« “Lanbas” itzuli da | Etzanarazitako argazkiak »
Mundua betetzen zenuten / Tere Irastortza / Pamiela, 2015
Urraduraren kantua Alex Gurrutxaga / Berria, 2015-11-08
Poetak ahots propioa izatea ez da gauza zaila: nork bere boza dauka. Zaila dena da berau esanguratsua eta interesgarria izatea. Ba halakoxea da Tere Irastortzaren ahots poetikoa. Mundua betetzen zenuten argitaratu du, eta ez du maila literarioan huts egin.
Muin-muineko batasuna dauka liburuak, poema guztiak baitaude aldez edo moldez heriotzaren gaiari lotuta. Izendaezinaz saiakeran (2008) diagnostikoa eman zigun Irastortzak; honelaxe idatzi zuen Hiltzeko beldurra atalean: “Baina gizarteak, indibidualtasun eta utilitarismoan funtsatuz, erabateko bakardadean, biluzik utzi du gizakia, berriz. Jainkorik ezean, eta aldez aurretik Jainkoaren izenean gizartea, talde gisara, desager arazi ondoren, noraeza da, presente egiten dena: hiltzeko beldurra eta bizitzen asmatu ezinarena”.
Hiltzeko beldurra eta bizitzen asmatu ezina, heriotzaren haustura, hilek uzten duten hustasuna eta bizidunaren noraeza: horiexek dira poemategi honen gaiak. Dena agertzen zaigu galkor; tempus fugit, esango genuke topikoarekin, edo vulnerant omnes; eta Irastortzak: “jendeak zirudin/ ale hutsa/ lur-azalean alferrik galtzen”.
Urraduraren kantua da Mundua betetzen zenuten, seguru asko latzagoa eta aldi berean indartsuagoa lehen erdian. Gero ez hain zaurgarria, eta neurri batean baita intentsitatez itzaliagoa ere. Edonola ere, tragikotasunik gabe behatzen du poetak bizitzaren eta heriotzaren arteko muga absolutua, zorionaren eta galeraren banaezintasuna. Eta beharbada seriotasun orekatu horretatik sortzen da poemen efektu gordina. Batetik, ohiko bizimoduaren elementuak daude: arropak tolestu, ogitarako txanponak kontatu, bankutik dirua atera, pasta egosi; egunero jarraitzea, hastea goizero berriz. Eta, bestetik, heriotzaren muga absolutua dago, betiko uztea mundua betetzeari.
Adiskideei, familiakoei, hilei mintzo zaie poeta. Eta galdetzen dio bere buruari, adibidez, “orain hemen ez hagoenez / denean ote hagoen”. Argazkiak ferekatzen ditugu, eta nahi genuke argazkietan daudenek fereka gintzaten. Baina bada kontsolamendurik; pentsatzen dugu “zitekeenak eta izan zenak / bat egin zutela aldi batean behintzat”. Eta, batez ere, edertasuna geratzen zaigu aringarri, poetak esan zuen bezala, edertasunaren neurri bakarrean finkatuta bizi behar baitugu.
Poesia fragmentarioa da Irastortzarena, inoiz iluna eta kriptikoa. Badaude poema narratiboak ere, baina ez da hori joera orokorra. Poesia geldia eta estatikoa da gehienetan; irudi bat, momentu bat, sentipen bat izaten da poemaren zutarria. Gaiaren batasunari poemen arteko harreman eta keinu anitzak gehitzen zaizkie, eta heriotzaren kantari handiei han-hemenkako erreferentzia ttipiren bat ere badago: Tsvietaieva, Rilke edo Szymborska, adibidez. Metrikoki librea da Irastortzaren poesia, eta esaldia eta hitza dira, oro har, erritmoa markatzen dutenak. Nabaria da maiz hitz bakoitzaren pisua.
Ez zaio, mila modutara izendatu arren, heriotzari izena gastatzen. Dena desagertzen da mundutik, heriotza salbu. Baina inperatiboa da bizitzea, eta argitsua da Irastortzaren poemategiaren amaiera. “Dena nerekin da orain”, baieztatzen du: mundua betetzen zutenen eta mundua berritzen duzuenon arteko katean hartzen du zentzua gure bizitzak.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez