki eraikitako identitatea bizi du.

Nazioa: Azurmendiren ekarpenaren arabera, ez dago nazioaren kontzeptu bakarra, nazionalismora hurbilketa kontzeptual diferenteak baizik. Ez dago nazionalismo bakarra, hainbat dira nazionalismoak, ezta berauen teoria unibertsal bakarra ere, partzialak baizik. Alabaina, denak dira euro-zentrikoak. Renan bretoiaren bizitza malkartsu eta gora-behartsuaren ibilbidea sakonetik jorratu du saiogileak. Hona ondorio bat: “Renan erlijioaren historialaria izan da”. Hots, jainkoaren eta erregearen araberako nazioaren ideiak bizitu eta formatu du Renan. Frantziako Iraultzaren ondoan baina, nazio errepublikarraren ideia gailendu da, eta hara, Renan nazionalismo berrituaren eta zibikoaren ideiara “ederki” moldatu da. Moldatzen jakin du, alegia. Erreforma intelektuala eta morala egin du, zinez bihurria, baina egin du, eta Frantzia berriak aise “barkatu” eta onartu du “bere” intelektuala. Renan arrazista izan da, odola eta arraza, erlijioa eta lengoaiaren amalgaman bizi izan du nazioa, baina hara, “mito errepublikarren misioa”aren ardura hartu du. Hartu, teorizatu, garatu, pusatu, ohoratu eta indarrean ezartzen lagundu.

Arraza: Renanen bizitza intelektuala labirintoan barrena gauzatu da. Abiapuntua arrazan dauka, bere kasuan arraza bretoiaren espirituan. Espiritu horrek bere pentsamenduan eragin du jaiotzatik heriotzara bitartean. Aro modernoa iritsi da alabaina, modernia: zientzia eta progresoaren aroa. Modernitatearen filosofia euzozentrista gailendu zen harrez gero, baina gizadiaren kontzeptuan arrazak berebiziko pisua laga zuen ororen buru. Historiaren filosofia arrazista da bereziki, arrazionalizazioa arrazista da oroz gain. Frantziaren esentzia, (Renanen) Frantziaren filosofia eta garaian garaiko izaera nazionalak (gora-beheratsuak) endelegatzeko moldea etniko-arrazista da, arraz(ial)ista (Azurmendiren terminoan), arrazionalista, eta nazio etnikotik elikatua, nahiz eta nazio zibiko modernoak hori gainditutzat (eman) nahi duen. Renan da horren adibidea, antiliberala da izatez, alabaina espiritu liberala goratu du, baina, funtsean, liberalismo politikoa laidotzen du. Iraganeko monarkiaren eta demokraziaren (Errepublikaren) arteko labirinto malkartsuan dabil Renan, baita Frantzia ibili ere. Izan ere, Frantziaren loria eta esentzia, monarkian zeuden, baita Alemaniako nazioaren ideian ere. Iraultzak horiek hankaz gora jarri zituen eta harrezkero Frantziak, hinki-hanka dabil, burua galdurik.

Ondorioa: antigoaleko nazio etnikoaren (Alemaniakoaren esentzia) eta nazio zibikoaren (Frantziakoaren esentzia) ondorengoak gara europarrok. Euskaldun “nazionalistak” barne.

Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk: Horrela dio liburuaren azpi tituluak. Alabaina, topikoak batzuk baino askoz gehiago direlakoan nago. Azurmendik “Zer den nazioa?” eta “Zer ez den nazioa” ataletan, ongi baino hobeto azalarazten ditu Renanen topikoak eta ezarpen moral intelektualak. Errate baterako, intelektualek nazioaren kontzeptua “ederto” moldatu eta egokitu dute boterearen mesedean eta zerbitzuan. Erdi Aroaz geroztik Estatuak eman die nazioei izaera formala. Nafarroa eta Eskozia, berbarako estatu osatu gabeek ez dute nazio izaera ezaguturik. Alsaziaren paradigma nazionala bestalde. Saiogileak berariaz hausnartu du Alsaziaz. Historiak esan —behar izan— digu nazioa zer den, alta, guk historia interpretatzean historiari ematen diogu gu garena esateko haizutasuna edo legitimitatea. Historia anbiguotasun guztizkoaren isla da. Historia memoria da. Historia interpretatzean suntsiketak eta zanpaketak ahanzturaren txokora baztertzen dira edo ditugu. Hots, “nonbait, konkistak ez dira inoiz gertatu”, eta klase diferenteak izan direla aise ahaztu ditugu, alajaina. Estatu gauzatu dutenek “herrien fusioak modu naturalean gauzatu direla” ikasarazi digute. Betebehar horretan, manipulazio historikoa eta mitologia nazionala baitezpadakoak izan dira. Nazioa osatzeko ahanztura eta ez jakintasuna dira —kasurako, mitologia— funtsezko osagaiak.

Aro modernoan, Estatua osatu ostean, gizadia zientziari esker askatu zen Elizatik, honen dogma eta tiraniatik, jainkoaren eskutik ezarritako erregearen —Monarkiatik— menpekotasunetik libratu ere. Haatik, estatua osatu duten nazioak —menpeko nazioez osatuak, fusioz osatuak—, indarkeriaren bidez osatu direla ahaztea eskatzen zaigu jopu unibertsal modernooi, bakearen, segurtasunaren eta egungo demokraziaren parametroen —bere paladinen berbetan, betiere hobetu daitekeen demokraziaren— izenean. Antzina, erlijioaren bitartez —mitoen bidez— eraiki zen sistema modua, estatuko kredo filosofikoen bidez mantentzen da gaur egun, hauen meneko pentsalariak eta filosofoak lagun. Ondorioa: Zer den nazioa? Estatuen kredo filosofikoa.

Epilogoa: Joxe Azurmendiren saio eta pentsamendu hizkuntza euskara da. Zein bestela? Alabaina, saiogileak frantsesa eurrez darabil, espainiera, alemanera eta ingelesaz beste, hauek neurri apalagoan. Renan hizpide izanik, halaxe behar ere. Saioak eskatzen duen arau betiere. (Saio hau ez da salbuespena, bere ohiko jaidura da). Haatik, ez du jardueraren harian bere saioa josteko behar dituen hizkuntzak erabiltzeko inolako ahalkerik eta prejuiziorik. Joxe Azurmendik bere hausnarrean darabilen lengoaia andanaren araberako espresioez osatu ohi du bere lana. Hau da, hizkuntzari dagokionean, beste idazlek eta erudituek aurreiritziak izan ditzakete, berak ez. Euskal akademiak ezarritako arauetan barrena dabil, baina arauetatik lekora aritzen da ausarki. Hartara, bere hizkuntza ez da inola ere murrizturik, behar dituen hitz palabra berba mot ele edo wort/wort aise darabiltza, aiseki eta lotsarik gabe.

Hau erranik, beste hauxe ondorioztatzeko: “Hizkuntza bat nazio bat” delakoa fini da engoitik. Euskara barik ez dago euskal naziorik, prefosta. Hizkuntza soilean ari den bakarra inperio gorena dugu, ondorioz, eta horregatik edo, euskaldunon kasuan nazioa ez da euskara soilean izaterik ez estatua euskara soilean eraikitzerik.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak